Mundu berri baten mapa josten

Aurten ere ez da Aste Nagusirik izango Donostian. Baina badu horrek bere alde ona ere: garai egokia izan daiteke hiriburuko jai ereduari buruz gogoeta egiteko. Horixe egin dute Bagera elkarteko Maddi Juanikorenak, Donostiako Piratetako Mikel Arrietak eta Intziri neska gazteen taldeko Ibone Alonsok.

Ibone Alonso, Maddi Juanikorena eta Mikel Arrieta, Donostiako hiru talde eragiletako kideak. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun

Pandemiak geldialditxo bat eman dio Donostiako Aste Nagusiari, baina ez, ordea, atsedenik. Izan ere, bertako eragileak lanean dabiltza buru-belarri, datozen urteetako Aste Nagusien mapa berri hori diseinatu nahian. Eragile horietako batzuk dira Donostiako Piratak, Bagera elkartea eta Intziri neska gazteen taldea. Bakoitza bere bidetik, baina helburu berak batzen ditu: geldialdi honetan hiriko jaietako hutsuneak betetzea.

Jai euskaldun eta feministak nahi dituzte hiru eragileek Donostian. Bagera elkarteak, esaterako, Donostian euskaraz bizi ahal izatea eta euskarari bizitasuna ematea du jomuga nagusi. Eta elkarteko kide Maddi Juanikorenak azaldu duenez, urtero aztertzen dute zein den euskararen erabilera Donostiako Aste Nagusi Ofizialean: «Urteak daramatzagu euskararen erabileraren inguruko neurketak egiten Donostiako Aste Nagusiko egitarau ofizialean egiten diren ekintzetan, eta behaketa horren helburua da hutsuneak identifikatu eta alor horiek indartzeko exijitzea Donostiako Udalari». Aurtengo Aste Nagusirako ere xede bera dutela argitu du Juanikorenak. Are gehiago, jakinarazi du sare sozialetan islatuko dutela behaketa hori, #abuztuadonostian eta #euskaraz traolak erabilita: «Sare sozialen bidez, Donostiako euskaltzaleei laguntza eskatu nahi diegu neurketa horiek egiteko, eta hizkuntza aldetik urraketaren bat egongo balitz, traol horiek erabiliz Twitter bidez salatu ditzatela».

Donostian turismoa indartzen ari den honetan, donostiar batzuek maiz salatu izan dute ingelesak eta frantsesak leku handiagoa hartzen dutela hirian euskarak baino, hemengo hizkuntza izanik ere. Juanikorenak azpimarratu du turisten joan-etorriak are ageriago uzten duela egoera hori Aste Nagusian, eta Bagera elkarteari oso garrantzitsua iruditzen zaio horretarako euskara ardatz izatea: «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu Donostian euskara landu eta indartzea Donostiak duen izaera propioa zabaltzeko». Hala ere, Juanikorenaren hitzetan, bide luzea dago oraindik hirian hizkuntza eredu jasangarri batera iristeko.Gaineratu du eurek lanean jarraituko dutela helburua lortu arte: «Urruti gaude hizkuntza aldetik jasangarria izango litzatekeen eredu batetik, baina guk lanean jarraituko dugu».

Donostiarrak ikusle

Juanikorenak dioenez, Bagera elkarteak urteak daramatza Donostiako Aste Nagusi ofizialeko kontzertuen egitarauetan atzematen dituzten hutsuneak salatzen; Saguesen antolatzen diren kontzertuetan, besteak beste: «Kontzertu horiek hartzen duten dimentsioa kontuan hartuta, lehentasunezkoa iruditzen zaigu euskarazko eskaintza handitzea, eta hori aldarrikatzen jarraituko dugu hala izan arte». Izan ere, gehitu du udalaren egitaraua turismoari begira diseinatzen dela herritarrei begira baino gehiago: «Donostiako Aste Nagusi ofizialean, donostiarrok ikusleak gara parte hartzaileak baino gehiago». Beraz, horren harira, Juanikorenak dio Bagera-k argi daukala badagoela zer aldatua, eta, gainera, pandemiak eragindako geldialdia aukera ona izan daitekeela hutsune horiek bete eta alor horiek indartzeko: «Aldatuko genukeena zera izango litzateke, bazterreko hizkuntza izateari utzita euskara ardatz izango luketen jai batzuk antolatzea, donostiarron beharrei erantzungo dien jai eredu baten alde».

