Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Literatura nazionalaz

2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Argitaratu duen nobela berria, Neska bat leku inposiblean, aurkezterakoan, «literatura nazionala» egin nahi izan duela adierazi du Xabier Amurizak. «Badago duela 50 urteko izpiritu bat hemen, hor islatzen den giroa, idealismoa... Badago izpiritu komun bat Euskal Herriko zati handi batena, eta hori guztiz sentipen bizia dut gaur, bai pertsonalki bai kolektiboki. [...] Nik motiboak hemengoak nahi ditut, Euskal Herriak bizi izan dituenak. Nire sinbolo literario nagusiek euren tokian tokiko giroa egin dute. Ni ez noa atzerrira motibo bila: nik hemendik nahi dut egin» (BERRIA, 2018ko martxoak 7).

Ulergarria eta zilegizkoa da Amurizaren asmoa, eta seguru nago eskertuko dion irakurlerik ez zaiola faltako. Bejondeiola beraz.

«Literatura nazionala» aipatu gabe, nire interpretazio akaso okerraren arabera behintzat, antzeko aldarri bat egin berri du Pako Aristik Herri bat begien aurrean artikuluan (BERRIA, 2018ko apirilak 1): «Funtsean, idaztea, niretzat ardura bat da, nire buruarekin, eta nire herriarekin. Gainerako guztia merchandising hutsa da, egoen dantza, hedabideen asmakizun, ergelkeria hantusteen monumentu, jolas burges eta burges aspertuen lore-jokoak, eta hori garbi ikusten da: oso ondo idazten duen jende asko dago, baina globalki gure egoerari ekarpenik egiten ez diona. Ondo idaztea meritua da, bai, baina herrigintza beste hori da, plus hori».

Amurizak eta Aristik antzeko aldarria egiten dutela irizten diot, baina bada desberdintasun nabarmen bat: Amurizak zer egin nahi izan duen adierazi du, horregatik bestela jokatzen dutenen literatura gutxietsi gabe; Aristik, ordea, kategoria gutxiagokotzat, edo ekarpen eskasagokotzat behintzat, du herria buru-bihotzetan eta lanaren azken xedeetan izan gabe idazten duenaren literatura. Eta herri hori, jakina, Euskal Herria dela zehazten du argiro, artikuluan pixka bat aurrerago: «Herri hori, nire kasuan, Euskal Herria da»; «Nire gogoen subjektua bat da: Euskal Herria».

Barkatuko dit Aristik, baina idazleak Euskal Herriarentzat eta ustez Euskal Herriaren alde egindako literatura, Amurizak «literatura nazionala» deritzon hori, ez dago merchandising huts, egoen dantza, hedabideen asmakizun, ergelkeria hantusteen monumentu, jolas burges eta burges aspertuen lore-joko izatetik libre; eta, batez ere, oso ikuspegi estu eta arriskutsu baten ondorio iruditzen zait esatea Euskal Herria, herrigintza, eraikuntza nazionala edo dena delakoa aintzat hartu gabe idatzitako literatura merchandising huts, egoen dantza, hedabideen asmakizun, ergelkeria hantusteen monumentu, jolas burges eta burges aspertuen lore-joko izatera kondenatuta dagoela. Euskal Herria, herrigintza, eraikuntza nazionala edo dena delakoa aintzat hartu gabe idazten duten idazleen obrarik gabe herren nabarmena izango luke gaur egungo euskal literaturak, eta horrek bai egingo liokeela, zeharka, sekulako kaltea Euskal Herriari, herrigintzari eta eraikuntza nazionalari edo dena delakoari.

«Oso ondo idazten duen jende asko dago, baina globalki gure egoerari ekarpenik egiten ez diona», dio Aristik. Ba nire ustez oso ondo idazten duen jende asko egoteak, edozein delarik jende horrek idaztean duen asmoa eta itxaropena, zuzenean ez bada zeharka, mesede egiten dio gure egoera globalari; gaizki idatzitakoak, aldiz, kalte egingo dio globalki gure egoerari, ez zeharka, zuzen-zuzenean eta erremediorik gabe baizik, berdin dio burubide eraikitzaile zintzo, onest eta abertzalearenarekin idatzita badago ere.

Ramon Etxezarretak adierazi berri duen moduan (El Diario Vasco, 2018ko apirilak 6), gaur egun ez dago benetako eztabaidarik. Bestela, Amurizaren eta, batez ere, Aristiren adierazpenek duela 40 urteko eztabaida berpiztuko zuten gure artean, Pott Bandaren garaikoa, literaturaren autonomiarena, aspaldi gaindituta zegoela uste genuena (euskara batuarena bezala, bidenabar esanda).

Dena den, niri, zeharka, horretaz pentsatzean, Ramon Saizarbitoriak duela mende erdi pasa gazteei —orduan bera baino are gazteago zirenei— zuzendu zien aldarri hura etorri zait gogora: «Gazteok, izan zaitezte yeye edo nahi dezutena, baina lehenen eta beti euskaldunak!». Pixka bat egokituta, honela utziko nuke: «Idazleok, izan zaitezte egolatrak, burgesak, espainolistak edo nahi duzuena, baina lehenik eta beti euskal idazle onak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.