Bi garaipen, bi zapore, mendi duatloien lehian

Eneko Gurrutxagak eta Zuriñe Frutosek irabazi dute elite mailako Euskal Herriko Mendi Duatloien Txapelketa. Frutosek barruko grinarekin egin dio aurre motibazio eta entrenamendu faltari, hirugarren titulua lortzeko. Gurrutxagak lehen txapela du

Unai Ugartemendia.
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Mendi duatloien zirkuituko bi kirolaririk ezagunenetakoak dira Zuriñe Frutos artziniegarra eta Eneko Gurrutxaga amasarra. Mendi duatloien zirkuituak Euskal Herriko txapela jarri zuen jokoan Zeanurin (Bizkaia), urriaren 6an, eta Frutos eta Gurrutxaga izan ziren onenak elite mailan.

Zeanuriko zirkuitu zorrotzean, 70 parte hartzaile inguru elkartu ziren txapelaren bila, 61 gizon eta bederatzi emakume. Gizonetan, faboritoen artean ziren ordura arte Euskal Herriko zirkuituko proba guztiak irabazita zituen Alain Santamaria eta zirkuituko sailkapenean atzetik zituen Alexander Ordeñana eta Eneko Gurrutxaga. Santamariak irabazi zuen. Atzetik izan zuen Javier Goitia gaztea. Goitia lehen aldiz aritu zen zirkuituan, eta lan bikaina egin zuen. Alexander Ordeñana sartu zen hirugarren postuan. Laugarren postuan, berriz, Eneko Gurrutxaga. Kontuan harturik lehen bi postuetan sartu zirenak 25 urtez azpikoak zirela eta Ordeñana Master-40 mailan lehiatu zela, Gurrutxaga gipuzkoarra izan zen elite mailako Euskal Herriko txapelduna.

Emakumeen probak izan zuen lehia. Garaipena eta txapela lortzeko faborito argia zen Zuriñe Frutos arabarra, mendi duatloien zirkuituko azken urteetako garailea, baina ez zuen eskuratu aurreko urteetako erraztasunarekin. Zirkuituko lau probak irabazita agertu zen Zeanurira, baina garaipena estu jarri zion lehen proba zuen Enara Oronoz nafarrak, mendi bizikletako azken kilometroetan sartu ziren arte. Bizikletako azken jaitsieran erdietsi zuen garaipena Frutosek, eta atzetik sartu ziren, hurrenez hurren, Oronoz eta Ainara Arroyo.

Bikotekako lehian, hamabost bikotek amaitu zuten proba. Iker Eskibelek eta Kepa Otxoak osaturiko bikotea gailendu zen Zeanurin, Escala-Loizaga eta Goitia-Durana bikoteen aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.