Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Hilok esnatzen garenean

2018ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Hilok esnatzen garenean [...] ohartzen gara ez garela sekula bizi izan», zioen Irenek, ubel, Henrik Ibsenen Hilok esnatzen garenean antzezlanean. Eta, handik 72 urtera, ubel hura beretu eta antzaldatu zuen Adrienne Rich idazle estatubatuarrak, eta bihurtu zuen ubel bat ez etsia, baizik kartsua, kexazkoa bainoago aldarrizkoa, feminismoaren ubel biziaz blaitua. Hilok esnatzen garenean: idaztea berr-ikuspen gisa izeneko saiakera laburrean, iratzartze baten istorioa kontatu zuen Richek: nola esnatu zen pertsona gisa, eta batez ere emakume gisa, eta idazle gisa, eta batez ere poeta gisa, eta dena batera, nahiz eta ez inola ere kolpean. Nola esnatu zen, edo, zehatzago esanda, nola piztu zen hilen artetik, damutzeke baina minez. Ezer oso berririk ez, egia esan: historian esnatzen saiatu behar izan duten emakume gehienen betiko istorio erredundante hori besterik ez.

Lehenagoko eta geroagoko zenbait autorek bezala Richek esan zuenez, gizonek ez dute sekula idatzi nagusiki emakumeentzat edo, zehatzago, beren obrei emakumeek zer iritziko zieten aieruka; emakumeek, aitzitik, zuzenean eta zeharka, beti idatzi dute gizonentzat (baita propio eta ustez emakumeei ari zitzaizkienean ere), gizonak izan direnez epaile eta izan direnez kanon. Richek autokritiko esplikatu zuen hori, bere saiakera ahots handian irakurri zuenean unibertsitate batean, hau da, leku pribilegiozko batean: «Badirudi emakume bereziak garela hemen. Gustatu izan zaigu pentsatzea bereziak garela, eta jabetu gara gizonek toleratu eta, are, erromantizatu egingo gintuztela berezi gisa, betiere ez bagenion hitzez edo ekinez mehatxu egiten haiek gu toleratzeko edo errefusatzeko duten pribilegioari [...]». Mikatz baina erdi umorez, Richek aitortu zuen emakume bereziaren mitoaren engainu lilurazko hura zintzurreraino irentsita idatzi zuela hasieran. Gaineratu zuen, baina, berezitasun horren pribilegioak ez zuela egundo zentzurik izango baldin eta emakume isilaraziei boza emateko erabiltzen ez bazuten.

Idazten duten emakumeek, nolanahi den, aski bereziak eta onartuak izanagatik, luze gabe aurkitzen dute ifrentzua, Richen esanetan; izan ere, badirudi gizonek, jainko ar baina guztiz neutro baten graziaz, poemak egiten dituztela, eta emakumeak, jainko ar baina guztiz neutro beraren desgraziaz, poema horietan egoten direla (ezina egonez egina, amen). Zeren, bai, emakume batek erraz asko aurkituko baititu emakumeak gizonen poemetan: «[...] aurkituko du aurpegi zurbil eder bat, aurkituko du La Belle Dame sans merci, aurkituko ditu Julieta eta Tess eta Salome, baina hain justu aurkituko ez duena zera da, kreatura bere baitan bildu hori, kreatura langile, harritu eta batzuetan inspiratu hori: bere burua [...]». Banpiroak gara ispilu aurrean.

Eta, halaz guztiz, maiz desagerrarazi dizkiguten arren, eta berez askoz gehiago izan behar luketen arren, idatzi duten emakumez beteta dago historia. Sekula ez dugu jakingo zenbat idazle andrazkok errenditu behar izan dituzten beren izen-abizenak Anonimoa sinadura gordin tristera, edo gizonezko izen-abizen asmatuetara. Richek berak gogorarazi digun bezala (eta ezin ahaztu, besteak beste, Virginia Woolfen Gela bat norberarena ere), sekula ez dugu jakingo zer-nolako literatura litzatekeen gurea baldin eta idatz-grinaz sukartutako emakume horietako askok ez balituzte denbora eta burua etengabe etenak izan «besteek atergabe desegiten dituzten zeregin, mandatu eta lan horiek» antolatu eta egin beharraren beharraz; baldin eta ez balute sufritu behar izan «emakumeen ohiko akidura hori, amorru erreprimituarena eta beren izatearekiko lotura galdu izanarena».

Ez da komeniko, jakina, hortxe kateatuta geratzea, balu eta balitz alferreko batean. Ez idazleak, ez irakurleok. Baina komeniko da, jakina, amnesiak jota ere ez geratzea. Ez lo eta ez hilik. Bai baitago alderik ubeletik ubelera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.