Seriesland, websailei eskainitako jaialdia, urrian egingo da

Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herrian egiten diren ikus-entzunezko lehiaketa askoren aurtengo edizioak atzeratu edo eten egin dituzte pandemiaren eraginez, baina Bilboko Seriesland jaialdiak bere horretan jarraituko du. Seigarren edizioa egingo dute urriaren 19tik 23ra, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, «eginahalak eta bi» egin dituzte websailei eskainitako jaialdiari jarraipena emateko. Horretarako, formatu berezi bat diseinatu dute, edozein egoeratan dela ere jaialdia egin ahal izateko. Kasurik okerrenean, berriz ere konfinamendua egin beharko balitz, jaialdia sarean egingo litzateke.

Koronabirusak eragindako egoera ikusirik, prebentzio neurriak betetzeko sakelako telefonoetarako aplikazio bat jarriko dute eskuragarri Seriesland jaialdiaren antolatzaileek. Aplikazio horretan, doan ikusi ahal izango dira lehiaketara aurkezten diren titulu guztiak eta jaialdiko jarduerak, eta, seigarren edizioa amaitzen denean, saretik kenduko dituzte websail denak.

Serieslandek telebistatik eta zinemaren ohiko kanaletatik kanpo sorturiko ikus-entzunezkoak proiektatzen ditu, eta nazioartean erreferentziazkoa bihurtzen ari da. Bost urtean 39 herrialdetako 800 lan ikusteko aukera izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.