'Yellowhammer', «gerrarako larrialdi plan bat»

Andoni Imaz.
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Istiluen arriskua, prezioen igoera, portuen kolapsoa eta arazoak elikagaiekin eta sendagaiekin. Ez dira katastrofisten aieruak, Erresuma Batuko Gobernuaren iragarpenak baizik, egoerarik okerrenerako. Komunen Ganberak eskaera bat egin zion Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroari ganbera itxi aurreko azken saioan: akordiorik gabeko brexit-ak izan litzakeen ondorioen inguruan idatzitako Yellowhammer (Berdantza horia) txostena argitara emateko. Aldeko 311 boto egon ziren, eta kontrako 302, eta gobernuak ez du argitaratzea beste aukerarik izan. Laboristek adierazi dute «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela parlamentua atzera irekitzea, gaiaz eztabaidatzeko.

Johnsonek atzo garrantzia kendu nahi izan zion kontuari, eta esan du txostenak «agertoki posible okerrena» irudikatzen duela, eta azken boladan ministroek «izugarri aurreratu» dutela akordiorik gabeko brexit-aren prestaketa lanetan.

«Urriaren 31n akordiorik gabeko irteera egin behar badugu, prest egongo gara, eta portuak prest egongo dira, eta nekazarien komunitateak prest egongo dira, eta industria garrantzitsuak prest egongo dira», esan zuen lehen ministroak, atzo. Txostena «edozein gobernuk egingo lukeen» aurreikuspena da Johnsonentzat.

Andy McDonald laboristen garraio gaietarako arduradunak adierazi zuen Komunen Ganbera ireki behar dutela, ministroei galderak egiteko. «Hau gehiago da gerra baterako edo ezbehar natural baterako larrialdi plan bat», esan zuen BBC Radio 4n egindako elkarrizketa batean.

EBk eutsi egingo dio

Johnsonek urriaren 31n irteteko EB Europako Batasunarekin akordiorik egiten ez badu, atzerapena eskatzera behartzen du parlamentuak hartutako erabakiak, baina esan izan du ez duela halakorik egingo. Aldi berean, EBk esan du ez duela akordiorik onartuko Irlandako muga gogorra saihesteko aduana batasunik ez badago. Johnsonek akordiotik ezabatu du puntu hori.

EBko parlamentuan datorren astean onartuko dute testu bat Erresuma Batuari egozteko akordiorik gabeko brexit-aren «ardura osoa», talde gehienen babesarekin. Johnson Europako Kontseiluaren goi bileran izango da urriaren 17an, Bruselan, eta bilera hori baliatu nahi du brexit-aren beste akordio bat negoziatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.