Athleticek ez du ustekabe desatseginik nahi gaur Elxen

Garitanok ez du ezer gordeko, eta, ezustekoak saiheste aldera, talde lehiakorra zelairatuko du berriro. Aurkaria bederatzigarren da ligan

Asier Villalibre, Sestaori sartutako bi goletako bat ospatzen. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Athleticek oroitzapen ona du Elxen (Herrialde Katalanak) jokatu zuen azkeneko aldiaz. Joan den abenduaren 12an izan zen, eta 0-3 irabazi zion Intercityri Espainiako Kopako aurreneko kanporaketan. Neurketa Sant Joanen (Herrialde Katalanak) zen jokatzekoa, baina, Intercityren zelaiak ez zituenez betetzen Espainiako Federazioaren baldintzak, Elxeko Martinez Valero estadioan jokatu zen. Hilabete eta erdi geroago, estadio berean jokatuko du talde zuri-gorriak, baina, oraingoan, etxeko taldearen aurka ariko da, final-hamaseirenetan. Sestao Riverri irabazita (0-4) iritsi da hirugarren kanporaketara Athletic.

Intercityren aurkakoan gertatu bezala, zuri-gorriak dira faborito. Koska bat beherago dago Elx, Espainiako Bigarren Mailan. Ez da aparteko lana egiten ari —bederatzigarren da—, eta ez dago garai gozoan ere —hiru jardunaldi daramatza irabazi gabe—. Bide samurra izan du orain arte Kopan, beti jokatu baitu aurkari apalagoen aurka: Hirugarren Mailako Gimnastica Segoviana kanporatu zuen lehen kanporaketan (0-2), eta Bigarren B Mailako Yeclano bigarrengoan (1-2). Etxetik at jokatu zituen bi kanporaketa horiek, baina gaur etxekoen babesa izango du, eta hori aprobetxatu nahi du.

Horregatik, zuhur mintzatu zen atzo Gaizka Garitano. «Aurreko kanporaketak baino parekatuagoa izango da. Real Madrilen aurka jokatuko bagenu bezala prestatu dugu neurketa».

Garitanok ez du ezer gordeko, eta, ezusteak saiheste aldera, talde lehiakorra zelairatuko du berriz. Ez ditu deialdian sartu Ibai Gomez, Gaizka Larrazabal eta Oihan Sancet. Barruan dira, berriz, Mikel Balentziaga eta Iñigo Cordoba.

ELX-ATHLETIC
Elx. San Roman; Tekio, Nacho Pastor, Dani Calvo, Juan Cruz; Manuel Sanchez, Mfulu, Josan, Pere Milla; Fidel eta Murad.
Athletic. Herrerin; Capa, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Lekue, Raul Garcia, Williams; eta Villalibre.
Epailea. Munuera Montero.
Lekua. Martinez Valero (33.732 ikusle).
Ordua. 19:00etan (Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.