Mendia

Berea eman du

2021a ere oparoa izan da mendiko kiroletan. Euskal Herriko hainbat kirolari puntan ibili dira, bai bertako probetan, bai nazioartekoetan. Bestalde, atzerriko zenbait kirolarik ere distira egin dute. Alde iluna ere izan da, zenbait alpinista zendu baitira.

Lucas Egibar. Suedian jokatutako munduko txapelketan urrezko domina eskuratu zuen. ANDERS WIKLUND / EFE.
Unai Ugartemendia.
2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemiak baldintzatutako urtea izan den arren, mendiko kiroletan aritzen direnek izan dituzte beren balioa erakusteko hainbat txapelketa eta erronka. Aurten ere, Euskal Herriko hainbat kirolari izan dira zeresana eman dutenen artean.

JANJA GARNBRET (Gradcu, Eslovenia, 1999). eskalatzailea

Eskaladaren munduan azken urteetan izan diren izarrik handienetako bat da, eta, emaitzei dagokienez, aurten ere nabarmendu egin da. Eskalada lehenbizikoz izan da olinpiar kirol, Tokioko Jokoetan. Hiru diziplinatan jokatu zen txapelketa: abiaduran, blokean eta zailtasunean. Garnbret zen faborito nagusia urrezko domina lortzeko, eta, txapelketa gehienetan gertatzen den antzera, ez zuen huts egin. Urrea eskuratu zuen,erakustaldia eman eta gero. Abiaduran bosgarren amaitu zuen arren, blokeko eta zailtasuneko diziplinetan aurkaririk ez duela erakutsi zuen beste behin.

ASIER LARRUZEA (Gueñes, Bizkaia, 1990),mendi korrikalaria

2018an euskal selekzioarekin debuta egin zuenetik, aurtengoa izan da Asier Larruzearentzat haren kirol ibilbideko urterik onena. Munduko Kopa eta Espainiako Kopa zituen helburu nagusiak egutegian, eta bietan erakutsi du kontuan hartu beharreko korrikalaria dela. Hasteko, denboraldiaren lehen zatian, Espainiako txapelketetan, bigarren sailkatu zen igoera bertikalean, eta laugarren lineako modalitatean. Baina horiek ez ziren izan Larruzearen lorpen bakarrak. Espainiako Kopan begiz jota zeukan Miranda de Ebroko (Espainia) lasterketa irabazi zuen, eta hurrengo lasterketetan emaitza onak lortu zituen. Horri esker, lehenengoa izan zen sailkapen nagusian. Halere, euskal selekzioko gainerako korrikalarien antzera, Asier Larruzea ez da arituko selekzioan datorren urtean, egungo zuzendaritzak azken urtean hartutako «erabaki okerren» ondorioz.

IGONE CAMPOS (Zumarraga, Gipuzkoa, 1991),mendi eskiatzailea

Azken urteetako emaitzak kontuan hartu ondoren, martxoan egin zuen debuta Espainiako mendi eskiko selekzioarekin. Besteak beste, Andorran jokatu zen munduko txapelketan izan zen, Euskal Herriko beste bi eskiatzailerekin batera: Nahia Quincoces eta Iñigo Martinez de Albornozekin. Estreinakoan, esprintetan, ez zuen egunik onena izan. Baina igoera bertikalean munduko 11. izatea lortu zuen Camposek. Iazkoa ahaztuta, aurtengo denboraldia ere bikain hasi du. Abenduaren 12an hasi ziren Espainiako Kopako esprintak eta kilometro bertikalak, Sierra Nevadan (Espainia). Bigarren jardunaldian, bertikalean, garaipena lortu zuen Fatima de Diego eta Ana Alonso espainiarren aurretik. Bezperan esprint modalitatean hirugarren postua lortuta, lehena da Espainiako Kopan; Ana Alonsok bezainbeste puntu ditu.

NIRMAL PURJA (Nepal, 1983), alpinista

Himalaiaren historian, errekorren mendizale gisa da ezaguna Nirmal Purjak. 2019an hasi ziren hala deitzen, hamalau zortzimilakoak igo baitzituen sei hilabetean. Oraingo honetan, urtarrilaren 16an, K2-ko (Pakistan, Karakorum, 8.610 metro) tontorrera heltzea lortu zuen; ordura arte, ez zen iritsi espediziorik hara neguan. Beste bederatzi nepaldarrekin batera lortu zuen. Ordura arte egindako zortzimilako guztietan oxigenoa erabili zuen arren —horrek hainbat eztabaida eragin zituen lorpenaren inguruan—,K2-ra igotzeko ez erabiltzea erabaki zuen.

