Baskoniak dena beharko du alde gaur, kanporaketa berdintzeko

Euroligako final-laurdenetako bigarren partida jokatuko du gaur CSKAren aurka, Moskun. Astindua jaso zuen herenegun, estrainekoan

Daniel Hackett eta Marcelinho Huerta lehian. YURI KOCHETKOV / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Kontu jakina zen Baskoniak lan zaila izango zuela CSKA Moskuren aurkako Euroligako kanporaketan. Lehen partidan, herenegun, berretsi ez ezik, indartu egin zen baieztapen hori, astindua eman ziolako etxeko taldeak (94-68). Baina jokoan dagoena kanporaketa da,eta hiru partida irabazi beharko ditu garaileak. Aurreneko partida baino ez zen asteartekoa.

Gaur dute bigarren partida, Moskun bertan (19:00), eta komeniko litzaioke Baskoniari hutsetik hastea, eta herenegungoa ahaztea. Beste partida ezberdin batekin egin behar dute amets arabarrek, jakitun izan arren, aldagai asko dituela kontra. Lehenik eta behin, errusiarren maila hobea. Sekulako jokalari onak dauzka CSKAk, eta asteartean Sergio Rodriguez borrero izan bezala, gaur besteren bat izan daiteke. Bigarrenik, epaileen lana dago. Herenegun ere,liga erregularreko azken jardunaldian bezala, erabat baldintzatu zuten bi taldeen defentsako lana: etxekoei utzi egin zieten nahi beste egur banatzen, baina Baskonia arinegi zigortu zuten. Datu hau oso argigarria da: 28 jaurtiketa libre jaurti zituzten etxekoak asteartean, eta hamar baino ez arabarrek. Kontuan izanda Baskoniari gaur on egingo liokeela partida gogortzeak, ez du ematen epaileen lana lagungarri izango zaionik hori egiteko.

Menperatzen ez dituen bi aldagai dira horiek Velimir Perasovicen taldearentzat, eta arreta jarri beharko du bere esku dauden gauzetan. Esaterako, urruneko edo kanpoko jaurtiketetan herenegun baino gehiago asmatu beharko du partida irabazteko aukerak eduki nahi baditu. Horrez gain, errusiarren saskiratze bolada ona heltzen denean—herenegun hirugarren laurdenaren hasieran hirukoekin txikitu egin zuten Baskoniaren saskia—, kantxaren beste alderdian burua hotz izan beharko du taldeak.

Jokalarien artean, bada itxaropenik gaur garaipena lortzeko, eta hori ematen dute aditzera Johannes Voightmanen hitzek: «Irabazten badugu gaur, gure planaren barruan jarraituko dugu. Defentsan ondo arituz gero, erasoan gauza onak egiteko gai gara. Horixe da gure jokoa». Ikusi egin beharko da gai diren horretarako, eta aurkariak eta epaileek zenbat uzten dieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.