Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Isilpeko hitzarmena

2017ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Jendaurreko literatur ekitaldi batean parte hartu ondoren, beren hirira itzultzen ari dira A eta B idazleak, Aren autoan. Arrakasta handiko best-seller-en egilea da A, nobelagile ezagun eta mediatikoa; B irakurle gutxiko poeta da, haren liburuek kritikari bakan batzuen laudorioak jaso badituzte ere.

—Ederra izan behar du zure lana hainbeste jenderen gustukoa dela jakitea —esan dio Bk Ari—. Aitorpen bat egingo dizut: askotan egiten dut amets zu bezalako idazle arrakastatsua izatearekin. Edozein liburu-denda edo supermerkatutara joan eta nire liburuen ale mordoak ikusi nahiko nituzke, eta bezeroak etenik gabe horiek erosten. Durangoko Azokako ilararik luzeenak nik sortutakoak izatea nahiko nuke...

—Ba nik batzuetan kontrakoarekin egiten dut amets —erantzun dio Ak—. Irakurle gutxi baina kualifikatuak izatearekin, oso mingarria egiten baita kritikari burutsuen mespretxua jasatea. Batzuek nire liburuei buruz diotena irakurrita, iduri luke inpostore bat naizela, gaizkile zital bat, literaturari eta kulturari kalte handia egiten dion kriminal higuingarri bat.

—Dena den, ospea eta dirua ez dira kontsolamendu makalak izango min horri aurre egiteko, ezta?

—Ukendu goxoak direla ezin dizut ukatu. Garrantzitsuena, hala ere, kontzientzia arazorik ez izatea da. Nik idatzi egiten dut, ahalik eta ondoen, eta gero saiatzen naiz ahalik eta zabalkunde handiena ematen nire lanari. Ez dut inor engainatu, ez dut inor erosi, ez diot inori xantaiarik egin.

—Bejondeizula! Zuk gozatu, eta ez kasurik egin kritikari burutsuei.

—Nahiz eta horiexek izan, askotan, zure laudoriorik sutsuenen egileak...

—Berdin dio. Ez dute botere handirik.

—Eta, atrebentzia handia ez bada, zuretzat mingarria al da zure lanek merezitako hedapenik eta aitormenik ez izatea?

—Ez dakit benetan dutena baino hedapen eta aitormen handiagoa merezi duten. Uste dut, hori bai, nire lanak ni baino ospe handiagoa duten idazle batzuenak baino hobeak direla, eta batzuetan amorrarazi egiten nau ni baino idazle kaskarragoak hedabideetan ez-dakit-zer balira bezala agertzeak. Baina alderantzizkoa ere ikusten dut: ni baino idazle hobeak, ni baino ospe apalagoa dutenak.

—Jarrera jakintsua da zurea.

—Ez. Jarrera egoista da nirea.

—Egoista? Zergatik diozu hori?

—Ontzat ematen dut literatur ospearen banaketan egokitu zaidan zatia. Baina, kasu partikularretatik harago, literatur ospearen banaketa gaur eta hemen atzerakoia dela iruditzen zait, kulturaren garapenaren eta giza balio oinarrizkoenen aurkakoa, inbolutiboa. Eta nik, nola neure ospe mailarekin konforme nagoen —handiagoa izatearekin amets egin arren, esan dizudan bezala—, onartu egiten dut hori guztia, eta parte hartzen dut sisteman, isilik eta zintzo, protestarik gabe. Hori ez al da egoismoa?

—Ez nago ados ospearen banaketaren injustizia inbolutiboaz diozunarekin. Irakurleak ez dira ergelak. Badakite zer aukeratzen duten. Eta literaturak denaren beharra du, literatura komertzialarena eta goi-mailakoarena. Dena da batuketa, dena zaio mesedegarri literaturari, ondo egiten den neurrian.

—Ezagutzen ditut arrazoibide horiek, baina ez al zaizu iruditzen zuk literatura komertziala deritzozun horrek gero eta indar handiagoa duela, goi-mailakoa deitzen deritzozunaren kaltetan? Joera hori areagotu egingo duela literaturak eskolan gero eta presentzia urriagoa izateak? Literaturaren infantilizazioa eta hutsaltzea sustatzen eta nagusitzen ari dela bazter orotan?

Eztabaidan jarraitu dute, ados jarri gabe. Baina hirira iristetik gertu, solasak idazteko motibazio berrien premiaz eta norberaren konfort-gunetik irtetearen komenigarritasunaz hitz egitera eraman dituelarik, ia ohartu ere egin gabe, isilpeko hitzarmena egin dute: Ak idatziko du Bren hurrengo liburua, Bk Arena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.