Kezka eta haserrea AEBetan

Gorenak abortatzeko eskubidea ezabatuko duen beldurrez, alarma guztiak piztu dira, eta protesta ugari izan dira Washington hiriburuan eta herrialdeko beste zenbait hiritan.

Erabakiaren kontrako protestak izan ziren herenegun Washingtonen. Debekurik ez gure gorputzari esan nahi du afixetan idatzitakoak. URTZI URRUTIKOETXEA.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Auzitegi Gorenaren zirriborroa filtratu, eta berehala piztu zen lurrikara Ameriketako Estatu Batuetan. Washington hiriburuan, gauerdian bertan bildu ziren lehen manifestariak gortearen eraikinaren aurrean. Gero, herenegun, egun osoz iraun zuen protestan, ehunka lagun bildu ziren: hautetsiak, abortatzeko eskubidearen aldeko elkarteetako kideak, baita bestelako erakunde feministetako eta babes taldeetako militanteak ere.

Zenbait manifestarik pertxa bat eraman zuten, jokoan dagoenaren larriaz ohartarazteko: emakumeen osasuna arrisku bizian jarriz etetea haurdunaldiak. Berriz ez zioen kako baten irudia zeukan afixetako batek, eta beste batek galdetzen zuen ea tresna hori bere osasun zerbitzuari zegokion. Ikur horrekin egin zuen protesta Meghan Countsek, esaterako: «Espero dut filtrazio bat baino ez izatea, jendea iratzartzeko balio izatea; horretan geratzea, eta Roeri eustea azkenean». Abortatzeko eskubide konstituzionala da Roe; 1973ko Roe v Wade epaiaren aurrekarian oinarritua. Horri esker, estatuen arau murriztaileen gainetik dago gaur egun eskubide konstituzionala, baina hori baliogabetzen badu Gorenak, estatuen erdiek baino gehiagok galarazi dezakete haurdunaldia etetea.

Gorputza berriz ere borrokaleku bihurtuta, hautuak eta askatasunak hartu zuten protagonismoa Auzitegi Goreneko protestan. Bertan zen abortuaren aurkako manifestari talde txiki baina zaratatsu bat ere. Haien irainen gainetik, «kendu debekuak gure gorputzetatik» izan zen gehien aldarrikatu zen oihuetako bat.

Hizlarietako batek baino gehiagok nabarmendu zuen egun abortua legezkoa dela. Jasmine Clemons Baltimorekoa da. Floridan bizi zela, haurdun geratu zen. «Orduko bikotea eta biok inola ere ez ginen guraso izateko gai; argi izan nuen zer egin». Hala ere, ez ginekologoak, ez unibertsitateko aholkularitzak ez zuen lagundu, eta sei orduko bidaia egin behar izan zuen abortatzeko: «Gorputz autonomiak eta autodeterminazio horrek ahalbidetu zidan egun daukadan bizitza bizitzea. Aborturik izan ezean, ez nituen ikasketak amaituko, ez nintzen harreman toxiko hartatik irtengo. Ez dut inolako damurik, esker oneko naiz, horregatik nago horren haserre auzitegi honek milioika emakumeri egingo dienarekin. Andre zuri aberatsek abortuak izango dituzte. Beti izan dituzte. Ni bezalako emakume beltzak izango gara erabaki horren kalteak sufrituko ditugunak».

Egun, Planned Parenthood erakundean dihardu Clemonsek; ugalketa osasuneko klinika ugari dituzte AEBetan. Gabriela Benazar Acosta elkarteko ordezkariak klinika horietako langileen ziurgabetasuna salatu du: «Texasen iaz hasi ziren, eta beste estatu batzuetara zabaltzen ari da. Legea sartzen da pazientearen eta medikuaren arteko harremanean, eta, medikuak nola lagundu jakin arren, ez diote uzten». Hala ere, abortua legezkoa dela gogorarazi zuen. «Mezu hori helarazi behar da AEBetako hegoaldera eta erdialdera, batez ere. Eta, edozer gertatuta ere, argi izan gure klinikak zabalik egongo direla».

Chicagoko Renee Bracey Shermanek oholtzatik egin zuen: «Altxa eskuak: nork izan du hemen abortu bat?». Eta halaxe erantzun zioten emakume ugarik. Haurdun geratu direla jakin eta abortua behar dutenei ere mintzatu zitzaien: «Hemen gaude zuek babesteko, klinikak irekita mantenduko ditugu, behar bezalako finantzaketa bermatuko diegu, auzitegi horrek esaten duena esaten duela». Abortuari buruzko lekukotza pertsonalak ematen dituen We Testify emakume elkartearen sortzaile da Sherman. Texasko MJ Flores zuen aldamenean bere esperientzia kontatzeko: «Eskubidearen aldeko nintzen, baina ez nuen inoiz uste neuk aborturik izango nuenik. Hori dena, komunean testaren aurrean erabat galduta egon aurretik pentsatzen nuena zen. Nik ere estigmari eusten lagundu nion, baina gertatutakoan argi izan nuen. Enpatia pixka bat izan behar da egoera gogor horretan dagoen pertsonarekin».

Hautetsiak ere

Power to Decide elkarteko Maggie Le Ducek herritarrak kalera irtengo direla dio, baina uste du pilota Kongresuan dagoela orain. «Lege bat egin behar dute berehala, Auzitegi Gorenean edozer jazota ere jendearen eskubideak babestuta egoteko». Izan ere, botere judizialaren bidea aldatzeko bide errazena da, teorian, legegileak horretarako arautzea, eta abortu eskubidea lege bihurtzea. Hainbat hautetsi demokrata eta senatari talde bat Auzitegi Goreneko eskaileretan elkartu ziren lege horren alde, eta, bidenabar, aurtengo azaroko hauteskundeetan botoa eskatzeko, hori delakoan Kongresuan behar den gehiengoa lortzeko bidea. Txaloak jaso zituzten, baita kritikak ere, egun ere gehiengoa izan arren ez direlako gai abortuaren legerik egiteko.

Elizabeth Warren senatari eta alderdi demokratikoko primarioetako presidentegai ohia izan zen hitza sutsuen hartu zutenetako bat. «Haserre nago, badakidalako nork ordainduko duen hau. Ez dira emakume aberatsak izango; hau emakume behartsuen gainean eroriko da. Eraso dieten emakume gazteei eragingo die, bortxatu dituztenei. Dagoeneko haurrak izan eta aurrera ateratzeko ezinean ari diren emakumeei erasango die. Errepublikanoek hamarkadak daramatzate egoera honen bila, estatubatuar gehienek nahi ez duten zerbait lortzeko Auzitegi Gorenean gehiengo izateko».

Auzitegi Goreneko filtrazioa jakin berri, Washingtonen legez, New Yorken, Chicagon, Seattlen eta beste dozenaka hiritan egin ziren protestak eta elkarretaratzeak. Alarma guztiak piztu dira, eta litekeena da astebururako are protesta jendetsuagoetara deitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.