LUCAS EGIBAR (Donostia, 1994),snowboarderra.

Ez du berehalakoan ahaztuko snowboarder donostiarrak 2021eko otsailaren 11. Idre Fjallen (Suedia) jokatutako munduko txapelketan, urrezko domina eskuratu, eta munduko onenen artean egotea lortu zuen berriro ere. Finalean, lehia estua izan zuen Alessandro Hammerle austriarrarekin. Helmugako azken arrastoan erabaki zen garaipena. Suedian lortutako domina hura izan zen euskal herritar batek munduko txapelketan irabazitako seigarrena. Horietatik hiru Egibarrek berak lortutakoak dira, eta beste hirurak, berriz, Xavier de la Rue baionarrak eskuratuak. De la Ruek ere snowboardercross modalitatean lortu zituen. 2003ko eta 2007ko txapelketak irabazi zituen, eta, 2009an, txapeldunorde izan zen

SANDRA SEVILLANO (Gasteiz, 1984) mendi korrikalaria

Sandra Sevillano mendi korrikalaria ez zen urte ona egiten ari. 2020an izandako lesio baten ondorioz, atzeratu egin zuen 2021eko egutegiko estreinako proba. Baina haren ahaleginak ordaina izan zuen azaroan, Portugalen (Pisao Extreme) jokatu zen Europako Ultra Txapelketan. Aurreikuspenak ez ziren onak. Izan ere, Valle de Tenan (Espainia) eta Ultra Pirineun (Herrialde Katalanak) etxerako bidea hartu behar izan zuen. Kontrakarrean aritzea tokatu zitzaion Europako Txapelketan, baina helmugan uxatu egin zituen lasterketan izan zituen mamuak eta zalantzak, lehen postuan sartu ondoren. 2019an Italian zilarrezko domina lortu zuen Sevillanok.

ENEKO CARRETERO (Zumaia, Gipuzkoa, 1999), eskalatzailea

Bere ibilbideko denboraldirik onena osatu du txapelketei dagokienez. Urte hasieran jokatu beharreko txapelketa gehienak atzeratu ondoren, urriaren erdialdean Berriobeitin (Nafarroa) jokatu zen Espainiako Txapelketa. Hiru modalitate izan ziren jokoan: abiadura, blokea eta zailtasuna. Azken horretan, Carretero izan zen txapeldun. Baina ez zen hor amaitu denboraldia zumaiarrarentzat. Azaroan jokatu ziren blokeko Espainiako Koparen hiru probetan, erregularrena izan zen, Extremadurako Javi Canoren eta Mikel Linazisoro euskal selekzioko kidearen aurretik.

HIRU HANDIAK Mendi lasterketa

COVID-19agatik 2020an ez zen jokatu Hiru Handiak proba (100 kilometro, 5.120 metro). Aurten, ordea, bai. 1.700 korrikalarik izena emana zuten, eta haien artean ziren Maite Maiora mendaroarra eta Julen Martinez de Estibariz ermuarra. Irabazteaz gain, Maiorak ia 40 minutu kendu zizkion aurrez ezarritako errekorrari (12.09.00). Podiumean, Oihane Perez eta Janire Fernandez izan zituen alboan, hurrenez hurren. Martinez de Estibarizek, berriz, estreinakoz irabazi zuen proba (11.13.00), eta podiumean Aser Arza eta Ander Erize izan zituen alboan, hain zuen.

K2 (Pakistan, Karakorum, 8.610 metro)

Neguko espedizioen historiako negurik gogorrena izan zen 2021ekoa. Mundu guztitik joandako hainbat eta hainbat alpinista elkartu ziren K2 mendiaren beheko kanpalekuan, zortzimilakoen historian sartzeko asmoz. Baina neguak eta bereziki Pakistango muturreko egoerak gogor jo zituzten haietako zenbait. Lehenik, Sergi Mingote kataluniarra hil zen, erorita. Handik egun gutxira, Atanas Skatov bulgariarra zendu zen. Baina okerrena heltzeko zegoen oraindik. Negua amaitzeko, espedizio berean ziren Jhon Snorri islandiarra, Juan Pablo Mohr txiletarra eta Muhammad Ali Sadpara pakistandarra hil ziren K2 mendiaren magalean.

