HIRUDIA

Fikzioko euskara ez-fikziozkoaz

Maialen Berasategi Catalán - Itzultzailea

2017ko abenduak 14
Euskarazko bikoizketarekin hazi ginen askok ohartu ere egin gabe bixkortu genuen belarria eta, ondorioz, baita ahoa pixka bat trebatu ere. Telebistako saio haiek ikusita, gure asmoa ez zen euskara ikastea, baina ikasi egin genuen hala ere (ez dakit pedagogia hoberik dagoen). Hizkuntza ez zen berezitasun bat: ez genion erreparatzen, arrainak urari erreparatzen ez dion bezala; hain zen gauza berezkoa, naturala, fikzio hura euskaraz kontsumitzea. Belarria egin ez ezik, iruditeria eta hosteria propioak bezain unibertsalak sortu genituen: guretzat, Satan Txiki beti izango da Satan Txiki, eta ez Piccolo; baina Dragoi Bola beti izango dugu etxekoa bezain kolektiboa, munduko edo behintzat munduaren parte honetako beste hamaika ume ohik bezala. Garai hartan, geure egin genuen aisia-modu hura, euskaraz, inguruko erdaren zubi-lanaren behar izpirik gabe. Eta (hau ez dugu behar adina esaten) euskara malgu, adierazkor, bixi eta oparoan mintzo zitzaizkigun Vicky eta haren sudur susmagarria, Mamorro eta haren musu gorriak, Pippi eta haren galtzerdi asimetrikoak, zuka zein hika, behar zenean behar zena, guztiz egoki eta komunikatibo. Baina tira: inor aspertu baino lehen, utz dezagun Super Bat belaunaldiaren kontu hau, ez alferrik esan baitzidaten, duela ez asko, gazteegiak garela hain nostalgikoak izateko.

Ume-giroak alde batera utzita, nahi baino gehiagotan aditu diet askori Goenkale-n arraro eta artifizial hitz egiten zutela, eta horregatik ez zutela atsegin. Orain gutxi suertatu zitzaidan ETB3n Hasiberriak eta Martin telesail jada zaharruno samarren atal batzuk berriz ikustea, eta, aizue, artifizialkeria nabarmenik sumatu ez nik: aitzitik, iruditu zitzaidan ikus-entzunezkoen kode ohikoan ari zirela. Alegia, pertsonaiak ez zirela mintzo gure etxeko sukaldean bezala? Ba, agian ez, baina gure hurbileko erdaretako ikus-entzunezkoetan ere ez dira aritzen edozein herritarren etxeko sukaldean bezala, ezta jatorrizko bertsiorik jatorrizkoenean ere. Horregatik da susmagarria, ernegagarria ez esatearren, halako kexen itua hain sarri izatea euskal fikzioa eta hain bakanki erdarazkoa, susmagarria den bezalaxe bizi guztian euskarazko bi artikulu eta liburu baten erdia leitu duten batzuek esatea BERRIA ez dela entenditzen, edo lehengo eta oraingo euskal literatur itzulpen bikain asko guztiz «desagradableak» eta «ez-jatorrak» direla.

Jabetzen naiz orokortzen ari naizela, fikzioko euskara (izan ikus-entzunezkoa, izan idatzia) ez dela beti zoragarria eta haren inguruko kexak ere ez direla beti funsgabeak. Harago joanda, bat nator Bernardo Atxagarekin «erresonantzia-kaxa» hori falta zaigula oraindik esparru, hizkera eta esapide askotan, herren dugula fenomeno hori, gauzak errepikatzearen errepikatzeaz hedatu eta oharkabean barneratzekoa, eta behaztopa ikusezina bezain gogorra dela. Baina bat nator, era berean, Onintza Enbeitak joan den astean Txapelpekoak saioan botatako gogoetarekin: behingoz erabaki beharko dugu zer nahi dugun; ea, besteak beste, goi-mailako euskal literatura bat nahi dugun edo interesatzen zaigun, eta (hauxe gehituko nuke nik) ea zer egiteko prest gauden euskara noranahiko hori aurrerantzean ere bazkatzeko, hau da, euskara egokiz zernahi sortzeko eta euskara egokiz zernahi ulertzeko (eta barkatuko didazue argitu beharraren astunkeria, baina euskara egokiaz ari naiz, eta ez euskara gramatikalki eta ortografikoki zuzenaz soilik). Hedabide publikoei eta instituzioei dagokie lanaren parte bat, jakina, baina hizkuntza langai duen orori ere badagokio etengabe alfabetatu eta trebatu nahia, eta hartzaileei ere badagokie euskaraz dauden horiek entzun, ikusi eta irakurtzea, eta euskaraz ez daudenak euskaraz egon daitezela exijitzea. Ez baitzaizkigu etorriko berez, inertziaren graziaz, inonezetik eta leku orotatik, erdarazkoak etortzen zaizkigun bezala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna