Pello Bilbao. Bahrain taldeko txirrindularia

«Oraindik ez naiz gorenera iritsi: hala diote sentsazioek eta datuek»

Aurreikuspen guztiak gainditu ditu Bilbaok Giroan. Etaparen bat irabazi eta noizbait arrosaz janzteko ilusioaz hasi zuen lasterketa, eta podiumetik gertu bukatu du. Hala ere, bere burua gai ikusten du beste koska bat igotzeko: «Zergatik ez?».

LUCA ZENNARO / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Aurtengo denboraldia «esperimentu gisa» hartu du Pello Bilbaok (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1990). Muga fisikoak eta mentalak non dituen jakin nahi zuen; bada, oso goian dauzkala jabetu da. Emaitzak argigarriak dira: Frantziako Tourra hamaseigarren bukatu zuen, Mikel Landaren mesedetan lana zintzo egin eta gero; eta ia atseden hartzeko betarik izan gabe, bosgarren egin du Italiako Giroan. Gakoa buruan egon omen da.

Zazpi astean Tourrean, Munduko Txapelketan eta Giroan lehiatu zara. Izango zenuen behingoz atseden hartzeko gogoa.

Oso gustura aritu naiz, baina bai, bazen gelditzeko garaia. Etxekoei ere apur bat luze egin zaie. Oso denboraldi arraroa izan da: lehenik, inoiz baino gehiago egon ginen etxean, eta, gero, lasterketa guztiak batera etorri zaizkigu. Sekula ez da horren egutegi trinkorik egon; nire kasuan, 58 egunetatik 44 lehiaketa egunak izan dira. Handia izan da exijentzia fisikoa eta mentala. Esperimentu bat izan da, ikusteko norberaren gorputza eta burua zer emateko gai diren.

Nolakoa izan da zuretzat pandemia baten erdian eta segurtasun burbuilen barruan lehiatzea?

Gu nahiko ohituta gaude burbuilen barruan aritzera. Izan ere, lasterketetan beti egoten gara bakartuta kanpoko mundutik. Beti jende berberaz inguratuta eta gure eguneroko arazoetan zentratuta egoten gara. Askotan ohartzen gara kanpoan gertatzen denaz ez garela konturatu ere egiten. Egia da egoera honetan ezin izan dugula familiaren bisitarik eduki, ezta zaleen babesik ere. Kontaktu fisikoa asko mugatu da, baina, bestela, aldaketa ez da horren handia izan.

Atseden egunak galbahe bihurtu dira, PCR proben harira. Urduritasun handiz bizi izan dituzue?

Giroko lehen atseden egunean hartu genuen sustorik handiena. Zortzi positibo azaldu ziren kolpean, tartean txirrindulari batzuk zirela. Horrek pentsarazten dizu zein izan behar duen positibo kopuruak lasterketa bat bertan behera uzteko. Pare bat talde etxera joan ziren, eta, hala ere, oraindik lehiatu gintezkeen. Baina zein izango zen kopuru minimoa lasterketa bat ontzat eman ahal izateko? Hausnarrean aritu ginen antolatzaileek har zitzaketen neurrien inguruan, eta zalantzan jarri genuen Milanera iristeko aukera. Egunez egun aritu behar izan dugu, edozein unetan bukatu baitzitekeen Giroa.

Ezin hobeto egokitu zara egoera berrira, Tourrean eta Giroan agerian gelditu den bezala. Pozik zaude lortutako emaitzekin?

Bai, benetan pozik nago. Giroa oso berezia da niretzat, eta emaitza onenak bertan lortu izan ditut. Alde horretatik, motibazio bereziz heldu diot. Bestalde, nire mugak ezagutzeko erronka neukan. Horri esker, motiboak izan ditut sufritzen jarraitzeko eta sentitzeko zerbait berezia egiten ari nintzela. Erakutsi dut kapazak garela halako erronka bati aurre egiteko.

Espero zenuen Giroa horren goian bukatzea?

