Albistea entzun

Malen Osa Ansa. Mendiko korrikalaria

«Denbora gutxian gauza gehiegi pasatu zaizkit»

2022ko mendi lasterketetako albisterik pozgarrienetako bat izan da Malen Osa Ansarena. Lehen hiru mendi lasterketak irabazi ondoren iritsi zitzaion euskal selekzioan aritzeko deia, Espainiako Txapelketa ere irabazi zuen bere mailan, eta Salomon taldeak fitxatu berri du. Guztia barneratzeko lanean jarraitzen du.

JORDI SARAGOSSA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2022ko azaroak 22 - Donostia

Donostian jari du hitzordua Malen Osa mendi korrikalariak (Oñati, Gipuzkoa, 2002). Aste baruan hura du bizitoki, ikasketak tarteko. Irribarretsu azaldu da, bere taldeko elastikoarekin. Ez dira egun asko Golden Trail Serieseko finaletik itzuli dela Madeiratik (Portugal), eta finalaz hitz egiten hasi orduko, begiak kolpetik ireki ditu. Etorkizuna bere esku dago.

Ikusi gehiago: Motzean

Denboraldia bikain amaitzeko, Golden Trail Serieseko finalean hartu duzu parte Madeiran. Zer-nolako esperientzia izan da?

Izugarria izan da! Oso zalantzati joan nintzen Madeirara. Uda zaila izan zen niretzat, lesio bat zela medio. Osatze prozesua oso luze joan zen. Ekainean jokatu nuen azken lasterketara, jada min hartuta joan nintzen, nahiz eta lasterketan ez zidan batere eragin. Halere, geroztik, ez nuen bururik altxatu! Uztail osoa gimnasioan pasatu nuen, eta abuztu hasieran hasi nintzen gutxinaka mendian gora. Beheraka eta ordekan ezin nuen. Korrika, berriz, iraileko lehen astean hasi nintzen, eta oso bolumen gutxirekin joan nintzen azkenean Portugal aldera. Ezustean, dena ondo atera zitzaidan lasterketan.

Zeri zenion beldur?

Bost eguneko lasterketa bat zen, eta nire helburu bakarra bost etapak amaitzea zen. Ez nion beste ezer eskatzen neure buruari! Inoiz ez nintzen astean 120 kilometro egitetik pasatu, eta, hemen, bost egunetan 108 kilometro egin behar nituen atseden egunik gabe. Baina izugarri gozatu dut, egunetik egunera hobeto sentitu nintzen, eta gorputzak ere bikain erantzun zidan. Asko gozatu nuen, eta izugarrizko esperientzia izan da arlo askotan. Asko ikasi dut eliteko korrikalariengatik, eta haiekin izan dudan bizikidetza ez dut inoiz ahaztuko. Horrez gain, emaitza bikaina lortu nuen. Nire mailan, bost etapetatik bost irabazi nituen. Aurkarien artean Noemie Vachon frantziarra zegoen, aurtengo Gorbeia Suziengo irabazlea, eta hari ere aurre hartzeko gai izan nintzen. Ezin nuen gehiago eskatu.

Azken etapan Sara Alonsorekin batera eginiko iritsiera izan da Golden Trail Serieseko bideoetan gehien ikusia. Nola sortu zen ideia?

Sarak berezkoa du horrelako iritsierak egitea [barrezka]. Azken etapan, eta hamabi kilometro falta zirela, harrapatu egin nuen jaitsiera batean. Handik aurrera, batera joan ginen kilometro askotan. Nik ikusten nuen aukera polita izan zitekeela batera sartzea, baina ez nintzen ausartzen hari ezer esatera. Halako batean, berak aipatu zidan ederra izan zitekeela batera sartzea. Gainera, ezustean, zera esan zidan: «Eta nire bizkar gainean hartu eta horrela sartzen bagara?». Aipatu nion ni bera baino altuagoa naizela, eta, nahiko balu behintzat, nik hartuko nuela bizkarrean. Ezetz erantzun zidan, lasai egoteko, eta 50 metro falta zirenean berak hartuko ninduela. Eta halaxe sartu ginen helmugan. Oso polita izan zen.

Denboraldia orokorrean nola joan da?

