Txema Arinas.
HIRUDIA

Literatura ala kronika

2017ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Kirmen Uriberen azken liburua, Elkarrekin esnatzeko ordua (2016), irakurri eta gero ohiko duda sortu zitzaidan: oraindik ere posible al da hirugarren pertsonan idatzitako literatura? Zer dela eta? Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren gorabeherak irakurri ahala Fernando Vallejo idazle kolonbiarraren aspaldiko aldarrikapen suhar batzuk akordura etortzen zitzaizkidalako. Vallejoren aburuz, «hirugarren pertsonan idatzitako nobela bat daegiten errazena, literaturaren biderik jorratuena, baina bidea gezurtia da eta gainera agortua dago». Vallejo, jakina, literatura garaikideaz ari da, zeren eta XX mendera arte hirugarren pertsona nagusi baitzen literatur idazlan gehienetan, Homerorengandik Joycerenganaino. Izan ere, idazlanik goraipatuetako gehienak —Odisea, Eneida, Komedia Dibinoa, On Kixote, Madame Bovary, Gerra eta Bakea, Krimena eta Zigorra, Bakardade Ehun Urte, Galdutako Deboraren Bila eta abar eta abar— jainko ahalguztidun batek kontatutakoak dira. Hori da antzinatik heldu zitzaigun tradizioa harik eta XX. mendera iritsi ginen arte. Ordura arte, Ni-a protagonista bihurtzea oso gauza itsusia omen zen, egotismo ariketa hutsa. Ni-a kosta ahala kosta manupetzea eskatzen zuen gizarte baten arlo guztiak baldintzatzen zituen erlijioak. Gauzak horrela, eta Ni-az benetan libro idatz ahal izateko, XX. mendera arte itxaron behar genuen, hau da,Nietzschek Jaungoikoa behin betiko akabatu zuen arte. Engoitik, idazleek ez zuten bere buruaz idazteko oztoporik. Horrenbestez, eta besteak beste, Marcel Proustek, Thomas Bernhardek, Natalia Ginzburgek euren bizitza literatura bilakatu zuten, egiatan ala ez, baina betiere euren burua protagonista izanik. Halere, XX.eko maisu gehienak ez ziren hain ausartak, agian ez hain harroak, eta euren burua mozorrotu nahiago zuten, gutxienez euren idazlanik nagusi eta goretsienetan, hots, arrakasta ekarri zietenetan. Nor da Chinasky Bukowsky baino? Eta ba al dago dudarik Ferdinand Bardamu Celine bera zenik? Ez al zen Pessoa bere heteronimoengan banandu? Kasuotan, ordea, bistan dago idazleon protagonistak euren buruaren aldaki garbia zirela egiak kontakizuna zaputz ez ziezaieten, hau da, euren bizitzaz idazteko errealitatearen oztopo barik, menturaz euren gertuko inork esan ez ziezaien: «Hori ez zen horrela izan, zurekin nengoen eta». XX. eta XXI. mendeetako idazle gehienek, aldiz, euren burua asmatzen dituzten istorio zein pertsonaietan ezkutatzen dutelakoan gaude, hau da, euren buruetan, edo behinik behin, euren bizitzetan oinarritutako liburuak sortzen dituztela edonondik begiratuta ere. Hori da behintzat askok eta askok susmatzen duguna Navokoben Lolita, Milan Kunderaren Txantxa edo Irene Nemirovskyren Suite Française irakurritakoan. Eta nola ez sumatu Ramon Saizarbitoria bera Martutenen azaltzen den Martin idazlearen pertsonaiaren atzean?

Edonola ere, berdin dit susmoa ondo oinarrituta dagoen ala ez. Egia esan, nork bere bizitza idazgai izatea guztiz zilegi begitantzen zait batik bat istorioak zein pertsonaiak ahalik eta mamitsuenak, egiantzekoenak, sinesgarrienak asmatze aldera. Edo bestela esanda, egiatan ez dit batere ardura idazlearen Ni-ak, hots, kontatzen didanak egiazkoa den ala ez, idatzitakoaren egiantzekotasunak baizik. Izan ere, eta nire ustez behintzat, istorio edo pertsonaia bat ez baldin baduzu zure buruaren nondik norakoren batez mamitzen, edo areago, zure bizitzaren zenbait atalekin nolabait lotuta dagoen zerbait gaineratzen ez baldin baduzu, emaitza betiere epela izango da sinesgarritasunari dagokionez. Liburu on guztiek idazlearen arima ezinbesteko dute, hau da, edozein kontakizun literatura bilakatzen duena. Gainerako guztia, ordea, kronika doia edota best seller-a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.