Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Horizontes Latinos

Laguntasunaren minak

Sublime filmaren irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'Sublime'

Zuzendaria: Mariano Biasin. Herrialdea: Argentina.Iraupena: 100 minutu.

Manuel Feliperekin maitemindu da. Txikitatik ezagutzen dute elkar, betiko lagunak dira, eta, orain, 16 urterekin, bikote harremanekin hasi diren garaian, Manuelek sentimendu berriak izango ditu Feliperekiko. Gazteek musika talde bat dute beste bi lagunekin batera, eta ikasketek uzten dieten denbora entseatzen igaroko dute, baita kanta berriak idazten ere. Manuelek neska laguna du, Azul, eta konfiantza handiko harreman bat bada ere, ezin dio sentitzen hasi berri den horri buruz hitz egin. Ez Azuli, ez inori. Ezer egiten ez badu dena dagoen bezala geldituko denaren esperantza du Manuelek.

Mariano Biasin argentinarra zuzendari laguntzailea izan da film ugaritan. Film laburrak ere zuzendu ditu, baina Sublime da bere lehen film luzea. Berlinalen aurkeztu zuen eta Zinemaldian Sebastiane Latino Saria eman diote. Gehitu elkarteak ematen duen aitortza da, lesbiana, gay, transexual eta bisexualen balioak eta errealitatea hoberen islatzen dituen film latinoari ematen zaiona.

Biasinek ez digu berria den ezer kontatuko. Ez dut uste asmoa hori denik. Gazte baten zalantza eta beldurrez hitz egingo digu, lehen aldiez, minez, ametsez. Laguntasunaren erretratu atsegin bat eskaintzen digu Sublime-k, 16 urteko bi gaztek euren gorabeheretan elkar nola sostengatzen duten kontatuz. Haien musika taldearen kantak izango ditugu entzungai kontakizun guztian zehar. Letra traketsak dituzten kantak dira, guztiz afinatu gabekoak, hasiberria den talde baten zalantzez beteak, eta horrek ikuslearen gertukoago egiten ditu nerabeak, ikasteko asko duten mutilak ikusi baititzakegu. Horrela, Manuelen maitasun istoriotik gustatu zaidana zera da: bere lagun minarekin maitemintzen den 16 urteko gazte bat dela, eta bi mutilen arteko harreman bat izatea ez da inoiz erdigunean egongo. Ez da hori protagonistari, ezta ingurukoei ere, beldurra eragiten diona. Hazten ari den lagun talde baten erretratua da, rock musikaz bustitako kontakizun xume baina hunkigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.