Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Goiz polit horiek

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun

'Un beau matin'

Zuzendaria: Mia Hansen-Love. Herrialdea: Frantzia.Iraupena: 113 minutu.

Sandra itzultzailea da, eta bere alaba Linnekin bizi da. Badira bost urte haren senarra hil zela, eta biak bakarrik bizi dira Pariseko pisutxo batean. Sandraren aita filosofiako irakaslea zen, baina gaixotasun neurodegeneratibo batek, Bensonen sindromeak, bere autonomia ia guztiz galtzea ekarri dio: ez du ikusten, desorientatuta bizi da, eta bere familiako kideez ahazten hasia da. Bakarrik bizitzea harentzat arriskutsua denez, egoitza batera eramatea erabaki dute, baina aita uzteko leku egoki bat aurkitzea ez da lan erraza izango. Aldi berean, Sandrak aspaldi ikusi gabea zuen Clement laguna azalduko da; ezkonduta dago, eta haur bat du, eta maitasun harreman bat hasiko dute.

Mia Hansen-Loveren zortzigarren film luzea da Un beau matin, eta Cannesko jaialdian estreinatu zuen. Ama, alaba, ahizpa, maitalea eta langilea den emakume gazte baten egunak kontatuko dizkigu, eta kategoria guzti horietatik nabigatzen ari dela egun gogorrak izango ditu, baina baita goiz politak ere.

Goiz polit horiek bizitzen Lea Seydoux izango dugu. Lea Seydoux eta bere Sandra bikaina. Hansen-Lovek istorioaren zama jartzen du harengan; minetik zoriontasunera eta barretik malkora eramango gaitu, eta, horrela ez dela argi badaukat ere, itxuraz inolako esfortzurik eskatzen ez dion antzezpen batekin gidatuko gaitu kontakizunean zehar. Haren eskutik doa beharrezkoa den uneetan umore puntu zoragarriak eskainiko dizkigun gidoia; amaren anekdota iraultzaileek ekarriko dizkigutenak, baita alabaren bat-bateko herrentasunak ere. Sandrak inguruan dituen pertsonaia horiek babesten dute protagonista, eta haiek dira bere helduleku, bai pertsonaiarena baita aktorearena ere.

Apaindura gehiegirik gabeko zuzendaritzak ere berebiziko garrantzia du Seydouxen lanean. Filmari arnasten uzten dion zuzendaritza da, ia ikusezina, istorioari bere bidea egiten uzten diona, pazientziaz, umiltasunez. Eta horrela, malko eta barre artean, gidoitik ihes egin dutela diruditen eszenak ditugu: istorioan egon behar zuten eszenak dira, baina nolabait filmean zoriz daudela dirudite. Guzti horrek egiten du kontatzen zaizkigun une gogorren artean goiz politezgozatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.