Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Greba egin dute AEBetan immigranteek, Trumpen politikak salatzeko

Publizitatea

Mundua

Greba egin dute AEBetan immigranteek, Trumpen politikak salatzeko

Erantzun handia izan du Immigranterik Gabeko Egunak. Negozio asko eta asko itxi dituzte, eta hainbat hiritako zentroak ia hutsik geratu dira
Gizon bat, atzo, Washingtongo Zaytinya jatetxean. Beste hainbat negoziok bezala, ez zituen ateak ireki.
Argazkia: M.REYNOLDS / EFE
Joan den astean zabaldu zen sare sozialetan immigranteei zuzendutako mezua, eta, denbora gutxian, AEBetako txoko guztietara hedatu da: «Paperik gabekoak, egoiliarrak, herritarrak, mundu osoko immigranteak, elkar gaitezen guztiok. Ez joan lanera; ez zabaldu zuen negozioak; ez erosi dendetan ezta Interneten ere; ez jan jatetxeetan; ez erosi erregairik; ez joan eskolara; ez bidali gure seme-alabak ikastetxera. Presidente jauna, gu eta gure ekarpenik gabe herri hau geratu egiten da». Milaka eta milaka herritarrek egin zuten atzo mezuak zioena: etxean geratzea erabaki zuten, immigranterik gabeko egun bat egitea, eta, hainbat hiritan, basamortuak ziruditen kaleek.

Latinoak izan ziren greba egin zuten gehienak, baina Irakeko, Thailandiako eta Txinako negozio asko eta asko itxi zituzten ere, baita McDonald's andana bat ere; eskolak gelditu zituzten, eta zirkulazioa asko gutxitu zen, besteak beste, Filadelfian, Washingtonen, Bostonen, Houstonen, Chicagon, New Yorken, Los Angelesen eta San Frantziskon. Kaliforniako hirien erretratuak izan ziren ikusgarrienak.

Sergi Arau zinemagile mexikarrak 2014an egindako filmean dago inspiraturik protesta: Egun bat mexikarrik gabe. Lan horretan, Kalifornian immigranteek greba egiten bazuten zer geratuko zen kontatu zuen, umore tonuan, baina kritika gogorra eginez, mexikarren kontra hartzen ziren neurriei. Atzo, berriz, protesta AEBetara zabaldu zen, herrialde osoaren etorkizuna arriskuan dagoela salatzeko, Donald Trump presidenteak bideratu nahi dituen politiken ondorioz.

Joan den astean ia 700 pertsona deportatu zituzten. Roger Rocha Lulac Latinoamerikar Herritarren Ligako presidentea kezkaturik dago: «Latinoamerikarrentzat oso une txarra» dela salatu du, eta horregatik protesta egitera deitu du. «Ezin gara ezer egin gabe geratu, ezer ez egitea Trumpi arrazoi ematea baita». AEBetako presidenteak ziurtatu zuen paperik gabeko gazteak deserritzea auzi «zaila» dela, baina helburu horrekin jarraituko duela.

Barack Obama aurreko presidenteak zeukan deportatuen errekorra orain arte: 2,9 milioi bidali ditu. Kopurua handiagoa izango delako beldur da Rocha: «Ezingo ditu 11 milioi immigrante bidali, baina milioika batzuk bai». Irizpideetan egon daiteke Obamaren eta Trumpen deportazio politiken arteko aldea. 700 atxilotu horietatik %75 dira delituak egin dituztenak, gobernuaren arabera, baina ez du zehazten zein delitu mota, eta gainerako %25 zeren arabera bidali dituzten. Obamak delitu larriak zituzten immigranteak, alkoholaren edo drogen eraginpean harrapatutako gidariak, eta 2014az gero iritsitakoak deportatu zituen.

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi Amagoia Mujika Tolaretxipi

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak