Albistea entzun

Inoizko sasoirik berriena

Laster hasiko da eski denboraldia, eta horretarako prestaketak egiten ari dira eskiatzaileak. Aurten, gainera, sasoi berezia izango da, mendiko eskia hurrengo Olinpiar Jokoetan egongo baita, lehen aldiz. Aurten hasiko da olinpiar zikloa.
Martinez de Albornoz aurten jokatu den Europako Txapelketan lehiatzen.
Martinez de Albornoz aurten jokatu den Europako Txapelketan lehiatzen. ROGER SALANOVA Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2022ko azaroak 8

Iritsi da udazkena, eta eskiatzaileak hasiak dira elur bila. Hala ere, ez da erraza etxetik hurbil elurra topatzea. Azken urteetan bero handia egin du azaro partean, eta klima aldaketak geroz eta ondorio larriagoak dakartza. Eski estazioetan hartu dituzte denboraldia luzatzeko hainbat neurri: hala nola glaziarren eremuak estaltzea eta elur artifiziala sartzea. Laster hasiko da denboraldia, eta eskiatzaileak hari dira helburuetarako prestatzen.

NAHIA QUINCOCES
Eskiatzailea
«Mendiko eskiak bi bide argi hartuko ditu hemendik aurrera»

Nahia Quincoces (Mendexa, Bizkaia, 1983) hasi da elurra bilatzen. Udan, bizikletan eta korrika aritu da mendian. Denboraldi kanpoan, beste kirol batzuekin uztartzen dute eskia, apiriletik azarora elurra ukitzea «oso arraroa» baita. Orain, azaro betean sartuta, iritsi da elurretan entrenatzen hasteko garaia. Tignesera (Frantzia) joango da aurten ere, Alpeetara, han egin ohi du-eta denboraldiaurrea gehienetan.

Elurretan aritzera kanpora joan behar izaten dute garai honetan, eta bestela rollerrean aritzen dira. Gurpildun patin luzeak dira horiek, eta, Quincocesen esanetan, gaur egun mendiko eskiari «gehien hurbiltzen zaion praktika» da. «Horrela aritzen gara udazkenean, baina ahalik eta arinen, bakoitzaren lan baldintzen arabera, Alpeetako glaziarretara joaten gara».

Alpeetan kontzentratzen direnean, buru-belarri aritzen dira lanean, eta eguna «entrenamenduen araberakoa» izaten da. «Zazpiak aldera esnatu, gosaldu, eta elurretara joaten gara, entrenatzera». Gainera, apartamentutik hurbil elur gutxi badago, bidaiatu egin behar izaten dute. Elurretan «hiru ordu inguruko entrenamendua» egiten dute, eta bazkalostean beste «saio labur bat» egiten dute. «Batzuetan elurretan, eta besteetan gimnasioan». Beste ezer gutxi egiteko denbora izaten dute.

Hala ere, denek ez daukate Alpeetara joateko aukera edo denbora bera, eta horrek denboraldia «baldintzatu» dezake. Jende gutxi bizi da eskiatzeaz bakarrik, eta zaila da bakoitzaren lanbidea Alpeetara joatearekin uztartzea. «Hara eta hona joateko aukera daukanak elurra ukitzen du, eta guk, ordea, gehienok ez dugu elurra ukitu ere egin», adierazi du. Aurten, gainera, Munduko Kopa denboraldia hasi eta berehala iritsiko da, «beste urte batzuetan baino lehenago», eta orain arte elurretan aritzeak «abantaila» ematen die batzuei.

Edonola ere, denboraldiari begira dago jada Quincoces. Helburuak«oso argi» ez dituen arren, Gran Courseko lasterketa luzeetara joango da; besteak beste, Pierra Mentara eta Altitoyra. Horrelako lasterketetarako entrenatzeko, aurretik beste lasterketa batzuk ere egin beharko ditu. «Causiat Extreme, Bandres-Karoloren omenezko proba, edo Pirinioetako zenbait lasterketa egingo ditut».

