Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Kirolariak literatura egiten duenean

2017ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Augusto Limak kanporaketa-fase betean utzi du taldea, seme jaioberria ikustera joateko —esan dio kazetariak entrenatzaileari, finalerdietako partidaren ondorengo prentsaurrekoan—. Zer irizten diozu?

» —Zer irizten diodan? —harritu da entrenatzailea—. Baimena eman diot .

»—Baina... normala al da hori, finalerdietan?

»—Baduzu seme-alabarik? galdetu dio entrenatzaileak kazetariari, begietara begira—. Izaten duzunean, ulertuko duzu. Gizakiaren esperientziarik onena da. Zer uste duzu zuk? Saskibaloia dela garrantzitsuena?

»—Ez. Baina finalerdiak dira, eta garrantzitsua da...

»—Finalerdiak? —sutua dirudi entrenatzaileak, zorrotz begiratzen dio kazetariari—. Zer da garrantzitsua?

»—Taldea.

»—Garrantzitsua? Guraso izaten zarenean ulertuko duzu zer den garrantzitsuena bizitzan. Orduan etorri niregana eta hitz egingo dugu. Munduan dagoen gauzarik onena baita —Irribarre egin du entrenatzaileak, esaten ari denaz konbentzituta—. Sinetsidazu, ez titulurik eta ez horrelakorik. Augusto Lima, orain, zeruan dago emozionalki, eta oso pozik nago berarengatik».

Izan zitekeen —hala iruditzen zait niri behintzat—, baina ez da antzerki-lan, narrazio zein nobela bateko pasartea. Sarunas Jasikevicius Zalgiris Kaunas saskibaloi taldeko entrenatzaile lituaniarrak erantzun dio gisa horretan kazetari bati prentsaurreko batean, eta birala bihurtu da YouTuben zabaldu den bideo-grabazioa. Testuak indarra baldin badu, are indar handiagoa hartzen du bideoan, Jasikeviciusen imintzioei eta aurpegiaren adierazkortasunari esker. Minutu bat eta hamahiru segundoko film labur bikaina izango litzateke, fikzioa balitz. Aktore bikaina litzateke Jasikevicius, arimaren zolatik mintzatu beharrean rol bat jokatzen ariko balitz.

Topikoak dio —eta ez oinarririk eta arrazoirik gabe— kirolarien adierazpenak aldez aurretik igartzeko modukoak izaten direla, jakinekoak beti, gezak eta bizirik gabeak. Baina tarteka izaten da salbuespenik. Zorioneko kasu bakan batzuetan literaturaz gainezka egiten dute kirolariek beren adierazpenetan, gehienetan asmorik gabe, nahi izan gabe eta jakin gabe.

Liburuetatik jasotako aipuekin batera gordeta dauzkadan Stephen Roche ziklista irlandarraren adierazpen batzuk ekarri dizkit gogora Jasikeviciusen bideoak, L'Équipe kirol-egunkariak 1993ko uztailaren 23an jasoak: «Irabaztea baino ez zitzaidan interesatzen. Egoismo horrek era guztietako arazoak ekarri dizkit, nire taldeetan eta nire familian. Garaipenak itsututa bizi nintzen. Lazgarria da hogeita hamar urte izatera iritsi beharra jabetzeko bizikleta ez dela nire bizitza, emaztea dudala, eta bi ume. Ni ohartu gabe hazi dira. Orain, badakit huts egin diedala. Askotan, bihotza erdiratzen dizuten gauzak esaten dizkizute umeek, nahi gabe. Behin, hegazkina hartu nuen semearekin Frantziako erdialdeko kriterium batera joateko. Esan nion bere lagunen artean gutxik hartuko zutela hegazkina, berak bezala, Irlandatik kanpora irteteko. Zortekoa zela esaten saiatzen ari nintzen. Orduan, semeak esan zidan: 'Nire ikaskideak igerilekura doaz aitarekin'. Beranduegi ulertu nuen».

Gertuagora etorrita, bere xumean, paradoxa aberatsa utzi digu oraindik orain Juan Martinez de Irujo pilotariak bere agurrean: «Nire titulu guztiak emango nituzke pilotan jokatzen jarraitzearen truke». Tituluak irabaztea da, ustez eta teorian, jokatzen duen kirolariaren xedea, helburua, gailurra, baina tituluak, inon diren titulurik gorenenak ere, hutsaren hurrengoa dira jokatu ahal izatearen pribilegio itxuraz xume baina izatez mugagabearen aldean.

Kirolariak literatura egiten duenean, literatura ederra egin ohi duela iruditzen zait, eta hori gertatzen dela, neurri handi batean behintzat, uste ez zen lekuan eta uste ez zen unean agertzeak edertu eta indartu egiten duelako literatura, are gehiago asmorik gabe, nahi izan gabe eta jakin gabe egiten baldin bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.