Danele Sarriugarte.
HIRUDIA

Konplizearena

2017ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Orain dela hiru urteko sargorietan, erreportaje-sorta atenporal bat argitaratu zen egunkari honetan: Sortzailea eta konplizea. Sei sortzaile ezagun eta beren konplize bana bildu zituzten kazetariek, eta haien arteko elkarrizketak orriotara ekarri. Ordena kronologikoan, sormen-bikote hauexek ezagutu genituen: Harkaitz Cano idazlea eta Gorka Arrese Susako editorea; Itziar Okariz eta Jon Mikel Euba, artistak biak; Koldo Almandoz zinegilea eta Marian Fernandez Pascal zinema-ekoizlea eta Txintxua Films zinema-ekoiztetxearen sortzailea; Ainara Gurrutxaga eta Oier Guillan, antzerkilariak biak, Dejabu Panpin Laborategiko kidea bata eta Metrokoadroka Sormen Laborategikoa bestea; Mixel Etxekopar txirularia eta Jean-Christian Irigoien akordeoilaria; eta Xabier Montoia eta Ibon Rodriguez, musikariak biak.

Gustatu zitzaidan sorta, lehenengo eta behin, sormen-lan indibidualaren mitoa hausten zuelako, eta argi agertzen zelako, ia erreportaje denetan, izen bakarrarekin sinatua den horrek beti duela (gutxienez) beste lagun bat atzean, beste inork babestu, xaxatu eta (hobetze aldera) kritikatu duela dena delako lana, gure begi, belarri eta bihotzetara iritsi aurretik.

Fikziozko idazleek ere badute halako konplizerik. Elena Ferranteren Napoliko tetralogiako protagonista Lenu, adibidez, idazlea da, eta nahiz eta estreinako liburua argitaratzen duenerako akaso irakurleak ahaztuxe eduki, Goetheren aipu honekin abiatzen da eleberri luze-luzearen lehen zenbakia: «Gizonak lokartzeko joera handiegia du; berehala errenditzen da oztoporik gabeko atsedenera; horregatik, lagun bat eman behar zaio, kitzikatzeko, bizkortzeko, beretzat demonioarena egiteko». Lenu neskatoari Lilak egiten dio deabruarena, eta konplize ez baizik adiskide paregabea da: bigarrenaren grinari segika batzuetan, kontrakarrean bestetan eta paso egin nahian sarri egiten du aurrera lehenak.

Halako konplize bat, profesionala ere izan daiteke. Canok, adibidez, Arrese editorea ekarri zuen periodiko honen deialdira, idazleen konplize izatea lanbide duen bat. Tamalez galtzen ari den artisau jarduna omen da, gainera, editorearena.

Ildo horretatik zihoan orain bi igande, ekainaren 11n, El País Semanal gehigarrian atera zuten erreportaje-sorta udatiar zabala: Editores. Los últimos de una especie —izenburua entzutearekin batera hasten dira kanpai-hots arranditsuak urrunean jo eta jo—. Lau editore hauei eskaini zieten artikulu bana: Antoine Gallimard (Gallimard, Frantzia), Jorge Herralde (Anagrama, Espainia), Sonny Mehta (Alfred A. Knopf, AEB) eta Daniel Divinsky (Ediciones de la Flor, Argentina). Bistan da, editore-espezie jakin bat hautatu zuten: hizkuntza handietakoak, izen handikoak, argitaletxe ikurren ikurrak. Bazuten bestelako aukerarik, argitaletxe txikiak ugaritu direlako eta hor ere badagoelako artisau jardunari dena emanda bizi denik. Baina bego horretan, mamitsua iruditu zitzaidan-eta erreportajea hala ere.

Anaiarekin izandako ika-mikan gailendu ostean hartu zuen familiako enpresaren lema Gallimardek; argitaletxean aurrez ibilitako editoreak hautatu zuen Mehta lanposturako, eta Herraldek eta Divinskyk, berriz, eurek sortu zituzten beren zigiluak, zurian beltz ikusi nahi zituzten zenbait gauzari tokia egiteko. Herralderi buruzko erreportajean kontatzen denez, gerora berme bihurtu zen marka bera, eta zenbait irakurlek Anagramakoak zirelako letzen ei zituzten zenbait liburu, autoreari buruzkorik apenas ezagutu gabe, argitaletxearen irizpide onean fidaturik soilik. Idazlearen konplizea ez ezik hamaika idazleren artean funtzionatuko duen horren ehiztaria ere bada, beraz, editorea kasu hauetan.

Hamarraldiak egin dituzte denek lanetan. Herraldek eta Divinskyk erretiroa hartu berri dute, argitaletxeak beste enpresa handi bati eta emazte eta bazkide ohiari salduta, hurrenez hurren. Gallimardek dio bospasei urtez jarraituko duela jardunean eta ondoren alabari utziko diola ardura. Agur eta ohore.

Kanpai-errepika.

Pasa den irailean galderaz beterik heldu nion txoko honi, eta berdin amaitu nahi nuke. Sortzaileak premiazko ditu konplizeak; itzultzailearen lana zuzentzaileak hobetzen du; idazten dena norbaitek irakurri behar du, begi zorrotzez, beste inork baino lehen: baina zer da editorea gurean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.