Banekien gai nintzela itzuli handi bat egin eta hortik gutxira beste lasterketa batean ondo ibiltzeko. Trantsizio onak egin izan ditut Girotik Dauphinera edo Suitzako Itzulira. Eta, iaz bertan, Giroan eta Tourrean indarberritzeko nahiko tarte txikiarekin lehiatu nintzen. Baina aurtengo jokalekua desberdina zen. Konforme izango nintzen etapa bat irabazita edo maglia arrosa jantzita. Ideia horrekin hasi nuen lasterketa.

Zein izan da horrenbeste astez punta-puntan irauteko gakoa?

Arlo mentalean dago gakoa. Fisikoki, gorputza ia edozer gauza egiteko gai da lehiaketako errutinara ohituta dagoenean. Gai gara errendimendu aldetik oso ondo aritzeko. Zailena buruz tinko eustea da. Psikologia sartzen da jokoan: helburuak nola planteatzen dituzun, erronkei nola egiten diezun aurre, arretari nola eusten diozun... Hori guztia esperientziari esker eta motibazio bereziak bilatuz lortzen da. Luze gabeko helburuak jarri ditut beti, eta egia da taldeak erraztasun guztiak eman dizkidala ere lider lanetan aritzeko. Presiorik gabe aritu naiz.

Lidergoa gertu izan zenuen hasieran. Baduzu arrosaz jantzi ez izanaren pena?

Pixka bat bai, baina tira, bukaerako bosgarren postuak konpentsatzen du. Agian lider jarri izan banintz, horrek dakarren emozio eta estresarekin, behin galduta motibaziorik gabe geldituko nintzen aurrera jarraitzeko. Batek daki. Oso gustura nago egindako lanarekin, eta hori da garrantzitsuena. Baina bai, hasierako ideia maglia arrosa hartzen saiatzea zen.

Stelvioko etapan aritu zinen ondoen: hirugarren izan zinen, atzetik aurrera modu ikusgarrian eginda. Nola oroitzen duzu?

Erronka ikaragarria izan zen. Giroko etaparik gogorrena zen, eta bagenekien Ineos eta Sunweb indar betean ariko zirela Almeida liderra atzean uzteko. Guretzat abentura bat zen, eta talde osoa izugarri ondo aritu zen. Motibazio handiz aritu ginen, eta batzuek sekula espero gabeko errendimendua izan zuten. Nik pazientziaz eta odol hotzez jokatu nuen; gauzak oso ondo kalkulatu beharra dago ordubetetik gorako igoera batean. Buruarekin erantzun nuen, bihotzarekin baino gehiago, eta, hasieran aurrekoei joaten utzi nien arren, gerturatu egin nintzaien bukaeran. Helmuga Stelvio gainean balego bezala aritu ziren batzuk, baina gero lehen mailako mendate bat igo beharra zegoen.

Gertu ikusi zenuen podiuma?

Bai; orduan lider zegoen Keldermanen aurretik gelditu nintzen, eta oraindik mendiko beste etapa bat gelditzen zen, baita erlojupeko bat ere. Bietan ikusi nituen aukerak podiumera igotzeko. Baina Sestrierekoa oso etapa ezberdina izan zen, eta gorputzak ez zuen maila berean erantzun. Azkenean, bosgarren postuarekin konformatu behar izan dut: ez da gutxi.

Hasieran, Sestriereko etapan Agnello eta Izoard ere igo behar zenituzten. Ibilbide horretan, menturaz, bestelako emaitza bat lortuko zenuen.

Pentsatu genuen, bai. Sestriereko esfortzua oso leherkorra izan zen, eta altueran egin behar zen. Bigarren igoeran podiumaren bila joateko apustua egin nuen, eta, horretarako, nire erritmotik kanpo joaten ahalegindu nintzen. Izan ere, helburua beteko nuen lehen biei eutsiz gero. Ahaleginean lehertu egin nintzen, ordea, eta gero ez nintzen gai izan gorputzari buelta emateko. Ikaragarri sufritu nuen azken igoeran besterik gabe Keldermanen gurpilean irauteko. Agnello eta Izoardekin, erresistentziazko esfortzu bat izango zen, eta garrantzi handiagoa izango zuen alderdi mentalak.

