Albistea entzun

Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskara, ezinbesteko tresna osasun arretan

Kalitatezko osasun arretan hizkuntzak duen garrantzia lantzen dute 'Hizkuntzen Kudeaketa Osasun Arretan. Euskara komunikazio klinikoan' graduondokoan.
Euskararen erabilera bultzatzeko ikur bat, Osakidetzan.
Euskararen erabilera bultzatzeko ikur bat, Osakidetzan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2021eko abenduak 3

Kalitatezko osasun arreta bat emateko, euskara ezinbesteko tresna da. Ideia hori du abiapuntu Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen duen Hizkuntzen Kudeaketa Osasun Arretan. Euskara komunikazio klinikoan graduondokoak. Jon Zarate zuzendariaren esanetan, hizkuntza eskubideen ikuspegia gainditu, eta «tresna» moduan hartzen dute euskara, azpimarratuz arrakastatsua den osasun arreta seguru, eraginkor eta hurbil bat izateko hizkuntzak berebiziko garrantzia duela. Hori erakusten duten ebidentzia akademikoak sortu eta ebidentziak horiek profesionalen esku jartzea du xede graduondokoak.

Sare bat sortzea izan dute buruan hasietatik, eta eginahal berezia egin dute askotariko erakundeen arteko elkarlana sustatzen. Era berean, nazioarteko ikuspegia ere sorreratik oso presente egon da proiektuan. Udako ikastaro batzuk antolatzea izan zen lehen urratsa, 2014an; besteak beste, eredu dituzten Gales eta Kanadako adituak ekarri zituzten. Graduondokoa, berriz, 2019-2020ko ikasturtean eskaini zuten lehen aldiz.

Aitor Montes Osakidetzako familia medikua da irakasleetako bat. Esan du nazioartean onartuta dagoen eredu bakarra dutela ardatz graduondokoan. «Bigarren Mundu Gerraren ostean, eredu biopsikosoziala onartu zuen nazioarteak. Pazientearen egoera psikologikoa, soziala eta biologikoa hartzen ditu kontuan, eta hor hizkuntza sartzen da zalantzarik gabe». Eskubideen ikuspegitik harago joan beharra aldarrikatu du Montesek ere. «Jendeak uste du osasun sistemaren funtsa osasun arreta eskaintzea dela, eta logikoa da hori, baina jendeak ez dakiena da osasun arreta pazientearen hizkuntzan eman behar dela, hori dela nazioartean onartutakoa».

Pazienteari moldatuta

Pazientearengan ardaztutako arreta ereduaren ideia xehetzeko, esan du eredu horrek esaten duela pazientearen ezaugarri guztiak hartu behar direla kontuan: nor den, nondik datorren, zein den haren ingurune osoa... Horri lotuta, hizkuntza ere pertsonaren atal banaezina dela dio, eta, hori kontuan hartuta, arreta ere pazienteari egokituta eman behar dela nabarmendu du.

Eskaintza aktiboarena da graduondokoan jorratzen dituzten beste gai garrantzitsuetako bat. Montesek zehaztu du pazientea eta medikua ez direla botere egoera berberean egon ohi. «Pazientea ahuldade egoeran dagoenez, eskaini egin behar da, eskatzera behartu gabe».

Saioa Martinez de Lahidaga da graduondokoa egin duten ikasleetako bat. «Hasieran pentsatzen nuen hautu bat zela euskara, norberak egin beharrekoa, baina graduondokoan ikusi dut teorizatuta dagoela osasun arretaren eta kalitatearen arteko elkarrekintza hori, eta arazoa oso ohikoa dela hizkuntza gutxituak dituztenen artean».

Iaz, UEUren udako ikastaroetan aurkeztu zuten graduondoko amaierako lana, eta, hortik abiatuta, harremanetan jarraitu du irakasleekin eta beste ikaskide batzuekin ere, bideari jarraipena emateko. Eusko Jaurlaritzaren Berdintzen beketako bat ere lortu du. «Corpusetan euskara eta feminismoaren gaia aztertzeko zen beketako bat, eta bururatu zitzaidan osasungintzari heltzea, emakumeak eta euskaldunak bi aldiz zapalduak diren horrekin».

Mediku egoiliarren lehen urtea ari da egiten Martinez de Lahidalga Bidasoko ESIan, familia medikuntzan. Osasun arloan euskara nola ikusten duen galdetuta, erdararako joera dela dio. «Uste dut pentsatzen dela osasungintzaren hizkuntza erdara dela, baina hizkuntza norberarena da, eta aukera eduki behar genuke nahi dugun hizkuntzan espresatzeko».

Akordioa Uemarekin

Orain arteko bi edizioetan, batik bat osasun arloko profesionalek hartu dute parte graduondokoan, nahiz eta izan diren hizkuntza teknikariak eta bestelako alor batzuetan lan egiten duten ikasleak ere. Graduondokorik ez dute eskainiko aurten, baina lanean jarraitzen dute, besteak beste, ikerketan. Proiektuan jende berria sartzeko eta graduondokoan zerbait ukitu behar den aztertzeko asmoa ere badute.

Uemarekin egin berri duten hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du Zarate zuzendariak. Akordio horren arabera, Uemako kide diren udalei proposatuko zaie herritarrek graduondokoa eginez gero matrikula ordaintzeko diru laguntza ematea. Badu beste eskaera bat ere zuzendariak: eskaintzen duten prestakuntzari merezi duen garrantzia ematea. «Hautapen prozesuetan eta abar graduondokoan eskaintzen ditugun konpetentziak kontuan hartzea izugarri garrantzitsua iruditzen zaigu».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Basurtun bihotzeko kirurgia ixtearen kontrako manifestazio bat. ©Marisol Ramirez / Foku

Sindikatuek manifestazioa egingo dute Basurtun bihotzeko kirurgia ixtearen kontra

Gotzon Hermosilla

Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eskatu diote Osakidetzari helegiterik ez aurkezteko erabakia eteten duen ebazpen judizialari.

Mintzodromo bat, San Telmo museoan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Aniztasunerako zubigintza

Iraia Vieira Gil

Euskaraz ez dakitenak erakartzeko jardunaldiak antolatu ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Euskarak sortzen dituen barne eta kanpo gatazkak izan dituzte hizpide.
Idurre Eskisabel, atzean Euskalgintzaren Kontseiluaren logoa duela. ©EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA

Idurre Eskisabel izango da Kontseiluko idazkari nagusia

Julen Aperribai

Paul Bilbaok hamabi urte eman ditu kargu horretan, eta hura ordezkatuko du Eskisabelek gaur zortzi, Durangon. Euskararen auzia «gizartearen lehentasun» bihurtzea eta aliantzak sendotzea jarri ditu helburu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...