Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Made in Spain

Zaidaren lagunak

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'La amiga de mi amiga'

Zuzendaria: Zaida Carmona. Herrialdea: Espainia.Iraupena: 89 minutu.

Zaidak Rocio ezagutzen du; Rocio Lararekin dago, eta Zaidari Lara gustatzen zaio; Zaida Gabrielarekin zegoen eta Rocio Inesekin, baina hori iragana da; Aroari Zaida gustatzen zitzaiola zirudien, baina Juliarekin dago; eta Julia eta Rocioren artean zerbait dagoela dirudi, baina Julia Inesekin ere badabil. Bartzelonako kale eta tabernetan Zaida, Rocio, Lara, Aroa eta Juliak osatzen duten lagun talde honen gorabeherak ikusiko ditugu. Gabrielak Zaida utzi ondoren, Bartzelonara itzuliko da, eta garai bateko lagunekin zuen harremana berreskuratuko du. Festa eta kontzertu, performance eta zinema artean ikusiko ditugu bost emakumeak, harreman batetik bestera saltoka dabiltzala.

Zaida Carmona valentziarraren lehen film luzea da La amiga de mi amiga. Filma zuzentzeaz gain, gidoia idatzi du (MarcFerrer-ekin batera) eta protagonistaren rola antzeztu du. D'A Film Festival-en Un Impulso Colectivo saria jaso zuen.

Bartzelonako kultur giroan mugitzen den 30 bat urteko lagun talde baten harreman afektibo sexualei buruzko istorioa kontatuko digu Carmonak. Pertsonaia gehienak bizitza errealean lagunak dira (batzuek haien benetako izena mantendu dute filmean), eta fikzioarekin eta erreala den horrekin jokatzen du zuzendariak. Hainbat eszenatan pelikula bat grabatzeko elkartu diren lagun talde baten endredoak direla ematen du. Izan ere, elkarrizketek badute freskotasun, naturaltasun, ia inprobisazio kutsu bat, ideia horri indarra ematen diotenak.

Umorez beteriko kontakizuna da La amiga de mi amiga. Bartzelonako kultur mugimenduan dabilen hipster kuadrilla bat da protagonista; denak dira edo zinegileak, edo musikariak, edo performerrak. Eta horretaz barre egiten du filmak, inolako ardurarik gabe, baita neska gazteagoekin duten belaunaldi arrakalak sortzen dituen egoerez ere. Sentipena dut, ordea, umore hori, hein handi batean behintzat, adin eta testuinguru jakin bateko pertsonei bakarrik helduko zaiela. Hala ere, pop musikaz bustitako istorio honek unibertsalak diren kontuez hitz egiten du, eta batzuetan kitsch, batzuetan hipster, batzuetan underground den filmak azken batean lagun talde baten harremanak erretratatzen ditu, bere zalantza eta beldurrekin, ilusio eta desirekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.