Eta Tourra lehiatu izan ez bazenu, zer egiteko kapaz izango zinatekeen Giro honetan. Horretaz hausnartu duzu?

Hori oso zaila da kalkulatzen, eta ez dugu inoiz jakingo. Inoiz ez naiz Giro honetara itzuliko; beraz, alferrikakoa da hipotesiak egiten aritzea.

Parte hartzea ez da beste urte batzuetan bezain distiratsua izan. Horrek meritua kentzen dio lortu duzunari?

Nire potentzia datuak ikusi besterik ez dago ulertzeko Giro hau oso erritmo azkarrean egin dela. Piancavalloko zenbakiak oso altuak izan ziren, eta Stelvio inoiz baino azkarrago igo genuen. Giroa osotasunean hartuta, batez besteko abiadura inoizko altuenetakoa izan da. Izen aldetik, egia da askorentzat ezezagunak ziren ziklistak aritu direla garaipenaren borrokan. Baina Pogacar bera ere ez da aspalditik ezaguna den txirrindulari bat, eta ikusi dugu nolako erakustaldiak egiteko gai izan den Tourrean. Eta Nibali eta Fuglsangen adibideak ere adierazgarriak dira. Izen handia dute, eta Giroa esklusiboki prestatu dute, baina ez dira gai izan lehen bosten artean sartzeko, beren zenbaki onenetatik gertu aritu direla aitortu duten arren. Ez da egon lasterketa goitik behera kontrolatu duen talderik, baina liderrak oso maila onean aritu dira.

Esan duzunaren harira, Giroan berretsi egin da gazteen nagusitasuna. Badirudi sasoi arraro honek azkartu egin duela belaunaldi aldaketa.

Bai, egoera honek lagundu egin die gazteei errendimendu hobealortzen. Urtez urte, geroz eta zailagoa da sasoirik onenera iristea, eta konfinamendu garaiak ez digu batere lagundu beteranooi. Ostera, gazteek freskotasuna izan dute, eta etekin handia atera diote egoerari.

Neurria hartua diozu Giroari: seigarren izan zinen 2018an, bi etapa irabazi zenituen iaz, eta bosgarren sailkatu zara aurten. Zure burua gai ikusten duzu beste koska bat igotzeko?

Bai, zergatik ez? 2018an nire ibilbideko saltorik handiena egin nuen, eta oraindik ikusten dut garatzen ari naizela ziklista gisa. Ez dut arrazoirik pentsatzeko gorenera iritsi naizela. Nire datuek eta sentsazioek kontrakoa diote. Eta, beste urrats txiki batekin, podiumean sartzeko gai izango nintzateke. Zergatik ez sinistu aukera horretan?

Aukera hori jorratzeko, ardura handiagoa eskatuko diozu taldeari? Lider bihurtu nahi duzu?

Ni aurten bezala geldituko nintzateke. Prest nago Tourraren gisako helburu handi batean Mikeli [Landa] laguntzeko; oso gustura egiten dut lan hori. Eta gero, eskertzen dut nire aukerak ere izatea. Beraz, ez dut uste urte osoan zehar liderra izan behar dudanik. Nahiago dut lasterketa ezberdinetan zeregin ezberdinak betetzen segitu. Oreka hori bilatzen saiatuko naiz.

Orain, oporrez gozatzeko unea duzu. Ezingo zara oso urrutira joan, baina etxeko goxotasuna ere eskertuko duzu.

Bai, ez nuen intentziorik kanpora joateko, eta are gutxiago, gauden egoeran egonda. Arduraz jokatu behar dugu. Eta, gainera, denbora batez kanpoan egon eta gero, asko eskertzen da etxean lasai egon ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.