Albistea entzun

HIRUDIA

Sautrela eta Sònia Moll

Rikardo Arregi Diaz de Heredia - Idazlea

2017ko azaroak 9

Sautrela-ren desagerpenarekin ere hasiko dut nire txanda gaurkoan, kexatzeko, jakina, eta laster ETBko euskal adar txiroan literaturari edo liburuei buruzko programa berria izango dugun itxaropen eszeptikoarekin. Telebista publikoari buruzko ideia zaharrunoak ditut, badakizue: kultura sustatu, euskara bultzatu eta ergelkeria horiek. Agian sukaldaritzarekin, kirolarekin eta bertsolaritzarekin ETBk betetzen ditu dagoeneko helburuok, eta literatura edo liburuak lekuz kanpo edo baztertxo batean daude euskal kulturaren mundu zoragarri honetan, eta ni naiz zoratuta dagoena. Batek daki. Irakurri dut nonbait Sautrela desagertu dela finantzaketa arazoak zeudelako, dirurik ez zegoelako alegia, arrazoi benetan bitxia telebista publiko batez mintzatzen denean, baina ez naiz jarriko zergak zintzo-zintzo ordaintzen dituen herritar haserrearen paperean. Azkenaldian, edozein kontu kritikatzen denean, agintean daudenek proposamenak eta alternatibak eskatzen dituztenez, hona hemen nireak balizko programa berri horretarako: programa zaharrean agertzen ziren koadro eta eskultura moderno haien ordez, dirua emango duten enpresa babesleen publizitatea jarri beharko lukete, pilotalekuetan bezala, eta aurkezleek, baita haien liburuak aurkeztera joaten diren idazleek ere, paparrean eta, batez ere, ipurdian enpresa horien logotipoak harro erakutsi beharko lituzkete futbolarien moduan; edozer txalotzeko prest egongo litzatekeen ikusle gatibu talde bat eramatea ere ez legoke gaizki. Horrekin nahikoa ez balitz, beste ideia batzuk ditut buruan bueltaka: eleberriak-eta idaztea ondo dago, baina badakite euskal idazleek fundamentuzko porrusalda bat egiten?

Hain kontu serioarekin fribolizatzea gaizki dagoela pentsatuko dute batzuek. Ez nago ados; uste dut, gutxienez astero, plazaratu beharko genukeela zerbait, fribolo nahiz serio, literaturak edo liburuek euskal kulturan duten lekuari edo ez-lekuari buruz.

Katalunia hona ekartzea zen gaur ene helburua, Kataluniako liburuak, literatura, poesia. Ez politika, lasai, literatura eta liburuak politika badira ere, Sautrela-koa kontu politikoa den bezala. Izan ere, irakurri dudan azken poeta emakume katalana da: Sònia Moll Gamboa (Bartzelona, 1974). Ez nuen ezagutzen, baina orain dela aste pare bat bere azken liburua irakurri eta zatitxo bat itzultzeko aukera izan nuen. Liburuaren izenburua da I Déu en algun lloc (2014, Vic: Café Central i Eumo Editorial), euskaraz Eta Jainkoa nonbait, badago gaztelaniazko itzulpena: Y Dios en algun lugar (2017, Barcelona: Godall Edicions). Poema liburuak idatzi ditu, narrazioak, zutabeak prentsan, blog batean aritzen da, helduen irakasle ibilia. Azken poema liburu horren ardatza amaren gaixotasuna da, alzheimerra, eta poemaz poema heriotza handi beldurgarria prestatzen duten heriotza txiki mingarriak aletzen ditu, testu luzeak eta laburrak tartekatuz, baliabide narraziozkoekin zein lirikoenekin.

«Ez dut zutaz gehiago hitz egingo./ Joaten utziko zaitut,/ jakintsuek nola egin esaten diguten bezala/ —zu ni gabe/ ni zu gabe/ nola ibili bide hau?/ Zuregana eramaten ninduten mendi guztiak/ igo eta jaitsi ditudala./ Geratzen zaidan maitasun guztia/ azken malda zatia igotzeko baino ez zaidala iristen:/ gaurko isiltasun hau,/ kontu tristeen/ usain nahasezin hau».

Oso zaila Sònia Mollen katalan erritmiko ia-ia monosilabikoa euskaraz ematea, eta erraza poemak ulertu, berarekin hitz egin eta, horrela, testuen muinera eta idazlearen gogora barneratu ahal izatea. Zainketaz asko hitz egin genuen, elkarren zaintzeaz. Zahar etxeari buruzko poemak gogoangarriak dira («Zure etxea/ ez da inoiz gehiago nire etxea izango»). Zaintzea ez bakarrik familiakoak eta gertuko gaixoak, Kataluniak oraintxe duen egoera zailean guztiok elkarren zaindu behar premiazkoaz mintzatu zitzaidan Sònia Moll. Poesia eta politika. Aita Menorkakoa, ama Txileko indigena, «Bartzelonako Sant Andreu auzokoa ni», Katalunia berriaren ispilu iruditu zitzaidan Sònia Moll. Poemak, errebelazio ustekabea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Musika estilo askotara zabaldu da trikitia azken urteotan. Irudian, Neomak taldearen kontzertu bat, Durangon (Bizkaia). ©RAUL BOGAJO / FOKU

INFERNURAINOKO SUSTRAIAK DITU

Olatz Enzunza Mallona

Euskal kulturan errotuta dauden musika tresnetako bat da trikitia. Euskal Herriko plazetan zein musika eskoletan bizi-bizirik dago oraindik ere, eta, tradizioa alde batera utzi gabe, musika estilo gehienetara ere zabaldu da azken hamarkadetan. Transmisioan dago gaur egun kezkarik handiena.
 ©IRATXE ETXEANDIA

«Trikitiaren errealitatea ez dator bat gizarteak irudikatzen duenarekin»

Olatz Enzunza Mallona

Trikitiaren ibilbidea eta iruditeria kolektiboa ari da ikertzen Gontzal Carrasco bere doktoretza tesian. Tradizioaz gainera, instrumentuaren «beste errealitate batzuk» erakusteko beharra dagoela nabaritu du.

 ©ANE GARCIA
Duvravka Ugresic, Bartzelonan, 2011n. ©ORIOL CLAVERA

Bueltarik gabeko erbestearen letrak

Andoni Imaz

Historiaren eta politikaren koordenatuetatik irakurri ohi da Dubravka Ugresic hil berriaren lana; izan ere, gai horiek erabat blaitzen dituzte Jugoslavia ohia desegin ondoren handik ihes egin zuen idazle kroaziarraren nobelak eta saiakerak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...