Rikardo Arregi Diaz De Heredia.
HIRUDIA

Filmak eta sariak

2017ko urriaren 19a
00:00
Entzun
ETBko albistegiren batean entzun dut Literaturaren Nobel Sariaren berri: esatariak dio aurten berriro ere beste idazle ezezagun bati eman diotela, idazlearen izena dator segituan, Kazuo Ishiguro. Hara, pentsatu dut, hain ezezaguna ere ez da (idazle ezagunen eta ezezegunen kontua labainkorra den arren); eta ez dut ulertu zergatik dokumentalistak (egongo da dokumentalistaren bat telebistan) ez dion, Wikipedia irekitzearekin nahikoa zuen, zerbait prestatu esatariari, albistegi horretako ikusleei gogorarazteko, besterik ez bada ere, Kazuo Ishiguroren eleberrietan oinarritua bi film daudela (Egunaren azken hondarrak, jatorrizkoan The Remains of the Day, eta Ez nazazu sekula joaten utzi, jatorrizkoan Never Let Me Go), etalehendabizikoa oso-oso ezaguna dela; izan ere, ziur naiz Kazuo Ishiguro inoiz irakurri ez duen jende askok ikusi duela James Ivory-k zuzendutako filma. Telebista publikoen zereginen artean kultura sustatu eta populazioaren heziketa handitzea daude nire aurreiritzi zaharruno eta gaur egun beharbada lekuz kanpokoaren arabera; horregatik, programazioari adi egongo naiz hurrengo asteetan ea, Nobel Saria profitatuz, ETBri bururatzen zaion aipaturiko bi film horiek eskaintzea.

Maialen Berasategik pasa den astekoan iradoki bezala, gerta daiteke The Remains of the Day eleberria liburudendetako erakusleihoetan berriro agertzea, gaztelaniaz jakina, larruazalean Emma Thompson eta Anthony Hopkins afaria zerbitzatzeko prest. Zer egingo diogu. Literaturaren eta zinemaren arteko harremanez asko idatz daiteke, hiru aste daramagu hemen, Juan Luis Zabalak hasita, aferaren alde batzuk jorratzen.

Bi kontu gehiago besterik ez. Lehenengoa: bat-batean Daphne du Maurier-en Rebecca irakurtzeko gogoa etorri zaidala, inoiz leitu gabea Alfred Hitchcock-en filma hamaika aldiz ikusi eta beti mirestu dudan arren (zuzendari beraren Txoriak filmak, jatorrizkoan The Birds, idazle beraren ipuin bat du iturburu). Bigarrena: orain dela gutxi lagun bat, haserre ez dut esango, baina apur bat urduri sumatu nuen, esan nionean berak hainbestetan goraipaturiko Neskamearen ipuina, jatorrizkoan The Handmaid's Tale, telesaila eleberri batean oinarrituta dagoela; galdeketa sakon eta osoa egin zidan: nor zen idazlea (Margaret Atwood, nik; inoiz entzun gabea, berak), noiz argitaratu eleberria (1985ean, nik; hain aspaldikoa, berak) eta abar. Berarekin telesailaren bi kapitulu eta erdi ikusi arte, ez zuen bakerik izan. Eleberria irakurtzeko egin nion gomendioa alferrikakoa izan zela uste dut. Zer egingo diogu. Telesaila ondo dago. Liburua ondo dago. Plazaratzen den distopiak hausnarketarako bide oparoa eskaintzen du. Telesailaren bidez jende gehiagok Margaret Atwooden berri badu, primeran.

Nobel Sariarekin hasi naiz eta Euskadi Sariekin bukatu nahi dut gaurkoa. Aspaldian bi une zuten Euskadi Sariek: egun batean sarien berri ematen zen eta hedabideetan saridunak eta saridunen liburuak agertzen ziren, artikulu pare bat, elkarrizketaren bat agian, eta handik aste batzutara sari emanaldia zetorren, askotan telebista publikoaren bidez ikusteko aukera genuen eta guzti, eta idazleen eta liburuen aipamenak berriro entzun edo irakurtzen genituen. Geroago sariak biderkatu ziren eta sarituen berri pixkanaka-pixkanaka aditzera ematen zen. Garai berean, edo lehenago, edo beranduago, ez naiz oroitzen, Euskadi Sarien kontrako manifestuak agertzen hasi ziren, urte batzuetan bai, beste urte batzuetan ez. Orain Euskadi Sariena telesail bat da, ia-ia kulebroi bat, hilabeteak eta hilabeteak hartzen dituena. Lehenik, Euskadi Sariari uko egiten dioten idazleak datoz, handik aste batzuetara finalistak, beste aste batzuen ondoren kategoria batzuetako irabazleak, geroago beste kategorietako irabazleak eta bukatzeko sari emanaldi protokolarioa. Nik ondo deritzot tenperatura txikian egindako errezeta horri, zenbait liburuk aipamen gehiago izango baitute horrela, gaur egun liburuek duten iraungitze data luzatuz. Bide batez, pozgarria da poema liburu bat (Asier Serranoren Linbotarrak) euskarazko Euskadi Sari nagusia irabaztea. Asier Serranorena, garai batean (orain dela hamar urte) Sarien aurkako manifestuetako bat sinatutakoa, hain zuzen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.