Aurtengo sasoia, ordea, berezia izango da. Mendiko Eskia hurrengo Olinpiar Jokoetan izango baita lehen aldiz, eta olinpiar zikloari hasiera emango dion lehenengo urtea izango baita aurtengoa. Esprinta eta erreleboak dira bertan izango diren modalitateak. Hala ere, Quincocesek ez du bere burua bertan ikusten, oso diziplina «laburrak eta esplosiboak» baitira. «Gazteak gero eta gehiago zentratuko dira diziplina horietan, baina nire moduko kirolariek Grande Courseko lasterketak egiten jarraituko dugula esango nuke».

Quincocesen iritziz, «bi bide argi hartuko ditu hemendik aurrera mendiko eskiak». Alde batetik «ikuskizuna» bilatuko dela uste du Quincocesek, eta diziplina horiek jatorrizko mendi eskitik «aldendu» egiten direla uste du. Hala ere, bere alde onak ikusten dizkio kirol «minoritario» bat Olinpiar Jokoetan egoteari. «Bultzada bat jasotzen du mediatikoki zein ekonomikoki. Ezagunagoa egingo da, eta gehiago praktikatuko du jendeak. Gainera, seguruenik gehiago inbertituko dute, eta ikertzeko eta eboluzionatzeko aukera ere izango du».

IGONE CAMPOS
Eskiatzailea
«Gauzak asko aldatuko dira, eta hausnarketa bat egin behar izan dut»

Igone Campos (Zumarraga, Gipuzkoa, 1991) Alpeetan dago jada. Iaz Espainiako selekzioarekin joan zen hara, talde handian, baina aurten entrenatzailearekin joan da. Hala ere, Euskal selekzioko kide batzuk ere bertaratuko dira haiekin batera entrenatzeko. Orain arte, bizikletan, mendian eta rollerrarekin entrenatu da, eta orain prestaketa «espezifikoagoa» hasiko du, abenduan hasiko den eski denboraldiari «bete-betean» ekiteko.

Camposen hitzetan, azaro amaieran edo abendu hasieran, normalean «nahiko txukun» egoten da Euskal Herrian eskiatzeko, baina azkeneko bi urteetan «oso zaila» izan da: «Beroak dardarka jartzen ditu glaziarrak, eta oso elur gutxi dago». Gaur egun, «abendu erdialdera arte-edo» espero dute euskal lurretan entrenatzea. Hori dela eta, entrenamendu gutxiago egiteko aukera izaten dute elurretan, eta Alpeetako egonaldia «ahal bezala luzatu» behar izaten dute. Horrek «esfortzu ekonomikoa» eskatzen duela dio Camposek, eta hori egin ezin dezaketen eskiatzaileentzat «desabantaila» bat izan daitekeela.

Hala ere, «lehorrean» entrenatzeko aukera daukate, eta hori ere ederki ezagutzen du eskiatzaile gipuzkoarrak. Urte batean, ikasketak tarteko, Euskal Herrian entrenatu zen, eta bere burua «mugatuta» ikusi zuen; maldan gora entrenatzen lortu zezakeen fisikoa lortu baitzuen, baina beherakoan ez. «Ez nituen lortu behar diren indarra eta abilezia. Gorakoa gutxi gorabehera berdindu daiteke, baina beherakoan behar diren teknika kontuek asko mugatzen dute» aitortu du.

Klima aldaketari dagokionez, zuzen-zuzenean bizi dute arazoa eskiatzaileek. Argi dauka arazo «handi» bat dagoela, eta ziurrenik geroz eta entrenamendu gutxiago izango dituztela, baina arazoa «okerrera» joan daiteke, Camposen iritziz. «Elur faltagatik, lasterketa batzuk bertan behera gelditu dira, eta litekeena da hemendik urte gutxira lasterketa batzuk desagertzea», ohartarazi du.

Bitartean, denbora gutxi barru hasiko den sasoi honetan dago kontzentratuta. Olinpiar Jokoen ziklo berriak bere alde onak eta txarrak ditu, baina izango diren diziplinak eta Camposi gustatzen zaizkionak ez datoz bat. «Gauzak asko aldatuko dira, eta hausnarketa bat egin behar izan dut; batez ere indarrak zertara bideratu pentsatuz». Harentzat egokienak ez diren arren, diziplina horietan «enfasi handiagoa» jartzen ahaleginduko da, baina beste helburu batzuk ditu buruan. «Espainia mailan ahalik eta txukunen» aritu nahi du zumarragarrak, batez ere «Munduko Koparako eta Munduko Txapelketetarako» sailkatzeko. Diziplina guztiak izango dira hartan, eta mailarik «onena» erakutsi nahi du.

