Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Liburu baten aburuak

2016ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Egunkari honek ematen didan askatasun seguru asko gehiegizkoa baliatuz eta Zaldieroaren Azken Antxoa imitatuz, sortu zaidan aukera baliatu eta 1980ko hamarkadako euskal literaturako liburu bati elkarrizketa egitea otu zait, pentsatuz jasotako erantzunak lagungarri izan daitezkeela jakiteko zertan aldatu den euskal literaturaren sistema oro har eta Durangoko Azoka partikularki azken hiru hamarkadetan. Ez da erraza liburu bat elkarrizketatzea, normalean liburuek kazetariekiko harremana egilearen esku uzten baitute, okerreko adierazpenik eginez gero haren haserrearen ondorioak jasan behar izateko beldurrez seguru asko. Horrez gain, uste dut pozgarria dela baiezkoa eman didan liburua duela hiru hamarkada argitaratua izatea, horrek eskarmentuari datxezkion jakinduria eta tenplea ematen baitizkio. Dena den, zoritxarrez, elkarrizketatu dudan liburuak nahiago izan du bere izenburua ezkutuan gorde, «ez nire egilearen beldur naizelako, neure buruari merezi ez dudan protagonismoa ez ematearren baizik». Liburu anonimo bati egindako elkarrizketa duzu hau, beraz, irakurle.

—Duela hiru hamarkadako liburu bat zara, euskaraz idatzi eta argitaratua. Durangoko Azokan izan zara aurten?

—Bai zera! Urteak dira ez nagoela Durangoko Azokan. Zorakeria litzateke! Ez naiz lehen mailako idazle batena. Ez naiz Obabakoak. Guztiz ahaztuta nago eta ez nau inork ezertarako ere aipatu auskalo noiztik! Ni bezalako liburu guztiak eraman behar balitu argitaletxeak Durangora, akabo!

—Deskatalogatuta ez zaude ordea, ezta?

—Ez. Amazonen salgai nago. Horrek pentsarazten dit dendetan ere izango dela ni enkargatzeko aukerarik. Baina deskatalogatzen banaute, ez naiz jabetu ere egingo.

—Argitaratu zintuzten urtean Durangoko Azokan izan zinen?

—Bai. Ohore bat izan zen. Orduan, gainera, ez zen gaur adina liburu eta disko izaten. Eta are gutxiago gaur adina... nola esan?... bestelako. Sinpleagoa zen dena, eta errazago aurkitzen genuen geure lekua, errazago aurkitzen gintuelako irakurleak. Norbait sentitu nintzen azokan, nahiz eta argi izan ez nintzela lehen mailakoa.

—Gaur egungo liburuek zailagoa al dute horretara iristea?

—Baietz uste dut. Ni argitaletxe nagusietako batek, edo nagusiak, kaleratu ninduen arren, ez zidaten aurkezpen-prentsaurrekorik antolatu, garai hartan oso liburu gutxiren kasuan egiten baitziren halakoak. Beharrik ere ez. Liburua promozionatzeko nahikoa zen bospasei ale zabaltzea jaramon pixka bat egin zezaketen hedabideetara: Argia aldizkaria ororen gainetik, El Diario Vasco egunkariaren Zabalik gehigarri aparta, Euskadi Irratiko Sorgin afaria mitikoa, Egin, Deia... eta ezer gutxi gehiago.

—Gaur egun, aldiz, gehiago landu behar da promozioa, ezta?

—Bai, motel! Kaleratu orduko, berehala dago liburua egunkari, aldizkari eta agerkari digital guztietan, berehala du oihartzuna sare sozialetan, eta badirudi idazleak ahalik eta leku gehienetan egon behar duela bere liburuaren berri ematen. Baina alferrik da, liburu gehienak baso ikaragarri sarri baten erdian galduta geratzen baitira luze baino lehen. Asko jota, onenean ere, une batez egiten dute distira eta gero kito! Debate sakon eta pausatua sortu beharko luketen liburuek, berriz, sare sozialetan xextra xixtrinak baino ez dituzte eragiten. Kultura-adierazpenak dibertsifikatu eta demokratizatu egin dira, eta hori ez da txarra, baina horrek eragiten duen atomizazioak gero eta bakartuago eta galduago uzten du kultura-produktu ertaina, gero eta arrasto ezdeusagoa uztera kondenatuta.

—Gaurko liburu gehienek baino bizialdi luzeagoa izan al zenuen zuk?

—Ez askoz luzeagoa, baina bai patxadatsuagoa. Gutxiago ginen, gose handiagoa zegoen, irakurle batzuen aldetik behintzat, literaturak bazuen artean ere erreferentzialtasun bat, prestigio bat, gaur egun galdua duena... Neure aukera izanda eta neure ibilbidetxoa eginda desagertu nintzen euskal letren panoramatik.

—Ez duzu, beraz, gaurko liburuen inbidiarik?

—Bakar batzuena bai. Hori ezin dizut ukatu. Ikaragarria izan behar du Toti Martinez de Lezearen liburu berria izateak; Jakoba Errekondoren Bizi baratzea-ren arrakastaren iraunkortasuna ere ez da letxugaren azken hostoko barea. Baina, oro har esanda, egiten zaien harrerari erreparatuta, gaur egungo liburuen inbidiarik ez dut; ez behintzat nire tankeratsukoak diren liburuen inbidiarik.

—Kezkatu egiten al zaitu panorama horrek? Ba al du irtenbiderik, zure ustez?

—Ez. Bizitza horrelakoxea da. Bizitzan ere gaurkoak atzokoa irensten du, biharkoaren bazka izateko. Nik lasaitasunez begiratzen diet gaur egungo liburuen gorabeherei, bere zereginak beteak dituenaren talaiatik, nire partida aspaldi amaitu baitzen. Dena den, gaiak kezkatuko banindu ere, nekez proposatu ahal izango nukeen irtenbiderik, ez bainaiz inondik ere saiakera tesiduna, galderaz jositako testuz osatutako liburu arraroa baizik.

—Arrarotzat duzu zeure burua?

—Uste al duzu bestela zurekin hizketan ariko nintzela, ari naizen bezala? Ezagutzen al duzu elkarrizketarik emandako beste libururik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.