Arrazoiak indartu egin direlako

Euskal Herriko 50 bat herri eta hiritako plazak bihar aldarriz betetzeko deia egin du Gure Esku-k, Hamaika Gara egitasmoaren kaleko jarduera gisa. Bilbon eta Lezon gaur dira egitekoak

JON URBE / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Konfinamenduaren arintze prozesua hasi zenean «azken hilabeteetan metatutako aldarriak eta nahiak kalera ateratzeko behar bat» nabaritu zela iruditzen zaio Arkaitz Anza Errenteriako (Gipuzkoa) Gure Esku-ko kideari. Eta, horri erantzunez, erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku herri dinamikak asteburu honetan Euskal Herriko herri eta hirietako plazak aldarriz betetzera deitu du. Beste 23 eragilerekin batera joan den martxoan abiatutako Hamaika Gara egitasmoaren kaleko aurreneko jarduera izango da, Hemen erabaki, herritarrok erabaki lelopean. «Guk nahi duguna da Gure Esku-k beti bultzatu duena: jendea ahalduntzea eta berriro kaleak hartzea eta plazak betetzea», nabarmendu du Mirian Campos herri dinamikaren Bilboko batzordeko kideak.

Gure Esku-ren arabera, 50 bat herri eta hiritan egingo dute saioa, bihar, 11:00etatik eta 14:00etara. Herri dinamikak jakinarazi duenez, Nafarroako hainbat herritan datorren ekainaren 21ean egingo dute ariketa.

Lezon (Gipuzkoa) eta Bilbon, ordea, gaur dira egitekoak. Bizkaiko hiriburuan, Plaza Eliptikoan izango da, 12:00etan. Aldarriak kartoi batean idazteko eta lurrean uzteko gonbidapena egin diete herritarrei. Bilbon, gainera, «ariketa metaforiko bat» proposatu dute, Camposen esanetan. Izan ere, George Orwellen 1984 liburuaren irakurraldi kolektiboa planteatu dute.

COVID-19ak eragindako izurria dela eta, Anzaren hitzetan, «segurtasuna» lehenetsi dute, «beste ezeren gainetik». Saioa antolatzeko, beste herrialde batzuetan egindako mobilizazio moldeak aztertu zituzten, eta ikusi zuten «oso erakargarria» izan zitekeela kartelen bidez egitea eta plazak «edukiz» betetzea. Halere, kartela ez den beste euskarri batean ere idatz daitezke plazara eraman nahi diren aldarriak. «Uste dugu, gainera, hori dela gure herriko komunitateen aniztasunaren adierazle bat». Kartoi mota diferenteak, tamaina eta kolore ezberdinekoak... «Horrek ere bizitasuna ematen du, eta hobeto erakusten du zer den bertan eskatzen ari dena». Errenterian, Zumardian egingo dute. «Irudia oso gaur egungoa izan daiteke; hau da, plazak hutsik egon dira, baina horregatik ez dute esanahia galdu». Hasieran beste aukera batzuk zituzten esku artean; adibidez, «mosaiko moduko bat» egitea. Materiala erosi nahi duenarentzat, Hamaika Gara-ren postu bat jarriko dute Zumardian, eta musika ere egongo da.

Herri dinamikaren ekinbideetarako Bilbo «plaza zaila» dela uste du Camposek. Halere, «pozik» dago deialdiaren harira azken bizpahiru asteetan atzemandako mugimenduarekin: «Sentsibilitate diferenteetako hainbat jenderekin jarri gara harremanetan, eta ordezkatzen dute Bilboko esparru oso zabal bat». Eta, lehentasunak jartzen hasita, pentsatzen du «inportanteena» dela COVID-19ak eragindako «krisitik» ateratzeko modua zehaztea. «Gure lehentasunak eta aldarriak ez baditugu lehen mailara ekartzen, etor daiteke errealitate bat gustuko ez duguna».

