Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Belarriak mozten dituen gizona

2014ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Gaurko egunez, ustez, zuenean egongo naizen arren, lerro hauek oraindik ere oporraldia luzarazi didan Esauiratik idazten ari naiz. Bertan irakurri ditut Katixa eta Miren Agurrek umetako irakurraldi sekretu eta plazerezkoei buruz idatzitako zutabeak eta, distantzia gorabehera, oroitarazi didate nik ere badudala iloba bat, haur denboran, eskari —eta aitorpen— hau egin zidana: «Mesedez, ez oparitu zure liburu gehiago, gurasoek gero irakurrarazi egiten dizkidate eta». Alabaina, Afrikatik hain desberdin ikusten da guztia…

Aurrekoan, gotorlekuan urrutira minez egoten diren gazteei begira nengoela, Selim gaztea ezagutzeko parada izan nuen. Luze hitz egin genuen, bere jaioterrira joatera gonbidatu ninduen, kostaldetik Atlas mendikatera alegia, eta bospasei egunez han ibili gara, Marrakexen barrena, Asnitik gora, Imlil aldean. Argi ikusi dut hango haurrek inondik ere ezin dituztela sumatu Katixak eta Miren Agurrek goraipatzen dituzten liburuaren aurreko une xarmagarri horiek. Aitzitik, herrixkaren batera heltzearekin batera, herioan hurbiltzen zaizkizu goxoki bat, bai, txanpon bat, bai, baina baita boligrafo bat eskatzera ere. Kontua da, halako batean, luma eta errotuladoreak banatzen hasirik, borrokaldia piztu zela, batik bat nesken artean, kolore gorriak preziatzen zituztelako, inondik inora haiek nahi zituztelako ezpainak gorriztatzeko… Aberaskume sentipen garratzarekin, halako erakustaldi gehiago ez egitera deliberatua, beste batean mendirik mendi eskolara zihoan neskatila bat topatu nuen, maistra izan nahi zuena, eta hari, esan gabe doa, lumarik ederrena oparitu nion.

Oparotasunean gainezka, irakurtzean atsegin hartzen ez duten gazteak hezi ditugu. Aukeran, liburua gogoko ez, gorroto bai, eta harrika botatzea nahiago dutenak. Zentzu horretan, Iban Zaldua zutabegile ohiaren Oharrak & Hondarrak blogeko gogoetak argigarriak gerta daitezke (Literaturaren irakaskuntza eta 'Zeitgeist'-a): «Literatura zer den eta nola analizatzen irakatsi beharko luke hezkuntza sistemak, hots, ikasleei (etorkizuneko balizko irakurleei) irakurketa kritiko baterako tresna baliagarriak eskaini». Irakurri beharreko gaztelaniazko eta euskarazko liburu zerrenden arteko alde kezkagarria nabarmendu ostean, idazleak dio maitasuna, zaletasuna, gero etor daitekeela, agian. Oparotasunak gainez egin digun eta irakurmina zakar mozten gabiltzan honetan, irizpideak eta bitartekari egokiak behar ditugu, irakasle, bibliotekari eta liburu saltzaile erneak, edota Galtzagorri bezalako elkarteak —irakurketa mintegiekin, Behinola aldizkariarekin…—. Xuan Bellok zioenez, irakurtzen ikasi, eta irakurtzen ez dutenak, horiexek dira benetako analfabetoak.

Argi —eta Internet— gabeko eremu horietan, beste herrixka batean haurrak guregana zetozelarik, emakume batek zerbait oihukatu, eta denek beldurrak hilik alde egin zuten. Selimek laster eman zidan argibidea: «Inguruotako haurrak beldurtzearren, Belarriak mozten dituen gizona aipatzen zaie, eta emakumeak horixe zarela esan die, eta labana ezkutuan dakarzula…». Zeharka bada ere, Selimek jakinarazi zidan, liburu ezean, berbereek ere badauzkatela beldurrezko ipuinak eta, funtsean tradiziorik. Eta zuzenean entzumenarekin zerikusia duen beste aitorpen bat berritu zidan, hain zuzen ere, lagun baten alabak institutuan hastearekin egindakoa: «Lehen, irakurtzean gozatu egiten nuen, baina orain liburuen egiturak, deskribapenak, baliabideak… aztertzen hasi gara, eta jadanik ezin entzun lehen belarrira xuxurlatzen zidan ahotsa».

Edonola ere, hain errealitate desberdinen artean ibiltzeak aberastu bezainbeste nahigabetu nau, eta ezinegona eragin. Gainera, kostaldera itzulirik, talde andaluziar bat ezagutu dut, eta bidaia amaiturik, haiekin itzultzea proposatu didate: Sevillaraino. Eta kontua da, Selimek, urrutira minez, autobuseko maletategian ezkutuan sartzea eskatu didala, oparotasuna bertatik bertara ezagutuko badu… Bai, gaurko egunez, ustez, zuenean egongo naiz liburu bat aurkezten, baina Selim seguruenik nobela baten argumentua bizitzen, eraikitzen edo nozitzen arituko da. Egia ala gezurra, begi bien artean sudurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.