Oso gazi-gozoa izan da. Nahiko denboraldi hasiera eskasa izan zen. Emaitza onak lortu nituen arren, lasterketa gehienetan asko sufritu nuen. Gutxira, eta odol analisi batzuk egin ondoren, anemia nuela esan zidaten. Bi hilabete oso gogorrak izan ziren, baina konturatzerako berriro ere oso ongi sentitu nintzen. Hurrengo hilabete parea oso gustura ibili nintzen; ekainean, esaterako, Olla de Nurian [Girona, Herrialde Katalanak]. Oso gaizki ekin nion denboraldiari, baina amaiera bikaina izan da. Madeirara, adibidez, jende asko denboraldi amaierako nekearekin joan zen; baina, ni, oso gogotsu iritsi nintzen. Freskotasun puntu batekin nengoen. Korrika jarraitzeko gogo handiarekin amaitu dut denboraldia.

Amaitutzat eman duzu denboraldia?

Portugaldik itzuli nintzenean hamabi eguneko geldialdia egin nuen, baina dagoeneko berriz ere martxan jarrita nago. Ez gara asko gelditzekoak.

Ezin da ahaztu zure lehen denboraldia izan dela 2022koa.

Bai, bai, iazko abuztuan hasi nintzen korrika mendian. Herriko lasterketa jokatu nahi nuen, Aloñako Igoera [Oñati, 22,6 kilometro, +1.868 metro], alegia. Pandemiagatik, 2021ekoa urrian jokatu zen, eta, ordura arte ikustera joaten nintzen aldiro, noizbait korritu behar nuela esaten nion neure buruari. Abuztuan, Oroeleko Igoeran [Jaka, Aragoi, 10,7 kilometro, +996 metro] parte hartu nuen. Nire lehen mendi lasterketa izan zen, eta irabazteko aukera izan nuen. Izugarri gozatu nuen. Ondoren, Gorbeia Suzienera joan nintzen, eta hura ere irabazteko aukera izan nuen. Ezin sinetsirik ibili nintzen denbora batean! Baina, orduan, oraindik ere futbolean lehiatzen nenbilen. Ondoren, Aloñako Igoeran hartu nuen parte. Hura itzela izan zen!

Etxean irabazteko aukera izan zenuen. Ez omen duzu berehala ahaztuko, ezta?

Ez, ez. Oso berezia izan zen hura! Banekien Oihana Azkorbebeitia ere parte hartzekoa zela, baina, orduan, Oihana oso-oso urruti ikusten nuen. Egundoko lasterketa egin nuen, eta helmuga lehen postuan zeharkatzea izugarria izan zen. Haren ondoren, konturatu nintzen agian denboraldi batean serioago aritzeko aukera izan nezakeela. Orduan ez nintzen entrenatzen, mendira joaten nintzen. Entrenatzaile batekin hasi, eta ikusi egin nahi nuen zer egiteko gai nintzen.

Oso denbora gutxi daramazu mendi lasterketetan, baina erreferenterik izan al duzu?

Onartu behar dut orain dela oso gutxi arte ez nuela ia mendi korrikalaririk ezagutzen. Aurtengo Zegama-Aizkorri ikusi eta gero hasi nintzen gehiago jarraitzen mundu hau. Kilian Jornet bakarrik ezagutzen nuen. Hura ere erreferente izan da niretzat, baina, bat aukeratu beharko banu, Oihana Kortazar dela esango nuke. Hura ezagutzeko aukera izan dut orain, eta hark daukan diziplina handia da. Goi mailan hainbeste urtetan egoteko, gauzak oso ondo egin behar dira. Harekin izan ditudan elkarrizketa gehienetan, beti ikasi dut zerbait.

Kortazarren antzera, zu ere Salomon taldean zabiltza. Nondik etorri zitzaizun aukera?

Espainiako Txapelketara joan nintzen euskal selekzioarekin, Galiziara. Ez nuen batere lasterketa ona egin, baina nire mailan irabazi, eta gutxira eskaini zidaten haiekin taldean sartzea. Txapelketa irabazteak asko lagundu zidan Salomonera joateko, nahiz eta aurretik begiz joa nindutela onartu zidaten. Zalantzetan egon nintzen txapelketara joan ala ez, baina eskerrak joan nintzen! Inoiz ez da jakiten aukerak non sor daitezkeen. Oso denbora gutxian gauza gehiegi gertatu zaizkidan irudipenfa daukat. Bertigo puntu bat ere ematen dit honek denak. Hankak lurrean izan nahi ditut, eta tamaina hartzen joango naiz. Oraindik ere, gertatzen ari zaidan guztia opari bat dela iruditzen zait. Zorte handia izan dudala pentsatzen jarraitzen dut.

