KRITIKA. Antzerkia

Vikingoa ala txerokeea?

Agus Perez -

2018ko abuztuak 18

'Zoaz pake santuan'

Konpainia: Txalo. Egilea: Emmanuel Robert-Espalieu. Euskaratzea: Maribi Arrieta, Martin Agirre. Zuzendaritza: Begoña Bilbao Lejarzegi. Eszenografia: Asier Sancho Senosiain. Argiak: Julen Zaballa. Jantziak: Cristina Martinez. Antzezleak: Ane Gabarain, Mikel Laskurain. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Abuztuak16.

Ez dakigu emaztearen psikologoa vikingoa ala txerokeea ote den, baina hasierako datu horrekin badakigu andereak psikologo bat bisitatzen duela aspalditik. Senarrak dakiena baino gehiago da honezkero, eta gauzak aurrera joan ahala are gehiago jakingo dugu.

Kementsu hasten da Emmanuel Robert-Espalieuren obra, lehen esalditik bertatik dakigulako senar-emazteen artean gertatu berri dena, eta baita ere horrek zer ondorio ekarriko dituen eta zein epetan gauzatuko den hori guztia: emanaldiak irauten duen epe berean alegia. Bitxia bada ere, neoklasizismoko hiru arau mugiezinetan bermatuta eraiki da aurten sortutako jostailu dramatiko hau: denbora errealean gertatzen da dena (denbora-batasuna), leku berean (toki-batasuna) eta ekintza zentralean beste ezer txertatu gabe (ekintza-batasuna).

Baina hiru batasun haien zurruntasunaren gainetik, bizirik mantendu da artefaktua hasierako uneetatik amaierara arte, gaurko gizakiaren funtsezko auziei erreferentzia fina eginez eta gatza neurritan dosifikatuta aforismo izaera izan duten dialogo asmotsuen gainean. Emaztea asper eginda dago bere bizimodu burgesaz, eta bitartean, senarra eroso, uste duelako dena doala ongi, errutina muturrean lehertzen zaion arte. Egoera klasikoa, beraz, baina era erdi absurdu erdi naturalean, erdi patetiko erdi basatian aurkeztuta. Emanaldian zehar sarritan etorri zait burura Harold Pinterren maisulan hura —The Lo- ver—, non lehen esalditik bertatik garbi planteatzen baita antzerki-gatazka, lanera doan gizon zintzoak zera galdetzen dionean etxean geratzen den emazteari: «Etorriko al da gaur zure amorantea?». Are gehiago emazteak baietz erantzuten dionean, lasai-lasai gainera.

Pinterren antzerkian bezala, lan honetan ere abilezia handiz uztartzen dira gai eta giro errealak egoera ezinezkoekin, eta egileak bikain maneiatu ditu dramaturgiaren mekanismoak, antzezlanak erloju-makineria baten moduan funtziona dezan. Obra hartan bezala, senar-emazteak dira eszena gaineko pertsonaia bakarrak, eta kasu honetan Ane Gabaraini eta Mikel Laskuraini egokitu zaie ohorea. Esku artean zeukaten jostailu dramatikoaren balioaz jakitun izanik, joko dramatikoaz gozatzen ibili dira biak ala biak, eta bikote komiko ederra osatu dute dekoratu funtzional baina arraro samar batean bilduta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna