Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Idazlea bertso saioan

2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Kalean topo egin dute bi idazlek. —Zer moduz bertso saioan?

—Nola dakik bertso saio batean izan naizela?

—Telebistan agertu omen haiz, neska, Hitzetik hortzera-n. Nik ez dinat ikusten, baina ikusi duen lagun batek esan zidan txaloak jotzen agertu haizela.

—Hara! Ikusi nitian kamerak, bai, entzuleoi begira.

—Txapelketako bertso saio batera joanez gero, telebistan agertzeko arriskua handia dun, esan didatenez.

—Ba, egia esan, ondo pasatu nian bertsoak entzuten. Luzeegi egingo ote zitzaidan beldurrez joan ninduan, baina bai zera!

—Hi ere liluratuta egongo haiz Maialen Lujanbioren bertsoekin, jakina.

—Bikainak! Osorik ez, baina zati bat buruz ikasi diat: «Gizona eta andrea nauzu / ez andrea ez gizona / nere inon ez egon nahia ote / da zure ezinegona?».

—Zoragarri! Baina ez al zain iruditzen noizbehinkako harribitxi gutxi batzuetarako betelan gehiegi jasan beharra dagoela, eta gain-baloratuta dagoela bertsolaritza gaur egun euskal kulturaren munduan? Alegia, adierazpide gisa mugatuegia dela gure kulturaren gailurra eta bandera-ontzia izateko, gure erakusgarri nagusia, eta daukan nagusitasun horrek ipurdi bistan uzten duela gure alferkeria kultural sendaezina?

—Ezaguna egiten zaidak diskurtso hori, baina...

Hautsi da anphora diskoan, Bernardo Atxagak idatzitako bertso batzuk kantatu zitinan Ruper Ordorikak, Zenbait bertso xelebre izenburua dutenak. Diskoaren barruko liburuxkarako idatzi zuen testuan, Atxagak esan zinan bertsoena, nahiz eta baliagarritzat jo erabilera batzuetarako, abangoardiaren «antipodetan» dagoen adierazpidea dela.

—Atzo goizeko kontuekin hator, adiskidea! Berrogei urte izango ditik laster disko horrek!

—Kontu berriago bat nahi al dun? Oraindik orain, txapelketako kanporaketa batean, zer gertatu da Agin Laburuk Jon Martinen kamiseta arrosa homosexualitatearekin lotu duenean? Entzuleek ezin izan dutela bertsolariaren ordez pertsonaia bat ikusi bertso horretan, eta bertsolariari leporatu diotela aurreiritzi homofoboak izatea, hark sortutako fikziozko pertsonaiari leporatu beharrean. Bertsolaritzak adierazpide gisa dituen mugak agerian utzi ditin kasu horrek; eta bertsolariak, aurrean duten publikoak bahituta, zuzentasun politiko jakin baten esparrutik irten gabe jardutera kondenatuta daudela, gizartean bizirik dauden ideia eta ikuspuntu batzuk ezin direla agertu ere egin bertsotan.

—Aritz Gorrotxategiren Koldar hutsa zara nobelako bertsolariak bere larruan nozitzen dik arazo hori. Kepa Matxainek oso artikulu interesgarria idatzi dik horretaz, oraindik orain, Argia-n. Eta Iñaki Segurolak bertso saioek gero eta meza itxura handiagoa dutela salatu dik Urola Kostako Hitza-n. Baina...

—Eta jakingo dun Uxue Alberdik nobela bat argitaratu berri duela ere, ezta?

—Bai, Jenisjoplin. Oso gustura irakurri diat.

—Liburuaren aurkezpenean eta elkarrizketetan, adierazi din bestela nekez adieraziko lituzkeen ideiak adierazteko aukera eman diola nobelak, eta ideia horiek ganoraz adierazteko plataforma bat eraiki duela. Bertsoek ez diten era horretako plataformak eraikitzeko aukera handirik ematen, Agin Labururen bertsoekin gertatu denak erakusten duenez. Literaturak askoz urrutirago eta askoz barrurago jotzeko aukera ematen din. Baina hemen, gure artean, gure kulturan, bertsolariak ditinagu errege-erreginak, eta idazleok peoi huts, bat edo beste alfil edo dorre izatera hel badaiteke ere, asko jota.

—Bejondeiala, motel! Beste idazle batzuekin elkartuta, oholtza gainera igo eta BECeko finala eteten ikusten haut, «Idazleok ere bagaitu euskarak» dioen pankarta erakusten.

—Ez gaitun horretara iritsiko, baina ez luken bidegabekeria handia izango.

—Egon hadi isilik! Nik ere nahiago nikek euskaldunen artean literaturak, eta batez ere euskaraz idatzitako eta euskarara itzulitako literaturak, estimu handiagoa izatea. Baina uste diat bertsolaritzak bertsolarien eta bertsozaleen ahaleginaren, talentuaren eta merituaren indarrez iritsi direla iritsi diren lekuraino, ez guri eta ez beste inori ezer ostu gabe, eta, konplexuak eta haurride arteko lehia etxekalte txoroak alde batera utzita, inbidiak eta jelosiak baztertuta, literaturazaleok ere badugula bertsolaritzaz patxadaz gozatzea eta bertsolarien lana mirestea. Baita haiengandik ikastea ere.

—Baina...

—Berandu habil finalerako sarrerak erosteko, baina izango dituk bestelako aukerak. Ez dik kalte egingo noizean behin bertso saioren batera joateak. Pankartarik gabe, mesedez.

—Ados. Beharbada zuzen habil, baina hainbesteraino ez naun iritsiko. Tarteka Hitzetik hortzera ikustea nahikoa izango dun niretzat. Sautrela ere kendu digutenez...!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.