Donostiako kaleak koloretako txalekoz betetzen dira urtero, Donostiako kofradien banderak astintzean. Hala daramatza Mikel Arrietak hiruzpalau urte. «Hasiberria» da Arrieta pirata gisa hiriko jaiez gozatzen. Kontatu du inguruko giroak kutsatuta erabaki zuela jaiak barrutik bizitzea: «Inguruan beti izan ditut piratak izandakoak: anaia, lagunak... eta beti ikusi izan dut ederki pasatzen zutela piratek antolatutako jaietan. Orduan, inbidia horretatik, nire lagunek eta nik erabaki genuen jakin nahi genuela zer zen pirata izate hori barrutik bizitzea». Eta baita ondo jakin ere. Azaldu duenez, jaiak barrutik bizitze horrek bere «magia» du: «Alde handia dago pirata izanda nola bizitzen den Aste Nagusia eta pirata izan gabe nola bizitzen den. Izan ere, beste magia bat du ospatzen dituzun jaiak barrutik bizi ahal izateak; ekintza gehiagotan parte hartzera bultzatzen zaitu, eta, era berean, jaiez gehiago gozatzera».

Lantalde handia atzean

Magia hori pizteak, ordea, lan handia du atzean. Arrietak esan duenez, herri jai euskaldun eta feministen alde egiten dute Donostiako Piratek, eta horiek sustatzeko talde handi batek egiten duen lan «miresagarria» nabarmendu nahi izan du: «Pirata izatea parrandarekin egoten da lotuta, baina talde handi bat dago Aste Nagusi Pirata posible egiten duena, eta lan handia dago horren atzean». Gaineratu du talde handi horrek egindako lanak bere fruituak ematen dituela urtero: «Jaiaz urtez urtez hobetuz joaten direla esan behar dut, lan handia egiten baita dauden hutsuneak betetzeko, eta hori, lantalde horri esker da». Horregatik, hain zuzen, Arrietak ontzat jo ditu orain arteko Aste Nagusiak, nahiz eta bi urte diren, pandemiaren olatuak irentsita, jaiak normal ospatu ezin direla: «Bi urte dira Aste Nagusia normaltasunez ospatu zela. Nik pirata gisa bizi izan ditudan Aste Nagusiak oso positiboak izan dira, oro har: jende berria ezagutu dugu, ahal izan dugun ekintza guztietan hartu dugu parte... Urtez urte hobetuz joaten diren jai batzuk direla esan behar dut, lan handia egiten baita dauden hutsuneak betetzeko».