ADUR ETXEZARRETA (Areso, Nafarroa, 1996), eskiatzailea

Estreinakoz aritu zen Etxezarreta Eski Alpinoko Munduko Txapelketan. Denboraldi guztian emaitza onak izan zituela kontuan hartuta, Espainiako eski federazioko taldearekin aritu zen otsailean, Cortina d'Ampezzon (Alpeak, Italia) jokatutako munduko txapelketan. Supererraldoian eta jaitsieran aritu zen nafarra, baina jokatu zituen bi modalitateetan ezin izan zuen proba amaitu. Horrenbestez, lehia utzi behar izan zuen. Aurtengo denboraldirako ere, Munduko Kopa eta Europako Kopa izango ditu helburu nagusi. Azken urteetan izan duen gorakadari jarraipena ematen saiatuko da 2021-2022ko denboraldian ere. Horretarako gai dela erakutsi du.

AXELLE GACHET MOLLARET (Frantzia, Annecy 1992), mendiko eskiatzailea

Martxoan Andorran jokatu zen Mendi Eskiko Munduko Txapelketako izarretako bat izan zen Axelle Gachet frantziarra. 2020ko abuztuan ama izan ondoren, zazpi hilabete geroago munduko mendi eskiatzailerik onenekin lehiatu zen. Lehiatu bakarrik ez, jokoan izan ziren hiru diziplinetatik bitan, igoera bertikalean eta lasterketan, garaipena lortu zuen. Bi diziplinetan bikain moldatzen dela erakutsi zuen Andorrako malkarretan. Eskuratutako bi urrezko dominek balio izan zioten frogatzeko ordura arte kirol ibilbidean izandako lorpenak ez zirela kasualitate hutsa. Handik astebetera, Areches-Beafourten (Frantzia) jokatutako distantzia luzeko munduko txapelketan, Pierra Mentan, hirugarren postuan amaitu zuen, Lorna Bonnel frantziarrarekin batera.

FRANCOIS D'HAENE (Lille, Frantzia, 1985), mendi korrikalaria

Mr. UTMB ezinena jarri diote Francois D'Haeneri. Chamonixeko UTMB ultratrailaren (166 kilometro eta +10.000 metro) historian dago abuztuaren 28tik, laugarren aldiz irabazi ondoren (2012, 2014, 2017 eta 2021). Ordura arte, Kilian Jornet kataluniarrarekin eta Xavier Thevenard frantziarrarekin batera, bera zen hiru garaipen zituzten gizonetako bat. Lasterketaren ibilbide ia guztian lehen postuan joan zen frantziarra, eta bi herrikide izan zituen ondoan podiumean: Aurelien Dunand Pallaz eta Mathieu Blanchard. Baina UTMB ez da izan aurten irabazi duen lasterketa bakarra. Izan ere, hilabete lehenago, Ameriketako Estatu Batuetan jokatzen den Hardrock lasterketa entzutetsua ere irabazi zuen (Colorado, 170 kilometro eta +10.000 metro). Lehenbizikoz lortu zuen garaipena lasterketa horretan. Urte berean bi lasterketa horiek irabazi dituen bakarra da.

SILVIA VIDAL (Bartzelona, 1971), eskalatzailea

Brianconen (Frantzia) egin zen aurtengo Urrezko Pioleten sari banaketa. Sarien artean bereziena Silvia Vidal kataluniarrak jaso zuen. Bi hamarkada baino gehiagoan horma handietako bakarkako eskaladari egin dion ekarpenagatik saritu nahi izan zuten. Kataluniarra ezaguna da erresistentzian eta laguntza gogorretan balentria handiak egiteagatik, eta mundu osoko horma handietan eskalatzen ibili delako. Vidalek autonomia osoz egin ditu igoerak. Bakarrik, eta irratirik, sakelakorik, GPSrik, eguraldiaren iragarpenik eta komunikaziorik gabe. Eskalatutako bideen artean, hauek dira aipagarrienetako batzuk: Life is Lilac (Pakistan, 21 egun bakarrik paretan), Naufragi (India, 25 egun bakarrik paretan), eta Espiadimonis (Txile, ia bi hilabete bakarrik).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.