Athleticek etxean liderrari irabazita lortu nahi du sasoiko lehen garaipena

ainara arratibel gascon
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Ondo jokatu arren, Athleticek puntu bakarra batu du Espainiako Ligako lehen bi partidetan. Hala, denboraldiko aurreneko garaipena eskuratzeko helburua du gaur Lezaman. Aurkari gaiztoa izango du: Atletico Madril.

Egungo ligako txapelduna da Espainiako taldea, eta lider da: sei puntu ditu, jokatu dituen bi norgehiagokak irabazi baititu, oso erraz irabazi ere: 0-4 Malagari eta 6-0 Logroñori. Garaipen oso argiak dira biak, baina espero zitekeen halakorik, alde itzela baitago batzuen eta besteen artean. Izan ere, Malaga eta Logroño igo berriak dira. Beraz, ez dira emaitza adierazgarriak.

Athleticek bi jokalari garrantzitsu faltako ditu, Damaris Egurrola eta Erika Vazquez, min hartuta baitaude. Joseba Agirreren iritziz, horrek jokatzeko aukera emango die zenbait jokalariri. «Hozkada eman nahi diogu. Bartzelonaren aurka bezala aritzen bagara, aukera izango dugu».

Nahikari ez doa PSGra

Realak, berriz, hirugarren garaipena nahi du bihar, eta hori lortzeko aukera aproposa du, Logroñon (Espainia) jokatuko baitu. Talde txuri-urdinean Nahikari Garciak bereganatu du arreta osoa azken egunetan. Izan ere, Paris Saint-Germain hura fitxatzen saiatu da, baina Realak ez du onartu Frantziako taldearen eskaintza. Klubak atzo bideo bat zabaldu zuen, Elkarrekin jarraituko dugu lelopean. Nahikariri, hala ere, sasoi honen amaieran bukatuko zaio kontratua, eta jokalaria eta kluba negoziatzen ari dira berritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.