Begoña Lazkano. Piraguista

«Hamarren baten bueltan egon daiteke dena»

Orain arteko garaipenik «handiena» lortu zuen igandean, Txekiako Errepublikan, Munduko Kopako 5.000 metrokoan, K1 proban. Hurrengo helburua abuztuan du, Munduko Txapelketa, eta, gero, 2024ko Olinpiar Jokoak, 500 metrokoan. Baina sailkatu egin behar lehendabizi.

JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Jende asko dabil atzera eta aurrera Kontxako pasealekuan. Bakoitza bere egunerokoan murgilduta. Hortik aterata dabil aste honetan Begoña Lazkano (Pasaia, Gipuzkoa, 1994). Etxean da piraguista, atseden hartzen, aurreko asteburuan balentria egin eta gero. BERRIAk lanean jarri du, elkarrizketa hasteko.

Kazetaria izanda, zer izenburu jarriko zenioke garaipenari?

Ezustekoa izan da.

Ondorengo kontakizuna?

Distantzia berezian lortu nuen, 500 metrokoa prestatzen dudalako. Baina neguan erresistentzia lan handia egiten dugunez denboraldi osoan jarduteko, badaukat oinarri hori 5.000 metrokoa egiteko.

Lastima 5.000 metroko proba ez egotea Olinpiar Jokoetan.

Joatea gero eta zailagoa da. Gutxi dira probak. 500 metrokoa prestatzen dut olinpikoa delako.

Hurrengo helburua da Kanadako Munduko Txapelketarako sailkatzea, abuztuan, 500 metrokoan.

Helbururik handiena horixe dut aurten. Uztaila erdian da selektiboa Espainia mailan, txapelketa baino pare bat aste lehenago, eta irabazlea bakarrik joango da Kanadara. Oso gogorra izango da.

Ez al da injustua?

Gutxi da, baina horrela dago piraguismoa.

Zuk badakizu zer den selektiboan ez lortzea leku bat.

Bai. Bi aldiz geratu naiz Olinpiar Jokoetara joan gabe selektiboa ez irabazteagatik. Irabazlea eta azkena berdin aritzen dira prestatzen, sekulako lana egiten dute biek, etxetik kanpo bizi, etxean oso denbora gutxi egon... Eta, azkenean, egun horretan jokatzen duzu dena, eta pertsonak gara, gerta daiteke egun horretan ondo ez egotea auskalo zergatik. Sekulako lana dago atzean; adibidez, neguan, zero gradutan uretan, hotzez, ordu pila bat entrenatzen... Lortuz gero, sekulako poza; bestela, etxera.

Gainditu egin behar kolpeak...

Denbora behar izaten da. Tokiotik kanpo geratu ginenean K4 proban, gogorra izan zen. Baina piraguismoa gustatzen zait, eta aurrera. Badakit utzi eta gero ez dagoela horretatik bizitzeko aukerarik. Halaber, emaitzen mende gaude, selektiboak-eta.

Kanpoko laguntzarik izan zenuen?

Euskal kirolariek Basque Team daukagu, eta zorteko gara horregatik. Sekulako babesa ematen digu, ekonomikoa eta gertutasuna.

Orain Pontevedran (Galizia) zaudete Espainiako selekzioan, bertan entrenatzen eta bizitzen. 11 zabiltzate, eta lagunak izango zarete, baina, gero, selektiboetan, elkarren etsai ia-ia. Nola kudeatzen duzue hori?

Ikasi egiten dugu. Egunero entrenatzen, elkar babesten gara, oso giro ona daukagu, eta ederki ari gara lanean. Selektiboan, bestearen aurretik geratzea da helburua, eta emaitza ondo barneratzea gero.

Egoskorra izan behar.

Halakoa naiz, bai. Eta oso lehiakorra uretan. Bestela, lasaia. Ezin zara erosotasunera moldatu; beti hobetu behar duzu. Azkenean, hamarren baten bueltan egon daiteke dena. Adibidez, Txekian, hamarren bategatik geratu nintzen finaletik kanpo 500 metrokoan. Krudela da. Edozein huskeria da hamarren bat.

Kanadaren ondoren, 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak, zure lehenak. Oraingoan bai?

Lanean oso ondo ari gara, norabide egokian. Teresa Portela da entrenatzailea, oso kide ona, erreferente bat. Oso motibatuta gaude.

Nola hasi zinen piraguismoan?

Aitona eta amona Galiziakoak ziren, eta aitona hona etorri zen lanera, arrantzale. Amona gaixotu egin zen, eta udan ama-eta hura zaintzen ibili ziren. Denbora neukanez, piraguari heltzea erabaki genuen Jon Carballo lagun minak eta biok. 10 urte neuzkan. Probatu genuen, eta gustatu. Donostia Kayakeko entrenatzaile Iñaki Loisek esan zigun negua pasatzen bagenuen baleko ginela. Egia esan zigun neguari buruz. Uretara erori zero gradutan, eta beste batzuetan, aitak lagundu behar arropak kentzen, besoak eta eskuak gogor-gogor eginda neuzkalako.

Ia jolasean hasi, eta, konturatzerako, seniorretan goi mailan.

17 urterekin gazte mailako Munduko Txapelketan, Alemanian, domina lortu nuen K4an, eta orduan hasi nintzen sinesten. Espainiako selekzioarekin Madrilen kontzentratzeko aukera neukan. Bigarren batxilergoan nengoen!Azkenean, hemen geratu nintzen, ikasketak amaitzeko. Madrilera geroago joan nintzen, eta unibertsitatean ere han hasi nintzen, Konplutentsean, Kazetaritza ikasten. Hor hasi zen seniorretako ibilbidea, eta konturatzerako erabat sartuta nengoen.

Eta orain Ingeles ikasketak egiten ari zara.

Poliki noa. Behar nuen piragua ez zen zerbait izatea buruan.

Beti piraguismoa buruan, hortaz?

Buruari buelta asko ematen dizkiot: zer jan, nola lo egin, asko ez nekatzea kiroletik kanpo...

Asko estutzen duzu zeure burua.

Bai. Gurasoek esaten didate lasai hartzeko, badudala gradu bat bukatuta. Baina matrikula ordaindu eta erdizka ibiltzea ere... Hala ere, piraguismoan bizitzen ari naizena baloratzekoa da.

Kazetari, filologia... Irakurtzea eta idaztea gustatzen zaizun seinale?

Bai. Nobela ingelesak irakurtzea ari zait tokatzen: Shakespeare, Dickens... Gustatzen zaizkit. Idatzi ere asko egiten dut, neuretzat. Iaz, ikasgai batean, ingelesez idatzi behar izan nuen poema bat, eta arraro hasieran, baina gustatu zitzaidan gero.

Aita aipatu duzu lehen. Zure estropadak zintzarri batekin segitzen dituen hori.

Horrela ibiltzen da ni animatzen. Ezin da megafonorik erabili nazioarteko lehiaketetan. Berehala entzuten diot uretatik, besteen garrasien artean. Gauzak okertzen direnean, badakit hor dagoela etxekoen sarea. Egoerei ikuspegi egokitik begiratzen laguntzen didate: hau piragua da, baina lehenagotik banuen beste bizitza bat, eta mundua ez da hemen bukatzen.

Aitak eginda utziko zizun herenegun gauean etxera heldu zinenerako oso gustukoa duzun janari bat.

Bai. Patata tortilla [barrezka]. Oso klasikoa naiz jaten. Txekiako janaria ona zegoen, baina aitaren patata tortilla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.