Pandemiak gatazkatsuagoa bihurtu du mundua, Bake Indizearen arabera

Indarkeria %0,07 hazi dela ondorioztatu du Ekonomiaren eta Bakearen Institutuak. Herrialde gehienek gastu militarra handitu zuten iaz

Etiopiako armadako soldaduak Tigray eskualdean, herrialdearen iparraldean. EFE.
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun

COVID-19a zabaltzen hasi osteko mundua horren aurrekoa baino indarkeria handiagokoa da. Hala ondorioztatu du Ekonomiaren eta Bakearen Institutuak, Bakearen Indizearen arabera egindako neurketan. Urtero argitaratzen ditu institutu horrek mundu mailako gatazken eta indarkeriaren inguruko datuak, eta iazko urtetik honakoek erakusten dute bakeak beherantz egin duela. Zifra bat jarri diote, gainera. Zehazki, indarkeria %0,07 areagotu dela jakinarazi dute. Espresuki pandemiarekin lotutako arrazoiak eman ditu ikerketa taldeak gorakada hori arrazoitzerako orduan, baina, hala ere, joera orokorraren barruan kokatu du. Izan ere, azken hamahiru urtetan egindako neurketa guztietatik bederatzitan sumatu dute bake egoerak gutxitzen ari direla.

Ikusi gehiago:Koronabirusaren azken datuak munduan

163 herrialdetako —munduko biztanleria osoaren %99,7— egoera aztertzen du erakundeak urteroko txostena argitara eman aurretik. Azken datuek erakusten dute horietako 87tan hobera egin dela, eta gatazkak gutxitu direla. Kontrakoa gertatu da beste 73 herrialdetan, eta beste hirutan ez dute aldaketa esanguratsurik antzeman.

Pandemiak «eragin nabarmena» izan du mundu mailako gatazketan eta indarkeriazko egoeretan, institutuaren esanetan, eta «ezegonkortasun politikoarekin» lotutako gertakariak areagotu ditu. Azken hamarkadako «krisi eta gatazkak» apaltzen ari diren arren, «tentsio eta ezjakintasun olatu batek» ordezkatu dituela ohartarazi du institutuak, eta «COVID-19aren pandemiarekin» eta «potentzia nagusien arteko tentsioen ugaritzearekin» lotu ditu. Herrialde gehienetan pertsonen arteko indarkeria gutxitu egin dela dio txostenak, baina. aldiz, indarkeriazko delituak eta hilketak areagotu egin direla; nagusiki, AEBetan. Genero indarkeriarekin eta «aurreiritziekin» lotutako delituak ere ugaritu egin dira.

Hiru adierazle hartzen ditu kontuan erakundeak indarkeria egoerak antzeman eta horien bilakaera neurtzeko: segurtasuna eta babesa, militarizazioa, eta gatazkak. Lehen bietan okerrera egin dela ondorioztatu du, eta soilik indarrean diren gatazketan nabaritu dute indarkeriak behera egin duela. Pandemiaren ondorioz, barneko nahiz kanpoko gatazkak gutxiagotu egin direla edo horien intentsitatea jaitsi dela azaldu du.

Aldi berean, baina, txostenak dio munduko herrialde gehienek euren gaitasun militarra handitzen jarraitu dutela pandemian, eta bereziki kezkagarritzat jotzen du militarizazioan izandako gorakada. Aztertutako 163 herrialdeetatik 105ek gastu militarra handitu zuten 2020an.

Gatazkatsuenek, hobera

Eremuka banatuta, Ekialde Hurbila eta Afrika iparraldea dira segurtasun gutxieneko inguruak, aurreko neurketetan bezalaxe. Hala ere, bakea neurtzeko indizea gainerako eremuetan baino gehiago hazi da han.

Eremu egonkorrena eta baketsuena Europa da, eta hangoak dira herrialde baketsuenen zerrendan lehen hamarretan ageri diren herrialdeetatik zortzi. Islandia, Zeelanda Berria, Danimarka, Portugal eta Eslovenia dira lehen bostak zerrenda horretan; Irak, Hego Sudan, Siria, Yemen eta Afganistan, berriz, azken bostak.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.