Azalberrituta... baina lehengoa

Kolonbian hasi da Duqueren gobernua osatzeko hautagaien izen dantza. Uribistek Justiziaren erreforma eta bake prozesuaren kudeaketa izango ditu lehentasun

Jon Artano Izeta.
Bogota
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun

El sonajero (txintxirrina) esaten diote Kolonbian gobernu berria osatu aurretxoan sortzen den zurrumurru giroari. Abian da kabineterako aukeratu litzaketenen izen dantza, eta horren zain daude denak, 2.0 uribismoak zein eite izango duen kalibratzeko. «Hiru talde handi ditu inguruan Duquek», azaldu du Ariel Avila Bakea eta Adiskidetzea fundazioko ikertzaileak. «Batetik, ultraeskuineko fanatikoak, hor daude eliztar ebanjelikoak eta; bestetik, haren gertueneko zirkulua dago, liberalagoa, zentristagoa; azkenik, eskuineko teknokrata saldoa. Badirudi erradikalenei ministerio batzuk emango dizkiela. Kulturarako faboritoetako bati, hauxe entzun diot: «Duquek gobernatuko du, baina ez dezagun ahaztu gure buruzagia Uribe dela».

Astelehen ilunabarra, hauteskundeen biharamuna, Bolivar plazan. 300en bat lagun bilduta, Uribe faxista, zeu zara terrorista! oihukatzen, kongresuaren ateetan. Barruan bake prozesuari torpedo bat bota diote, beste bat. «Bakerako Justizia Bereziaren arautegia Santosen aroa amaitu aurretik onartu behar zuten, baina atzeratu egin dute. Hara hor Duqueren lehen erabakia». Rodrigo Uprimny prestigio handiko legelaria da, eta NBErentzat egiten du lan. «Hankabiko arriskutsu asko ditu Duquek jiran, baina argi printzak ere badira: hauteskundeetan mobilizatutako herri bat agertu da, aurrez sekula ez zuen hainbesteko indarrik erakutsi zentro-ezkerrak; irabazlearen hauteskunde gaueko hitzaldia eta geroztik jarritako txioak, denak, neurritsuak eta adostasunerantz egindakoak izan dira; eta, tira, bere eskasean Kolonbiako egitura instituzionalak beti mantendu izan du botere banaketa, eta kontrapisu horiek aurrerantzean ere funtzionatuko dute; funtzionatuko ahal dute!».

Hain justu, botere banaketa da hainbatek arrisku gorrian dakusana. Igandean irabazi zuen botere exekutiboa Alvaro Uriberen Zentro Demokratikoak, eta legegilean ordezkari gehien duen alderdia da. Judiziala bezatzeko ere badute plan bat: SuperGortea. Justizia sistema atakan jarri dute joan den hilabeteetan azaleratu diren ustelkeria kasuek. Abagunea baliatuz antolamendua eraldatzeko proposamena egin du uribismoak. Goi mailako sei auzitegiak bakarrean bildu, eta magistratuak gobernuak izendatu ditzan nahi dute. «Ustelkeria erauzi eta kostua txikitzea lortu nahi dutela diote; baina egiazko arrazoia da Uribek epaileak atzetik dituela, eta jazarpen horretatik libratu nahi du», arrazoitu du Avilak. Uprimnyk ez du uste hain muturreko proposamena gauzatuko dutenik, «baina justiziaren antolamenduan eskua sartuko dutela, seguru da».

Mundu bat izango du begira Duquek, abuztuaren 7an, presidente xingola janztean. Eta lanik zailena ezingo du gerorako utzi: hainbeste kritikatu duten bake prozesua. «Dilema bat du horretan», hasi da Uprimny. «Ez dut uste orain arteko dena eraitsi nahi duenik, bere koalizioko askok bezala; prozesuari eutsi nahiko dio, baina bere eginaz». Oreka lan gaitzak egin beharko ditu: «Funtsezko aldaketak egin, eta akordioa konpondu duela sinetsarazi nahiko die botoa eman diotenei , baina, aldi berean, FARCen adostasuna hautsi gabe».

Avilaren ustez, ikusi egin beharko da nola gauzatzen dituzten agindutako «zuzenketa» horiek, «nahiko modu lausoan azaldu dute-eta orain arte». Jokaldia, gainera, doblea edo ezer ere ez lortzekoa izango da. Habanan ELNrekin negoziatzen ari da Santosen gobernua, eta ez dirudi Duquerentzat oso jokaldi errentagarria denik, besterik gabe, negoziazio mahaitik altxatzea. Astelehenean ekingo diote seigarren elkarrizketa zikloari. Mahai hartan lortzen dena FARCekin sinatutakoaren patuari lotua dago.

Aitabitxia eta dizipulua

Duque umea zenetik ezagutzen du Uribek, Duqueren aita —ministro ohia— laguna baitzuen. 2011n egin zuten lan elkarrekin lehendabizikoz. Ordurako presidentetza Santosen esku utzia zuen Uribek, eta NBEk deitu zuen, Gazara laguntza zeraman Askatasunaren Flotillari Israelek egindako erasoa ikertzeko batzordean aritu zedin. 34 urte zituen orduan Duquek, bederatzi zeramatzan Washingtonen Amerikarteko Garapenerako Bankuan, eta Uribe txundituta utzi zuen gaztearen gaitasunak. Bi urte geroago fitxatu zuen Zentro Demokratikorako. Eta azken lau urteotan elkarren ondoan eseri dira senatuan.

Estrategia garailea zurkaizteko norbait berria, gaztea, behar zuela jabetu zen Uribe, eta Duque hautatu zuen. Ikuskizun dago orain azalean ez ezik mamian ere mudantzarik onartuko ote duen. «Kolonbia aldatu egin da berak [Uribek] agintea utzi zuenetik», azpimarratu du Avilak. «Gaurko uribismoa ere ez da 2002ko uribismo ahalguztiduna. Lehen itzulian irabazi zuen Uribek, ez zegoen kritika hotsik bere aurka. Oraingoan %54az gailendu dira, eta jakitun dira gertutasun ideologikoagatik baino gehiago uribismoa oztopatzeko eman diola jende askok botoa Gustavo Petrori».

Maitatu ala gorrotatu

Uriberekin ez dago epelkeriarik; kolonbiar erdiek jainkotua dute eta beste erdiek ezin dute ikusi ere egin. «Igande gauean inork ez zuen Whatsappeko taldean idazteko grinarik, eta oraindik ere isilik gaude, aho zapore txarra utzi digu». Azalean tatuatua darama Doris Tejada-k Uriberen garairik ilunenak kendu ziona, Oscar Alexander semearen aurpegia. Antiokiako politikariak oldarraldi militar etengabea bere gobernuaren ardatz bihurtu zuen. 4.000 gizon gazte inguru bahitu, exekutatu eta borrokan hildako gerrillariak balira bezala aurkeztu zituzten urte haietan; positibo faltsuak esaten diete kasu horiei. 4.000 horietako bat da Oscar Alexander, eta bere gorpuzkirik ez du berreskuratu oraindik Dorisek. Bogotako Bakearen Museoan Dorisi eta Soachako Amen elkarteko beste zenbait emakumeri Carlos Saavedrak egindako argazki erakusketa dago: Madres Terra. Positibo faltsuen amak lurperatuta ageri dira erretratuetan.

«Duquek lortu du bestela nekez erakarriko zuten boto emaile klase bat erakartzea»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.