Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Madame Kontxexi Wittig Bar-en

2017ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Bada, nik detektibeez hitz egin nahi nuen gaur, eta ez Sautrela-ren dekapitazioaz. Ezin erraz eskapu egin, ordea, halako albiste bati. Arrazoi zuen Gorka Erostarbe periodiko honetako kultur kazetariak joan den astean: «Ez asaldura masiborik, ez kexa kolektiborik. Ez da halakorik izan BERRIAk duela hamar bat egun inguru jakinarazi zuenetik ETBk programaziotik kenduko zuela Sautrela literatur saioa. Horrek berak neurtu eta defini dezake kultura sorkuntzak oro har, eta literaturak kasu jakin honetan, egungo gizartean duen itzalaren tamaina». Errealitate tamalgarri baina negarkeriarik gabe onartu beharreko hori gorabehera, berri hura publikatu zen egunean huraxe izan zen gehien leitutako notizietako bat, eta sare sozialetan ere, «Nola da posible?» eta halako beste galdera zurtu dezente izan zen. Baina, andre-jaunok, ez dakit detektibe azeria izan beharrik dagoen susmatzeko zein diren hiltzaileak, zein hilketaren zioa: hau pausoxka bat baizik ez da kulturizidio disimulatu honetan; beste ukalditxo bat folklorismotik eta anekdotatik haragotzen gaituen ekinaldi oro itotzeko; urrats hutsal ustezko bat ETB1 zena ETB-huts bihurtzeko.

Baina ez, ez: nik gaur ez nuen kontatu nahi nola lepamoztu duten Sautrela. Eta ez, ez naiz arituko Euskadi sariez ere. Bai pixka bat, ordea, Euskadi saridun batez, Itxaro Bordaz, eta haren pertsonaia enblematikoenetako batez: Amaia Ezpeldoiri buruz, alegia. Tira, egia da Bordari ez ziotela sari hori eman Ezpeldoiren sagako liburu batengatik, baizik %100 Basque nobela bikain zorrotz parodikoagatik. Ia esan liteke, baina, epaimahai batek eman ziola sari bat %100 Basque-ri, eta irakurleek eman diotela beste bat Amaia Ezpeldoiren detektibe-bildumari; ez dakit sari kuantitatiboa izan ote den (Durango ez zaigu iritsi oraindik, eta a zer nagia salmenta-kontuez aritzea…), baina bai estimuaren saria eta, bereziki, euskal detektibe lesbiana rural baina hiritartu horren joan-jinek pizten duten irribarre-erdi ordainezinaren saria. Duela aste pare bat, Gehituk Donostian antolatutako solasaldi batean, Bordak kontatu zuen (Iratxe Retolaza gidari eta galdetzaile fin zuela) bazterretik erdigunerago egin duela Ezpeldoik liburutik liburura: landagunetik hiriko plazara jalgi da. Era berean, bazterrekoa izanik, ardatz ere bihurtu da Bordaren pertsonaia hori euskal irakurzale ez hain gutxirentzat: erreferente bat.

Eta Amaia Ezpeldoik, niri neuri, beti ekartzen dit gogora euskal literaturako beste pertsonaia bat, oso diferentea baina ez guztiz urruna, eskola-garaian ezagutu nuena: Madame Kontxexi Uribe, brigada & detektibe. Emakume ez-gazte alargun lodi apain-apain bat («ehun eta hogei kilo pasatxoko pisu ondradua» duena eta «kulero puntiladunak» eta «zetazko titi xorroak» janzten dituena), ofizioz irakaslea, bihotzez ikertzaile petoa, burugogorra, ausarta, fantasiatsua baina ez inuzentea, jenio oso on eta oso txarrekoa, beharraren arabera. Anjel Lertxundik maisuki idatzi zituen, 1988an eta 1989an, Madame Kontxexi protagonista zuten sei istorio, entretenigarriak bezain jostagarriak eta ironikoak (baita ganberro samarrak ere), euskara bixi adierazkor bikainean kontatuak (esan beharrik ere ez zegoen agian), eta Antton Olariagaren irudi eder-zatar apartek lagunduak. Inork igual galdetuko dit ea zer demontre duten antzeko Ezpeldoik eta Uribek, emakume eta euskaldun izateaz gain: bada, apurtzaileak direla biak, nor bere moduan, esan gabe joan ohi direnak esanez, detektibe-nobelen kodeari eta are topiko batzuei ironia goxoz men eginez baina eleberri-genero horren beste ezaugarri tradizional (folkloriko?) asko itzulipurdikatuz. Nik neuk ahalegin handirik gabe imajina ditzaket biak misterio berean eskuz esku lanean, baita akaso parrandan ere: Madame Kontxexi Wittig Bar burbuilatsuan.

Bikote txarra ez, Sautrela-ren dekapitazioa ikertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.