Turkiak kontrolpean hartu nahi ditu Koban eta Manbij

Akordioa sinatu dute SDFk eta Siriak, Erdoganen erasoari erantzun militar bateratua emateko. Europako Batasuneko Atzerri ministroek Turkiaren jokabidea gaitzetsi dute

Turkiak kontrolpean hartu nahi ditu Koban eta Manbij.
Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Astebete igaro da jada Turkiako Armadak eta Siriako Armada Nazionalak Rojavaren aurkako erasoa hasi zutela. OCHA Auzi Humanitarioak Koordinatzeko nazio Batuen Bulegoaren arabera, dagoeneko 150.000 herritarrek egin dute ihes etxetik, eta hainbat hildako eta zauritu ere badira.

Lehenik bonbardatu eta ondoren lurrez Tel Abyadi eta Ras al-Aini eraso ostean, Kobane eta Manbij dira Turkiaren hurrengo helburuak. Erdoganek helburutzat duen 480 kilometro luze eta 30 zabaleko «segurtasun eremuan» dago Kobane; ez, ordea, Manbij. Turkiako presidenteak atzo azaldu zuenez, Errusiaren «erantzun positiboa» jaso du Kobanen sartzeko. Manbij, berriz, «terroristei kendu eta berezko jabeei itzuli» nahi diela azaldu zuen, aliatu duen Siriako Armada Nazionala talde jihadistari.

Kontraesana dirudite Erdoganen hitzek; Errusia Siriako gobernuaren aliaturik handienetakoa da babestu egin zuen herenegun Siriak eta Rojava kontrolatzen duen Siriako Indar Demokratikoek (SDF) sinatu zuten akordioa. Siria iparraldean hedatzen ari dira Al Asaden tropak.

Akordio horretan egon daiteke gakoa. Rojavako komunikabideen arabera, akordioa militarra soilik da oraingoz eta Turkiaren indar militarrei aurka egitea du helburu. Dena den, Siriak duela zazpi urte galdu zuen herrialdeko iparraldearen kontrola —SDFk kontrolatutako guneak gobernu autonomo gisa funtzionatzen du—, eta ondorio politikoak izan ditzake itunak. Vladimir Putin Errusiako presidenteak Arabiako hedabideei igandean esan zienez, «Sirian konstituzio berria egin eta gutxiengo etnikoen eskubideak errespetatzea» da bidea.

Estatu Batuak eta SDF aliatuak izan dira azken urteetan Estatu Islamikoaren aurkako borrokan, baina, AEBetako tropak erretiratuta, Turkiak ez du aukera pasatzen utzi. SDFko kide YPG eta YPJ milizia kurduak PKK Kurdistango Langile Alderdiaren aliatu dela argudiatuta eraso dio Rojavari—PKK talde terroristatzat du Turkiak—.

Europaren erantzuna

Inor gutxik egin du Erdoganen asmoen alde nazioartean. Atzo bildu ziren Europako Batasuneko Atzerri ministroak erantzun bateratu bat adosteko, eta, Turkiaren erasoa guztiek kondenatu zuten arren, ez zuten neurri bateraturik adostu. Banaka, zenbait herrialdek Turkiari armak saltzeko lizentziak indargabetu dituzte, baina Turkia NATOko kide izateak erantzun bateratua ematea zailtzen duela argudiatu zuten atzo. AEBek ere isunekin mehatxatu dute Turkia. Bestalde, Erdoganek «elkartasuna» eskatu zien atzo NATOko beste kideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.