Txileko galdeketa konstituzioaz. Axel Callis. Soziologoa, eta hauteskundeen ikertzailea

«Plebiszituari bide eman dion ituna eliteak egin du, mobilizazioen mehatxupean»

Callisek iradoki du baiezkoak irabaziko duela Txileko biharko erreferendumean, eta boto emaileen parte hartzea handia izango dela.

BERRIA.
Cecilia Valdez
Santiago
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Axel Callis Txileko soziologo eta hauteskundeen ikertzaile bat da. 1992 eta 2010 bitartean, hainbat kanpainatako lantaldeetako kide izan zen, eta, gaur egun, TúInfluyes.com iritzi publikoa ikertzeko agentziako zuzendaria da.BERRIAk egindako elkarrizketa honetan, jokaleku eta emaitza posibleak aztertu ditu beste konstituzio bat sortzeko bihar egitekoa den plebiszituari begira.

Ikerketek erakutsi dutenez, beste konstituzio bat egitearen aldeko jarrerak irabaziko du, gehiengo handiz; eta ez hain aise, Batzar Konstituziogilearen aldekoak…

Urriaren 10a baino lehen egin ziren galdeketa guztietan —egun horretatik aurrera debekatuta dago informazioa ematea—, beste konstituzio bat egitearen aldeko aukera da nagusi, alde handiz,4-1 proportzioan. Azken hilabetean, ordea, zera gertatu da: kanpaina hasi denean —telebista publikoak alderdien mezuak eman, eta mugimendu sozialek aukera baten edo bestearen alde egin dutenean—, bigarren galderaren erantzunak, hau da, Batzar Konstituziogilearen eta Batzar Konstituziogile Mistoaren artean aukeratzeko botoak, parekatzen hasi dira lehen galderaren emaitzekin. Hau da, jendea zaku berean sartzen ari da beste konstituzio bat egitearen aldeko jarrera eta Batzar Konstituziogilearen aldekoa.

Zer gertatuko da gero? Oposizioak zer eginkizun izango du deskribatu duzun jokalekuan? Eta gobernuak? Akordioa bultzatu zuten mugimenduak nola daude ordezkatuta prozesu konstituzional honetan?

Iazko urriaren 18ko eztanda sozialaren harira sortu zen dena, herriaren espresio absolutu gisa eta elitearen kontra —alderdi politikoak, gobernua, enpresaburuak eta botereari eusten dioten guztiak—. Plebiszituari bide eman dion akordioa eliteak egin du, mobilizazioen mehatxupean. Beste konstituzio bat egiteko prozesuaren hasiera dator orain, eta 2021eko apirilaren 11n aukeratuko dituzte konstituziogileak. Hor, oposizioaren arazoa da boz sistema zaharkitua geratu dela eztanda sozialean zehar eta pandemiaren hasieran sortutako erakunde sozial eta herrialde batzarrentzat. Diputatuak hautatzen diren modu berean hautatuko dira konstituziogileak. Bozen diseinu horrek erraztu egiten ditu alderdien arteko itunak, eta erakunde sozialei, GKEei eta herrialde batzarrei ez die modurik ematen beren artean akordioak egiteko. Gerta liteke datorren apirilean alderdiek eta eskuinak, boto gutxiago jasota ere, konstituziogile gehiago lortzea, botoak pilatu dituztelako eta oposizioa eta mugimendu sozialak sakabanatuta daudelako.

Ba al dago modurik egoera hori iraultzeko apirila baino lehen?

Gaur egun, legeak egiten ari dira parte hartuko duten independenteei aukera gehiago emateko, baldintzak arinduta: horrek bultzada bat emango du pertsona independente eta erakunde gehiago egon daitezen, eta eskuinaren eta alderdi tradizionalen pilaketa zatitu dadin. Hauteskunde eremuak oso zatituta daude, eta lurralde erakundeak zein bere aldetik dabiltza; alegia, ez dago batasunik ez feminismoan, ez animalismoan, ez sindikalismoan. Ideia eta egitasmo ugari dira, askotarikoak, eta asko kostatuko zaie ados jartzea. Kupoak gutxi dira, eta taldeak, berriz, asko eta asko. Mugimendu sozialen zerrenda gutxi egotea litzateke onena, baina feminismoak bakarrik hamabost mugimendu ditu, gutxienez.

