Albistea entzun

Mendia

Oraindik ere onenen artean daude

Ander Iñarra eta Maite Maiora izan dira euskal herritar onenak Lineako Espainiako Txapelketan. Hirugarren eta bosgarren postuan sailkatu dira
Ander Iñarra ahalegin betean, Viveroko lasterketan.
Ander Iñarra ahalegin betean, Viveroko lasterketan. AMAIA RAZKIN Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2022ko apirilak 26

Bost hilabeteren ondoren, iazko abenduaren 9ra arte mendi lasterketetako euskal selekzioa osatu zuten korrikalari askok, berriro ere lasterketa ofizial batean parte hartu zuten igandean. Zuzendaritza berriarekin izandako tirabiren ondorioz, berriro ere euskal selekzioarekin ez lehiatzea erabaki zuten. Geroztik jokatu diren proba askotan parte hartu badute ere, Viveiron (Galizia) jokatutako Lineako Espainiako Txapelketan elkartu ziren berriro ere. Korrika egitea ez zaie ahaztu oraindik.

Zuzendaritza berriko presidenteak eta mendi lasterketetako arduradun nagusiak orduko korrikalari askoren maila ezbaian jarri zuten arren, oraindik ere Euskal Herriko lasterkaririk onenen artean daudela erakutsi zuten igandean jokatu zuten CAMOVI (42 kilometro eta +2.625 metro) lasterketan. Tartean ziren Ander Iñarra, Asier Larruzea, Mayi Mujika edo Oihana Azkorbebeitia. Lehen hirurek hasieratik egin zioten uko selekzioan jarraitzeari; Azkorbebeitiak, berriz, nahiz eta azken urtean beste babesle batekin lehiatzen ibili, babesa eskaini zien 2020ra arte selekzioko kide izan zituenei.

Lasterketa hasi aurretik hainbat hautagai zeuden irabazteko. Iazko bi txapeldunak, Manuel Merillas eta Oihana Kortazar, ez ziren irteeran izan. Emakumeetan, ez zen lehia handirik izan. Patricia Pineda (4.04.48 )nagusitasunez gailendu zen. Bigarren izan zen Nuria Gil (4.10.37), eta hirugarren Marta Martinez (4.18.50). Lehen euskal herritarrak Maite Maiora, Azkorbebeitia eta Mujika izan ziren. Bosgarren, seigarren eta 11. sailkatu ziren, hurrenez hurren.

Gizonezkoetan, lasterketa abiatu orduko, ohiko argazkia ikusi zen. Oier Ariznabarreta lehen postuan jarri zen, bizi-bizi. 2019an Otañesen (Kantabria, Espainia) irabazitako txapelketa errepikatu nahi zuen durangarrak, baina bosgarren kilometroan galdu egin zen, eta irabazteko zituen aukera guztiak galdu zituen. Handik aurrera, lasterketa irabazteko lehian, hiru korrikalari bakarrik gelditu ziren. Tartean zegoen Iñarra. Batera egin zituzten amaiera arteko kilometro guztiak, eta azken 300 metroetan erabaki zen lehia. Juanjo Somohano (3.37.48) gailendu zen. Atzetik, Raul Ortiz sailkatu zen, segundo batera, eta hirugarren izan zen Iñarra, 10 segundora. Bigarren euskal herritarra, Asier Larruzea gueñestarra izan zen, 11. postuan sailkatu eta gero.

Iñarra, pozik emaitzarekin

Ez dira hilabete errazak izan azken bostak Iñarrarentzat. Iazko Munduko Kopan laugarren amaitu ondoren, euskal selekzioaren elastikoarekin lehiatzeari uko egin zion abenduan, zuzendaritza berriak jarraitzen zuen bitartean behintzat. Iazko sasoi bikainaren ostean, aurreikusiak zituen erronkak airean zituen. Baina ez du etsi, eta, geroztik, lanean jarraitu du.

Lan horren lehen fruituak iritsi dira, eta irribarretsu azaldu zen helmugan, hirugarren postuan amaitu ondoren. «Oso pozik nago emaitzarekin. Nire lasterketa egitera irten naiz, eta hasieratik talde batean joan naiz. Atzetik aurrerako lasterketa egin dut, gorputzari kasu egiten. Hirugarren postuan jarri ondoren, jaitsieran dena emanda joan gara. Saiatu naiz haiek atzean uzten aldapan behera, baina oso korrika egiteko eremua zen, eta oso azkarrak ziren biak. Azken metroetan jarraitzen saiatu naizen arren, jada indarrik gabe nengoen».

Lasterketa begiz jota zeukan Iñarrak aspalditik. Gainera, azken urteetan selekzioan lagun izan dituen askorekin berriro ere elkartzeko aukera izan du Espainiako Txapelketan, eta horrek ere ilusio berezia egin dio. «Lasterketa aitzakia hartuta, asteburu-pasa polit bat egitea zen lehen helburua. Postuak baino gehiago, zer sasoitan nengoen jakiteak arduratzen ninduen. Oso gorputzaldi ona izan dut, eta bide onean noala ikusi dut».

Aurtengoan ere, Munduko Kopa izango du helburu. Hemendik bi astera Frantzian jokatuko den Skyrace des Matheysins (Saint Honoré, 25,5 kilometro eta +1980 metro) lasterketan ekingo dio Kopari. «Gogotsu nago. Lehenengo lasterketa Frantziakoa izango da, eta, ondoren, Zegama-Aizkorrin izango naiz. Ea denboraldi polita egiteko aukera dudan». Zegama-Aizkorri aipatuta, zuzendaritza berriak hartutako erabakiaren ondorioz historian lehen aldiz ez da euskal selekzioa bertan lehiatzen izango.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Yves Lampaert. ©BERRIA

Ustekabekoa eman du Lampaertek

Beñat Mujika Telleria

Erlojupekoa irabazteko faborito guztiei hartu die aurre. Van Aert izan da bigarren eta Pogacar hirugarren

Arraun Lagunak eta Orio lehia betean iaz, Zarauzko estropadan, Euskotren ligan. ©JON URBE / FOKU

Kartak ezkutatu ezinda

Aitor Manterola Garate

Bihar hasiko da Euskotren ligaren hamalaugarren aldia, Bilbon, eta, ohi bezala, lau talde ariko dira. Aurtengo berrikuntza Tolosaldea da, Hondarribiaren lekua hartuko baitu debutanteak. Beste hirurak ezagun zaharrak dira: Arraun Lagunak aurreko urteko garailea, Orio bigarren sailkatua eta Donostiarra. Lehen biak dira irabazteko hautagai handiak. Hamalau estropada izango dituzte.
Uriarte eta Valverde. ©M. DEL VALLE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...