Azken hilabeteetan askok diote, Alonso eta zu izango zaretela, besteak beste, Kortazarren eta Maite Maioraren oinordeko. Zer duzu esateko?

Historia askoko korrikalariak dira biak ere, eta haiek ordezkatzea oso oso zaila izango da. Maiora oso gutxi ezagutzen dut, baina Kortazarrek oraindik ere lan handia emango du. Aurten asko jarraitu dut Kortazar, eta, zenbat lasterketa jokatzen dituen ikusita, konturatu naiz oraindik ere lehiatzen jarraitzeko urte asko gelditzen zaizkiola. Nik, gainera, ez dut inor ordezkatu nahi, nire ibilbidea egin nahi dut.

Datorren urtera begira zein asmorekin zabiltza?

Lehen aipatu bezala, bertigo pixka bat ere ematen dit etorkizunak, baina ez dakit zenbat denbora iraungo duen amets honek. Ahal ditudan aukera guztiak aprobetxatu nahi ditut, eta hurrengo helburua nazioarteko lasterketetan lehiatzea izango da. Serio hartu nahi dut datorren urtea, eta Golden Trail Serieseko zirkuituko proba batzuetan hartuko dut parte. Madeiran jokatutako Open maila irabazi nuenez, hiru lasterketetan parte hartzeko eskubidea irabazi nuen.

Zegama-Aizkorrin parte hartuko duzu datorren urtean?

Ez, ez naiz Zegaman izango. Oraindik oso gaztea naiz maratoi distantzian lehiatzeko, eta, nahiz eta izugarrizko gogoa daukadan bertan parte hartzeko, ez naiz han lehiatuko. Ibilbidea bikain ezagutzen dut, baina burua hotz izan behar dut. Gero ere izango dut denbora bertan parte hartzeko. Distantziak gutxinaka igo nahi ditut, eta aurretik beste lasterketa batzuk jokatu behar ditudala iruditzen zait.

Non lehiatuko zara orduan hurrengo denboraldian?

Oraindik ez dute egutegia atera, baina azken urteetan ez da asko aldatu. Azken denboraldietako egutegiaren arabera, Sierre-Zinal [Suitza, 31 kilometro, +2.200 metro], eta Dolomyths Run [Italia, 22 kilometro, +1.700 metro] jokatuko ditut ia ziur. Ondoren, litekeena da, Ameriketan korritzen den lasterketaren batera joatea. Hango distantziak egokiagoak dira nire baldintzetarako. Halere, oraindik ere dena airean dago. Asko gustatuko litzaidake berriz ere Golden Trail Serieseko finalean parte hartzea. Horretarako borrokatuko naiz. Bestalde, berriz ere Espainiako txapelketetan parte hartu nahiko nuke. Mendiko eta atletismoko federazioekin joatea gustatuko litzaidake. Bertan parte hartzeak onurak ekartzen ditu, eta etorkizunean Munduko edo Europako txapelketaren batera joateko ilusio handia daukat.

Euskal Herriko lasterketaren batean arituko zara?

Bai bai! Esaterako, 2022ko Aloñako Igoerako arantza atera nahi dut. Lasterketa irabazi nuen arren, ez nuen batere gustura amaitu. Maite Maiorak daukan 2 ordu eta 20 minutuko denborara gerturatu nahiko nuke. 2021ean 2 ordu eta 26 minutuan amaitu nuen, eta hura jaistearekin amesten dut. Denbora hori jaisteko gai ikusten dut neure burua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Giro onak lagundu digu prestatzen eta gozatzen»

Jon Ander De la Hoz

Azurmendik eta Alberdik irabazi dute Sherpa Airen binakako txapela. Biei «ilusioa» egin die elkarrekin gailentzeak. Finalean egindako lan ona azpimarratu dute.
Teresa Errandonea atleta Donostiako belodromoan. Bertan entrenatzen da eguraldi txarra dagoenean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Erori, zutitu, eta jauzi egin

Beñat Mujika Telleria

Min hartuta egotea zaila izaten da kirolarientzat, baina soleoan izandako lesioa atzean utzita, sasoiko itzuli da Teresa Errandonea hamar hilabeteren ostean.

<b>Realeko jokalariak igandean sartutako goletako bat ospatzen.</b> ©LA LIGA

Balio handiko partida

Ainara Arratibel Gascon

Realak atzeratutako liga partida jokatu du gaur Real Madrilen zelaian. Txuri-urdinek segida eman nahi diote igandean lortutako garaipenari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Unai Ugartemendia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.