Athletic goiko postuetan finkatuko da gaur Malagan irabazten badu

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko abenduak 6
Athleticek joko eta emaitza bolada ona luzatu nahi du gaur Malagan garaipena lortuta (12:00). Hiru puntuak batuz gero, gainera, goiko postuetan finkatuko da talde zuri-gorria, eta denboraldi hasieran izandako zalantzak behingoz alde batera utzi.

Egutegi samurragoak mesede egin dio Athletici, eta ligako azken lau partidak irabazi ditu. Horri esker, jauzi nabarmena eman dute sailkapenean. Orain bosgarren dago, 19 punturekin, Betis laugarrenarekin berdinduta. Garaipenekin batera, konfiantza pilatuz joan da, eta denboraldi hasieran zituen hainbat arazo ere konpondu ditu. Adibidez, aurkariaren ate aurrean eraginkorrago ari dira azken lehietan Erika, Nekane, Lucia eta enparauak. Hala, pixkanaka aurreko sasoietako talde lehiakor eta fidagarria bihurtzen ari dira zuri-gorriak. Litekeena da gaur Joseba Agirrek aldaketak egitea hasierako hamaikakoan, igandean beste partida bat jokatuko baitute, Sevillaren kontra, Lezaman.

Malaga talde igo berria da. Mailari eustea du helburu, eta oraingoz aparteko estutasunik gabe ari da lortzen. 11. dago sailkapenean, hamahiru punturekin. Zazpi puntura ditu jaitsiera postuak. Kanpoan apur bat behera egiten du bere jokoak, baina etxean talde deserosoa eta sendoa dela erakusten ari da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ainara Arratibel Gascon

Informazio osagarria