Txema Arinas.
HIRUDIA

Errelatoa II

2017ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Nire Hirudia saileko lehenengo artikuluak Errelatoa zuen izenburu (2015-01-22); azkenekoak Errelatoa II du (2017-06-29). Eta aurreneko hartan esan bezala, euskal literaturak eman ditu adibide ugari ETAren jardun kriminalak eragindako min eta kalteak errotik gaitzesten dituztenak, baita guztiz kontrakoa egin dutenak ere, aurreko lubakitik idatzi balute bezala, hau da, euren gudarien gorazarre eta hauen etsaiei eragindako oinazeari soraio.

Ez da harritzekoa, euskal literatura oso anitza baita, euskal gizartearen antzera. Euskaldungoa, aitzitik, ez da izan hain anitza egun arte, alderdi bateko abertzaleak nagusi baitziren. Hau ukatzea oso zaila da, bai horixe. Gauzak horrela, arrisku handia omen zegoen euskarazko literaturan alderdi baten errelatoa nagusitzeko. Zorionez, badugu, besteak beste, Saizarbitoria bezalako punta-puntako idazle bat, niretzat goresgarriena, bere Martutene nobelan Iban Zalduak izendatu ohi duen «gauza»-ri buruzko aipamen zein gogoetarik zuzenenak, zintzoenak eta batik bat hunkigarrienak egin dituena:

«Euskararen munduan indarkeriak tolerantzia handia izan duela ukaezina da. Idazle eta poeta ugarik, modu berean gure poeta herrikoiek, bertsolariek, eman diote arnasa. Beste muturrean, errealitate honen aurrean erreboltaturik, izan dira identitatea—identitate asasinoa— indarkeriaren azken kausa ezarriz, euskara bera egiten dutenak bere gorrotoaren objektu eta, maila apalago batean, abertzaletasun errudunari loturik ikusten duten neurrian, harenganako txera eta atxikimendua galdu eta erdararen fabore abandonatu dutenak».

«Ez daki zer esan eta neskak 'bihotzean min dut, min etsia' murmuratzen du. Ideia parasitarioak: idurika ote zezakeen Lizardi gizajoak, bera hil eta hirurogeita hamar urte ingurura Euskadirengatik hil berri duten polizia espainiar baten alabak ezin jasan duen oinazeari bere bertso bat jarriko zionik».

Harrotzeko moduko adibidea, bai horixe. Halere, eta Maturtene erdarara itzulita ere, erdararen munduan izandako oihartzuna beti bezain apala izan ei da. Azken hau oso nabarmena da, berriz, Fernando Arambururen Patriak lortutako arrakasta itzelaren aldean, maiz esan dudan bezala erdal irakurlegoak esperoan zuen nobela, hau da: zuri-beltzeko errelatoa. Hala eta guztiz ere, erdal literaturan badaude oso bestelako adibideak, guztiz duinagoak, «gauza» zorrotzago eta zintzoagorik jorratzen dutenak, eta gainera, erabat ezberdinak, Ion Arretxeren Itxaurrondo, La Sombra del Nogal (2015), Luisa Etxenikeren El Ángulo Ciego (2009) edota Gabriela Ibarraren El Comensal (2015), kasurako.

Zeintzuk dira azken bospasei urteotan euskal idazle berri eta gazteagoek argitara ekarritakoak? Badago intimitatearen nondik norakoak jorratzera emandako idazle gazte berri parrasta, edo feminismoaren borrokari eutsitakoak, guztiz premiazkoa oraindik ere. Baina idazle berri edo gazteagoek ez al dute esatekorik euskal literaturaren gairik garrantzitsuenari buruz? Ala agian hobe al da zaharrek bakarrik euskaraz egitea edo beste batzuek erdaraz? Ala esperoan al gaude Patria-ren moduko euskal nobela kanonikoa inoiz baino lehen agertzeko, esate baterako, Kirmen Uriberen esku bigunetik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.