Irak berriz konfinatu dute, gutxienez abuztuaren 6ra arte

ander perez zala
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Irakeko Gobernuak asteon jakinarazi du beste konfinamendu bat agindu duela, koronabirusaren positibo kasuek izan duten gorakada dela eta. Neurria, oraingoz, atzodanik abuztuaren 9ra arte hartu dute, baina ez du eraginik izango Kurdistango Eskualde Autonomoan.

Ez da kasualitatea gobernuak data horiek aukeratu izana, egunotan Eid al-Adha (Sakrifizioaren Ospakizuna) jaiegunak ospatzen ari baitira. Musulmanek ohitura dute senideekin eta lagunekin elkartzeko, talde handietan, eta otordu luzeak egiteko; horrekin batera, etxean eta meskitetan otoitza jendetsuak egiten dituzte. Horregatik, Bagdadek arriskua ahalik eta gehiena murriztu nahi izan du, jendetzarik ez pilatzeko.

Iragan martxoko konfinamenduan bezala, oraingoan ere «beharrezkoak ez diren mugimenduak» debekatu dituzte, eta, hortaz, herritarrak soilik supermerkatura eta farmaziara joan ahal dira. Egunotarako, ordea, gobernuak neurri gehiago iragarri ditu: segurtasun indarrek zigor ekonomikoak ezarri ahal dizkiete maskara soinean ez dutenei eta gutxieneko distantzia mantentzen ez dutenei, horien autoak konfiskatzearekin batera.

Ekain amaieratik, Irakek 2.000 kasu inguru ditu egunero, Osasun Ministerioaren datuen arabera, eta denera 110.032 herritarrek eman dute positibo; asteon 78 hil dira, 4.362 guztira. Sendaturikoak, berriz, 75.200 baino gehiago dira.

Gehiengoa musulmana den beste herrialde batzuetan ere neurriak hartzen ari dira Eid al-Adhako ospakizunei begira. Kuwaiten, adibidez, konfinamendua arindu dute, eta meskitara joateko baimena eman dute; Omanen, aldiz, beste konfinamendu bat agindu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.