Zegama-Aizkorri mendi maratoia

Aurkari sorta Maiora eta Angermund-Vik faboritoentzat

Iazko garaileak dira Zegama-Aizkorri mendi maratoia irabazteko hautagai nagusiak. ETB1ek zuzenean emango du proba

Aurkari sorta Maiora eta Angermund-Vik faboritoentzat.
jakes goikoetxea
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Maite Maiora eta Stian Angermund-Vik. Erakustaldia egin zuten iaz Zegama-Aizkorri mendi maratoian. Lasterketako markak hobetu zituzten: 4.34.27 batek, 3.45.08 besteak. Parean izango dituzten goi mailako aurkariak ikusita, kostako zaie gaur berriz irabaztea eta marka lortzea. Munduko Kopako probak, ohi bezala, munduko korrikalari onenak eta bukatzea helburu dutenak bilduko ditu, 558 guztira —ia 9.000k eman zuten izena zenbakia lortzeko zozketan—, milaka zaleren animoek hauspotuta. Ez alferrik, esan ohi da Zegamako helmugara azkena iristen den korrikalaria izaten dela zoriontsuena.

Maiorak urteetan bere buruari jarritako zama arindu zuen iaz. Arindu horrekin parte hartuko du aurten, baina berriro irabazteko asmoz. Berak esan du ondo dagoela, duela bi aste Munduko Trail Txapelketan lehiatu eta gero—bosgarren sailkatu zen—.

Aurkari gogorrak izango ditu mendaroarrak. Parte hartzaileen artean daude Zegama-Aizkorri irabazi duten bi korrikalari: Yngvild Kaspersen norvegiarra (2016) eta Emelie Forsberg suediarra (2013). Iazko bigarrena ere, Maite Maiora estutu zuen Silvia Rampazzo italiarra, irteeran izango da.

Horiez gain, kontuan hartzekoak dira Sheila Aviles kataluniarra —iaz hirugarren—, Megan Kimmel estatubatuarra —bigarren 2016an—, Ida Nilson suediarra —Transvulcanican garaile, hirugarrenez—, Mira Rai nepaldarra, Laura Orgue kataluniarra —kilometro bertikaletan espezialista—... Eta erne Oihana Azkorbebeitia abadiñarrarekin. Laugarren izan zen iaz. Aurten hamaika lasterketatan parte hartu du, eta guztiak irabazi ditu. Podiumetik gertu ibiliko da.

Stian Angermund-Viknorvegiarra indartsu iritsi da. Transvulcaniako maratoi erdian lortutako garaipena, horren lekuko. Ezingo du aurreko urteetan Zegama-Aizkorriko ikur bihurtutako zenbait korrikalariren kontra lehiatu: Kilian Jornet, Luis Alberto Hernando, Tadei Pivk...

Marc Lauenstein suitzarra izango da Angermund-Viken aurkari nagusietakoa. Iaz hirugarren sailkatu zen Zegaman. Angermund-Vikek, Transvulcanian, atzetik izan zituen Ruy Ueda eta Aritz Egea, eta gaur ez ditu urrun izango. Urretxuarra laugarren izan zen iaz, eta baita 2015ean ere. Egea oso ondo iritsi da. Berea emanez gero, podiuma gertu izango du.

Gainerako izen sortan, ezustea eman dezaketen pare bat: Andreu Simon kataluniarra, Espainiako Kopako hiru probetako irabazlea —ibilbidea ez da egokiena harentzat—, eta Bartlomiej Przedwojewski poloniarra, Kilimon Traileko irabazlea, marka jarrita eta Marco de Gasperiren aurretik.

Ez da komeni beste zenbait izen ahaztea: Adrien Michaud —iaz bosgarren— eta Alexis Sevennec—iaz zazpigarren— frantziarrak. Edota Iker Oliveri hondarribiarra eta euskal selekzioko ordezkariak: Julen Martinez de Estibariz, Hassan Ait Xau...

Ekaitz giroa

Ekaitz giroa dagoiragarrita gaurko. Lokatza eta harkaitz irristakorrak, lasterketaren ikurretako batzuk, ez dira faltako. Berez, lehor samar zegoen ibilbidea, baina azken egunetako euriak eta ekaitzek lanean jarri dute antolatzaileen lokatza egiteko makina.

Gaurko Zegama-Aizkorrik berrikuntza nabarmen bat izango du. ETB1ek zuzenean emango du lasterketa, 10:45etik 14:00etara. Kamerak jarriko ditu ibilbideko sei lekutan, eta goi mailako bi aditu izango ditu: Oihana Kortazar eta Jokin Lizeaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.