Anzarentzat, itxialdia hasi zenean «oso ondo» ikusi zen Hamaika Gara manifestuak jasotako «puntu eta aldarri askok garrantzi handia» hartu zutela jendearen artean. «Izan ere, sistemaren krisi honetan azaleratu egin dira gure komunitatearen benetako beharrak».

Beraz, Hamaika Gara egitasmoko eragile guztiek «hausnarketa bateratu bat» egin zuten, eta erabaki asteburuan Euskal Herriko plazetan gorpuztekoa den proposamena aurrera eramatea. Konfinamendu garaian, gainera, Gelditu. Hausnartu. Erabaki hitzaldi ziklo digitala antolatu du Gure Esku-k. «Hitzaldi zikloan oso argi ikusi da, arloz arlo, egoera honi aurre egiteko beste metodologia eta behar batzuk genituela herri moduan», nabarmendu du Anzak. «Egin da egoeraren analisi bat, kontakizun bat bakoitzak bere ikuspegitik, baina, azken finean, ikuspegi komun bat elikatuz. Soluzio bateratuetarako bidea ikusarazteko espazioa izan da». Hamar solasaldi izan ziren guztira, eta apirilaren 23 eta maiatzaren 28 artean egin zituzten. Hizpide izan zituzten kultura, espazio publikoaren itxiera, gobernantza ereduak, elikadura eta kontsumoa, zaintza, eta euskara, besteak beste; betiere, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren esanetan, «hausnarketa» erdigunean jarriz.

Konfinamendua ezarri aurreko garaietara jo du Camposek, eta gogoratu du otsailean world cafe bat antolatu zutela Bilbon. «Erreferenduma, tresna gisa, lehen mailara nahi genuen eraman. Ikusteko mundu mailan non egin diren, zertarako, zer gaien inguruan...». Hau da, erakusteko ez dela «zerbait arraroa» erreferendumak «tresna gisa» erabiltzea.

Gobernantza ereduez

Hain zuzen ere, etorkizun politikoa erreferendum bidez erabaki ahal izateko xedearekin, Hamaika Gara-k sinadura bilketa bat hasi zuen martxoaren 11n, baina, COVID-19aren ondorioz Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoerarengatik, egitasmoak ezin izan ditu antolatu kanpaina hori indartzeko asmoz udaberrirako aurreikusitako jarduerak eta mobilizazioak —dena den, Gure Esku-ren webgunean sina daiteke manifestua—. Kanpaina udazkenetik aurrera indartzeko intentzioa dute herri dinamikako kideek.

«Egungo krisia» eta erabakitzeko eskubidea ekuazio berean jarrita, Anzari iruditzen zaio «argi» geratu dela «gobernantza eredua» krisian dagoela. «Gobernantza ereduarekin lotuta guk egiten dugun hausnarketetako bat da inteligentzia kolektiboko ariketa batzuk egin behar ditugula». Horretarako ahaleginean, eskaera bat egin du: «Egiten ditugun gauza horiek izan daitezela denon artean eman genezakeen onenaren isla, eta ez, askotan gertatzen den bezala, okerrenaren isla». Hori kontuan hartuta, «gobernantza eredu berriak oso interesgarriak» direlakoan dago. «Denek parte hartzen dute, baita ebazpenetara iristeko prozesuan ere. Ardura eskatzen bazaigu, parte hartzeko ahalmena ere eman behar zaigu».

Ideia hori azaltzeko, «kasu praktiko bat» plazaratu du Errenteriako Gure Esku-ko kideak: software librearen garapenarena: «Norberak garatzen duen hori komunitatearen esku geratzen da. Hortik garatzen jarraitzen du gero, eta garatutako guztia komunitatearen esku geratzen da». Uste du hori dela «inteligentzia kolektiboaren» adibide praktikoenetako bat. «Eta horrelako adibideak eraman genitzake gobernantza ereduetara, ondoren gure bizitzak kudeatzeko espazioetara eramateko».