Zenbateraino espero da herritarrek parte hartzea?

TúInfluyes.com-en ikerketa guztiek erakutsi dute botoa emateko asmoa handia dela. Ez da halakorik ikusi 1988tik, Pinocheten aurka bozkatu zenetik. Botoa borondatezkoa da, eta presidentetzarako bozetan ohikoena da %50ek parte hartzea, baina, orain, baliteke %70 inguru izatea. %70 horietatik, %20 gazteak dira, eta parte hartzen ez dutenak adinekoak dira, koronabirusaren beldur baitira. Apirilean, konstituziogileak hautatzean, baliteke boto emaile gazte horiek —nagusiki herritarren mugimenduek eta lurralde mugimenduek ordezkatuak— sistema politikoa azpikoz gora jartzea alderdi tradizionaletakoak ez diren pertsonak aukeratuta.

Botoan izango al du inolako eraginik gobernuak pandemia kudeatzeko izan duen moduak?

Pandemiak berretsi egin du desberdinkeria. Txilen hildako pila bat izan da biztanle kopurua kontua hartuta, baina hildako horiek ez ziren aberatsak, baizik eta pobreak, pilatuta bizi zirenak. Pandemiak agerian utzi zuen benetakoak zirela eztanda soziala eragin zuten bidegabekeriak. Horren ondorioz, zeharo indartu da eredu aldaketa bat eta sistema berdinzaleago bat behar dela dioen ideia.

Biztanleriaren zer sektore daude konstituzio berria egitearen kontra? Eta alde?

Oro har, uko egin nahi diotenak 55 urtetik gorakoak dira. Aukera horren aldekoak gutxiengoa dira sektore guztietan, baina aldea ez da hain nabarmena adinekoen artean eta goi sektoreetan. Batzar Konstituziogile Mistoak babes handiagoa du sektore herrikoietako adinekoen artean, desinformazioagatik. Asko kostatu da jendeak ulertzea misto hitzak ez duela esan nahi erdiak emakumeak eta erdiak gizonak izango direla, baizik eta pertsona hautatuek eta parlamentariek osatuko dutela. Horregatik, telebista irekiaren doako tartean —hori ikusten dute gehien kablerik edo satelite bidezko telebistarik ez dutenek—, zera diote Batzar Konstituziogilearen propaganda guztietan: «Hautatua, ez mistoa». Horri esker, askok aukera horren alde egin dute.

Zer aldatu da irailaren 25etik aurrera abian jarritako kanpaina formatuari esker (komunikabide digitalak, sare sozialak, telebista, irratia), pandemia aurreko kanpainarekin konparatuta?

Plebiszitu baterako kanpainaren ezaugarriak oso desberdinak dira hauteskunde kanpaina klasikoen ezaugarrien aldean. Printzipioak askoz dikotomikoagoak dira; ideiei dagozkie, eta ez pertsona jakin batzuen ezaugarriei. Plebiszitu honetan, 1988. urtekoan bezala, jendeak badaki, bizi esperientzian oinarrituta, zeren alde bozkatu. Gure ikerketen arabera, pertsonen %90ek edo %95ek argi eta garbi daukate zeren alde egingo duten. Hortaz, propagandak, atxikimendua lortzeko baino gehiago, informatzeko balio du.

Zer aldaketa nagusi bildu behar lituzke konstituzio berriak?

Ufa [barrez]. Herritarrek eskatzen dituzten aldaketa nagusiak hauek dira: merkatua eta neoliberalismoa konstituziotik ateratzea, eta estatuari herritarrak babesteko eta eskubide jakin batzuk bermatzeko eginkizuna ematea. Konstituzioak ez dio «Txile herrialde neoliberal bat da», noski, baina sistema hori babesten du, subsidiariotasun kontzeptua baliatuta: sektore pribatuak egingo du estatuak egin ezin duen edo egin nahi ez duen guztia. Beraz, horren kontrakoa litzateke herritar guztiei bermatzea hezkuntzarako eskubidea, osasunerakoa, lanerakoa eta etxebizitza baterakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.