Lan horren barruan sartzen da Donostiako Piratek duela urte batzuk osatutako Puntu Morea gunea. Edozein eraso salatzeko lekua da, erasoa jasandakoari toki seguru bat bermatu eta laguntzea helburu duena. Piraten aldetik puntu more hori sortzea, nabarmentzeko lana iruditzen zaio Ibone Alonso Intziri neska gazteen taldeko kideari. Gogora ekarri nahi izan ditu duela pare bat urte Donostiako Aste Nagusian 24 orduan izan ziren sei erasoak, eta nabarmendu nahi izan du horri Donostiako Piratek emandako erantzuna. Izan ere, dioenez, «izugarria» izan zen gune hori sortu ahal izateko egin zen lana eta inplikazioa: «Egoera ikusita, egin ziren ekintza guztien atzean argi ikusi zen elkarrenaganako zaintza feminista zegoela erdigunean». Horrelako erasoak gertatzen direnerako, udalak telefono zenbaki bat eman ohi du argitara erasoak salatzeko, baina, Alonsoren iritziz, ez da nahikoa telefono dei baten bitartez salatzea horrelako egoera bat: «Babesgune hori ez dakit udal zenbakiaren bidez bermatu beharko litzatekeen, askotan telefonora deitzean egiten diren galderek ez dituztelako gure beharrak asetzen; telefono dei horrek eta sortzen den protokoloak ez gaituzte eroso sentiarazten». Izan ere, Alonsok argi du jaiak ez direla denontzat seguruak: «Argi eta garbi esan genezake jaiak ez direla denontzat seguruak. Edozein eraso da onartezina: sexista, homofoboa, arrazista... Guk ez dugu kontuz ibili nahi: aske izan nahi dugu». Horren inguruan, Alonsok dio erasoa jasandakoak bakarrik ez dagoela sentitzea dela lehendabiziko urratsa, eta nabarmendu du Piratek antolatutako puntu more horrek helburu hori lortu zuela: «Nire iritziz, garrantzi handia du norbait alboan izateak, eraso bat gertatu denean eman beharreko pausoa zein den azaltzeko eta bereziki, bakarrik ez zaudela sentitzeko». Erasoak salatzeko gunea positiboa iruditzen bazaio ere, prebentzio plan bat antolatu behar dela dio Alonsok: «Behar duguna prebentzio plan bat da; hau da, eraso bat gertatu aurretik egin beharrekoak, erasoak eragozteko gune seguruak sortuz».

Aste Nagusi ofizialeko egitarauari dagokionez, hutsune nabarmen bat atzematen dio Alonsok: emakumeen oholtza gaineko presentzia urria. «Oso emakume gutxi ikusten dira agertokian. Argi dago sistema patriarkal batean bizi garela eta jaien egitarauarekin gertatzen dena horren beste adibide argi bat dela». Alonsok argi du emakumezkoak behar direla oholtzetan, haiek ere eredu izan daitezen: «Emakume erreferenteak behar ditugu oholtza gainean, emakumeon ahotsa entzun behar baita».

Aurrera begirako pausoak

Pandemiak atsedenerako, eta, aldi berean, hausnarketarako eta aurrera begirakoak finkatzeko balio izan du. Alonsoren ustez, gizartearen zirrikitu guztiak azaleratu ditu gaur egungo osasun egoerak: «Argi dut bizi dugun etapa beltz honek argitara atera dituela gizarteak dituen hutsuneak, erasoetatik haratago».

Hutsune horien ertzei helduta, Alonsok dio mundu berriaren mapa jostea dela bidea. Horretarako, Alonsoren iritziz, parte hartzea sustatzea da egin beharreko lehendabiziko urratsa: «Aukera ona izango litzateke pandemia aitzakiatzat hartuta herri jaietan denon iritzia kontuan izatea, parte hartzea sustatzea eta izate askea bermatzea». Helburu horretara iristeko bidea egiten ari direla ziurtatu du Alonsok. Izan ere, jakinarazi du zenbait ekintza aurrera eramango dituztela aurtengo Aste Nagusian Donostiako Piratekin batera, betiere elkarrenaganako zaintza ardatz edukita: «Pauso asko eman ditugu oraindik, baina, guk, Donostiako neska gazteok, feminismotik eta elkarrenganako zaintzaren erroetatik ekingo diogu aurrera begirako urratsak zehazteari».

Donostiako hiru talde horietako hiru kideak bat datoz helburuetan: euren hiriko jaiez gozatu nahi dute, baina euskaratik eta feminismotik. Argi dute badirela aldatu beharreko hamaika kontu, baina bidea egiten ari direla baieztatu dute, baita helburuak bete arte lanean jarraituko dutela ziurtatu ere.

Ari dira, beraz, belak zabalduta eta auzolanari tiraka, mundu berriaren mapa hori, poliki-poliki, josten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.