IÑIGO MTZ. DE ALBORNOZ
Eskiatzailea
«Pena da kirolak olinpiarrak izatearen mende egotea»

Aurreko biek ez bezala, Iñigo Martinez de Albornozek (Donostia, 1996) esprintean jarriko du arreta, eta erreleboetan ere trebatu nahi du. Olinpiar Jokoetan izango diren bi diziplinak ondo prestatu nahi ditu. Helburu nagusia da Munduko Txapelketan ondo aritzea, baina oraindik «goiz» da. Munduko Kopan ere bere onena eman nahi du. Martinez de Albornozen iritziz, gertatzen ari den zatiketa «ez da albiste ona», baina bai horrek ekar dezakeen «profesionalizazioa». Esprintak lantzen ari da gaur egun, baina nahiago du banakakoan aritu: «Pena da kirolak olinpiarrak izatearen mende egotea laguntzak jasotzeko garaian».

Alpeetan ari da entrenatzen, eta gero Pirinioetan arituko da. Euskal Herrian «ezin» izaten dira entrenatu neguan, eta Pirinioetara mugitzera «behartuta» daude: «Orain arte, asko bidaiatu dut lan kontuengatik, baina aurten Candanchun egoteko aukera izango dut neguan». Bakoitzak ahal duen moduan egiten du entrenatzeko, baina argi dauka gehiago entrenatzeko aukerarik ez izateak denboraldia «baldintzatu» dezakeela modalitate batzuetan, eta «egunero» eskiatzen duenak «abantaila handia» daukala.

Tigneseko kontzentrazioan «lan saio bikoitzak» egiten ari da, baina denboraldian «oso gutxi» entrenatzen da, lehiaketa guztiak oso jarraian baitira. Behin denboraldia hasita, ia asteburuero edo hamalau egunean behin lasterketa bat izaten dute, eta «apirilera arte» eutsi behar diote horri. «Horregatik da garrantzitsua atsedena», gaineratu du donostiarrak.

Klima aldaketari dagokionez, jakitun dago «etengabe okerrera» egiten ari dela. Tignesen dago orain, entrenatzen, eta bertako glaziarren aldaketa urtez urte ikusten ari da. Hala eta guztiz ere, ez du pentsatzen noizbait ezingo dutenik beren kirola egin: «Gero eta beranduago hasiko gara eskiatzen, eta baldintza okerragoak izango ditugu, baina horretara ere egokitu egin beharko dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

«Uneaz gozatu nahi dut; azken urteak ez dira errazak izan niretzat»

Jon Ander De la Hoz

Reala nola, Asier Illarramendi ere une gozoak bizitzen ari da. Txuri-urdinen kapitainak ez du lesiorik izan azkenaldian, eta «taldeari laguntzen» ari da zelaian. Lehen itzulikoari eutsi nahi dio, ligan goian segitzeko eta Europan urrun ailegatzeko.
Bandres-Karolo probaren aurreko edizio bateko irudia. ©Ramon Olasagasti

Mendiko eskiaren festa bueltan da Izaban

Ramon Olasagasti

Bandres-Karolo oroimenezkoa egingo da asteburu honetan Erronkariko mendietan, hiru urteko hutsunearen ondoren

Lebron James errekorra lortu berritan, bart, Los Angelesko Staples Centerren (AEBak). ©Allison Dinner / EFE

NBAren historian puntu gehien sartu dituen jokalaria bihurtu da LeBron James

Beñat Mujika Telleria - Paulo Ostolaza

39 puntu lortu ditu Oklahomaren aurkako partidan, eta Kareem Abdul-Jabbarren errekorra hautsi du: denera, 38.390 puntu saskiratu ditu denboraldi erregularrean. Abdul-Jabbarrek berak pasatu dio lekukoa.

<b>Bidasoako eta Aguas Santas Milanezako jokalariak Irunen jokatu zuten joaneko partidan .</b> ©JON URBE / FOKU

Ezusteko porrota

Beñat Mujika Telleria

28-25 galdu du Bidasoak Portugalen, Aguas Santas Milanezaren aurka. Portugaldarrak Europako Ligan garaipenik lortu gabe zeuden

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...