Realak erronka zaila du gaur, Levanteren zelaian jokatuko baitu

Txuri-urdinek azken lau partidak irabazi dituzte, eta ez diete golik sartu. Aurkaria hirugarren da, eta ez du galdu azken zazpi jardunaldietan

Nahikari Garcia, Valentziaren aurkako partidan. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Denboraldiari indartsu ekin ostean, txakalaldi txikia izan zuen Realak urrian eta azaroan. Kolpea hartu zuen Anoetan, Athleticen aurkako derbia galduta, eta denbora bat behar izan zuen suspertzeko. Baina badira ia bi hilabete bide zuzena aurkitu zuela. Azaroaren 23an Taconen zelaian 3-1 galdu zuenetik, gorantz baino ez du egin. Tarte horretan jokatu dituen bost partidetatik lau irabazi ditu, eta beste bat berdindu. Azken lau jardunaldietan lortu ditu lau garaipen horiek.

Defentsan eta erasoan bikain arituta kateatu du garaipen bolada eder hori. Estatistika ikusgarriak pilatu ditu talde txuri-urdinak azkeneko lau jardunaldietan: hamahiru gol sartu ditu —hiru gol baino gehiago egin ditu partidako—, eta bakar bat ere ez diote sartu. Jokoan egon diren hamabost puntuetatik hamahiru lortu ditu. Horri esker, jauzia eman du sailkapenean. Lehen bederatzi neurketak jokatuta, zortzigarren postuan zen, hamabi punturekin, eta beste bost partida jokatuta, bosgarren dago, 25 punturekin. Gorago egon zitekeen, Deportivoren aurka jokatu beharreko norgehiagoka bertan behera geratu baitzen Galizian egin zuen denboraleagatik.

Talde osoak eman du aurrerapausoa, baina jokalari bat nabarmendu da guztien gainetik: Nahikari Garcia. Aurrelaria sasoi betean itzuli da ia bi hilabetez min hartuta egon eta gero: sei gol sartu ditu azken bost partidetan.

Aurkari gaiztoa

Realak bolada ona luzatu nahi du, baina, gaur, erronka zaila du, Levanteren zelaian jokatuko baitu (18:30, Gol). Hain zuzen ere, herenegun jakin zuten txuri-urdinek talde horren aurka ariko direla Espainiako Superkopako lehen finalerdian, otsailaren 5ean, Salamancan (Espainia).

Sasoiko dago Reala, baina baita Levante ere, zazpi jardunaldi baitaramatza galdu gabe: bost partida irabazi ditu, eta bi berdindu. Hirugarren postuan da sailkapenean, txuri-urdinek baino bost puntu gehiagorekin: 30 puntu lortu ditu, neurketa bat gehiago jokatuta. Nahiz eta aurkari gaiztoa izan, Gonzalo Arkonadak entrenatutako taldeak lehen itzulian erakutsi zuen harekin nor baino nor gehiago aritu daitekeela, hutsean egin baitzuten Zubietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.