Bizitzak aipatuta, alarma egoera ezarri zutenetik, joan den martxoaren 15etik, herritarrek sentitutako «zaurgarritasuna eta segurtasunik eza» aipatu ditu Camposek. Horregatik, argi dauka zer aldarri eramango duen gaur Plaza Eliptikoan: «Zaintza ekarri behar dugula erdigunera». Haren hitzetan, «lehen ere» bazekiten, eta nabarmendu du hainbat esparrutatik —«mugimendu feministatik, adibidez»— ari zirela zaintzaren inguruko «hausnarketak» eragiten. «Krisi honek argi utzi du zaintzan bitarteko eta eduki gehiago jarri behar ditugula. Zaintza sistema publiko bat aldarrikatu behar da».

Gure Esku-k asteburuko mobilizazioak aurkezteko kaleratutako oharrean azpimarratu zuenez, «premiazkoa» da kalera ateratzea eta aldarriak plazaratzea, «bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adierazteko». Tokian tokiko «erabaki burujabeak» aldarrikatu ditu.

IBILBIDE BATEN MUGARRIAK

2014ko ekainaren 8a.
Lehendabiziko giza katea


Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea osatu zuten 150.000 lagun inguruk Iruñea eta Durango (Bizkaia) arteko 123 kilometroetan. Hain justu, 365 egun lehenago aurkeztu zuten Gure Esku Dago herri dinamika —iazko martxoaren 31n Gure Esku bihurtu zen—, Irunen (Gipuzkoa), eta orduan iragarri zuten, gainera, aurreneko ekinbide masiboa zein izango zen: giza katea. Adierazi zuten haien asmoa zela 50.000 bat lagun biltzea, baina, urtebete geroago, kopuru hori halako hiru izan ziren.

Jagoba Manterola / Foku

2015eko ekainaren 21a.
Jositako oihalak hirietan batuz


Herri dinamikak jostearen ideiaren inguruan mamitu zuen aurreko hilabeteetako lana, eta herriz herri jositako oihalak batu egin zituzten Euskal Herriko hiriburuetan egindako ekitaldietan, Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean «borondateen elkartzea» irudikatuz. San Mames eta Iruñeko zezen plaza, adibidez, ez ziren bete, Donostiako Anoeta estadioa ere ez erabat, baina, aurreko urteko giza katean gertatu bezala, erabakitzeko eskubidearen aldeko masa bat bazela ikusi ahal izan zen berriro.

Juan Carlos Ruiz / Foku

2018ko ekainaren 10a.
Bigarren giza katea


Hiru urte lehenago, 123 kilometroko ibilia egin zuen giza kateak, eta 201,9 kilometro egin zituen Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituenak. Erronka, beraz, handiagoa zen. 100.000 lagun inguru behar zituzten ibilbidea osatzeko, eta, antolatzaileen arabera, 175.000 herritarrek parte hartu zuten. Aurreko urteetan norbanakoekin eta eragileekin landutako Herritarren Ituna, «erabakitzeko eskubidearen aldeko 2.019 arrazoiren bilduma», Eusko Legebiltzarraren aurrean aurkeztu zuten.

Jaizki Fontaneda / Foku

Herri galdeketak.
208 herritan egin dituzte


Herri plataformek antolatuta, Euskal Herriko 208 herritan egin dira estatus politikoari buruzko galdeketak. Etxarri Aranatzen (Nafarroa) egin zuten aurrenekoa, 2014ko apirilaren 14an, eta Nahi duzu Euskal Herria independente bateko herritarra izan? izan zen galdera. Euskal Herriko biztanleriaren herenak bizi diren eremuetan egin dituzte. 1.061.058 lagunek izan dute botoa emateko aukera, eta horietatik 218.248k hartu dute parte: %20,56k. Hiriburu bakarrean egin dute, Donostian. 2018ko azaroaren 18an izan zen, eta 28.684 lagunek bozkatu zuten. Galdeketek planteatutako «eztabaida» nabarmendu izan dute, kopuruen gainetik.


Jon Urbe / Foku
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.