Julen Iriondok eta Samara Veltek jaso dituzte Rikardo Arregi sariak

Aipamen bereziak egin dizkiete BERRIAko Iñigo Astiz eta 'Gaur 8'-ko Mikel Ibargoien kazetariei

Rikardo Arregi sarien irabazle guztiak, atzo, arduradun politikoekin batera. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Andoain
2015eko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Euskarazko kazetaritzaren «aberastasunak» eta «sasoi onak» Rikardo Arregi kazetaritza sarien epaimahaikideen egitekoa zaildu dute aurten. Hain zuzen ere, aurkeztutako lanen «kalitatea» eta «kantitatea» azpimarratu zituen atzo epaimahaiak, sarien 28. ekitaldian. Andoaingo Bastero kulturgunean (Gipuzkoa) banatu zituen udalak sariok, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Julen Iriondo Goiena telebistako kazetariak jaso zuen sari nagusia, Jon Salaberri hiesaren kontrako ekintzailearen inguruan ondutako ikus-entzunezko lanagatik. Kazetari Berria saria, berriz, BERRIAko Samara Velteri eman zioten, Eskoziako independentzia erreferendumaren inguruan idatzitako erreportaje sortagatik. Aurkeztutako lanen kalitatea dela eta, bi aipamen berezi egin dituzte: BERRIAko Iñigo Astizek jaso zuen horietako bat, Kantuan diren lekuak erreportaje bildumagatik. Mikel Ibargoien kirol kazetariak jaso zuen bestea, Gaur 8-n emakume kirolarien inguruan landutako erreportaje eta elkarrizketengatik.

Julen Iriondok ondutako dokumentalak ia ahaztutako gertaera «gogor bat» oroitarazi duela nabarmendu zuen epaimahaiak: «Belaunaldi oso baten bizipen izan zenari, ahanzturatik atera, eta balioa eman dio; 80 eta 90eko hamarkadetan hiesa pairatzen zuten gaixoen egoera ezagutarazteko eta hobetzeko Jon Salaberrik egindako lana ekarri digu».

Joxe Aranzabalek argitaratutako artikulu bat eta ikerketa bat baliatu zituen Iriondok ikus-entzunezko dokumentala egiteko. Salaberriren irudi heroikoa sortu beharrean «haren konplexutasunean» erretratatu duela nabarmendu zuten. Lankideei eta Salaberriri berari eskaini zien saria Iriondok.

Mundua ikusteko leihoa

Eskoziatik igorritako kroniketan Samara Veltek analisirako eta hausnarketarako agertu zuen gaitasuna goratu zuen epaimahaiak. Munduari begiratzeko leiho propioa edukitzearen garrantziaz mintzatu zen Velte oholtza gainean. Nazioarteko hedabide handiagoetako lankideak ondoan izan zituen Eskozian. Azaldu zuenez, irakurleengandik jasotako mezu eta erantzun ugariek asko pentsarazi zioten. «Jendeak gure hedabidea aukeratzen badu, eta ez handiago bat, munduari begiratzeko era propioa dugulako aukeratzen du. Horrek pentsarazten du hala dela bagarelako nor munduan, txikia izanagatik ere, euskal kazetaritza badela geure leihoa munduari begiratzeko».

Aipamen bereziak jaso zituztenen artean oholtzara igotzen lehena izan zen Mikel Ibargoien. Epaimahaiak azpimarratu zuen «topikoetatik ihesi» landu duela emakumeen kirola, haien egoeraren «konplexutasun osoa» jasoz. «Adierazi du nola eraman dezaketen aurrera euren kirolari, ikasle, langile, familia eta emazte bizitza, oraindik ere matxista samarra den gizarte honetan», azaldu zuen epaimahaiak. Hedabideek emakume kirolarien lana ikusarazteko duten erantzukizunaz mintzatu zen Ibargoien. «Gaur-gaurkoz, badakigu zein den emakume kirolariek hedabideetan duten presentzia: beti geratzen dira bigarren, hirugarren edo laugarren planoan, erabat gutxietsita, nahiz eta haien lorpenak gero eta handiagoak diren».

Arriskatzearen saria

Iñigo Astizek kazetaritza eta sormena uztartzeko duen trebetasuna ere aintzat hartu nahi izan zuten, Kantuan diren lekuak iazko udan argitaratutako erreportaje sorta sarituta. «Informazioaren esparrutik, literaturaren esparrura egiten du jauzi, umorea tartekatuz. Kazetaria lekuan bertan kokatzen da, lekutik hasten du deskribapena, eta bidaia musikalean zein pertsonalean murgiltzen gaitu».

Hain zuzen ere, umoreari heldu zion kazetariak eskerrak ematean. Azaldu zuenez, bereziki poztu du erreportaje bilduma hori saritu izanak. «Bada sari bat kazetaritza oso modu sortzailean ulertzen duena. Lankideei proposatu nienean, pentsatu nuen inondik inora ez zutela onartuko kanta batzuetatik paseatzera joatea. Bada arrisku bat, bada erronka bat, eta nire lankideek ulertu zuten, eta aurrera egiteko esan zidaten. Garrantzitsua da horrelako gauzak egitea, eta bereziki kultur kazetaritzan, badelako esparru bat, nire ustez, arriskuak hartzeko eta sorkuntzara gerturatzeko betebeharra duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.