Dani Fano. Komikigilea

«Langile batek 'nahikoa da' esaten duen aldiro jaioko da Miguel Marmol»

Letra larriz idatzitako izena da Miguel Marmolena El Salvadorko mugimendu iraultzailean. Hainbatetan atxilotua eta torturatua, hamaika aldiz egin zion izkin heriotzari. Haren bizitza komiki bihurtu du Fanok.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Mikel Lizarralde -

2018ko azaroak 18
Duela zortzi urte, abentura handi batean sartu den Dani Fano komikilaria (Donostia, 1968). Miguel Marmol (Ilopango, 1905-San Salvador, 1993) militante komunista salvadortarraren ibilbidea ezagutu, eta haren bizitza eleberri grafiko batean islatzea erabaki zuen. Hamaika aldiz usaindu zuen heriotza Marmolek, baina guztietatik bizirik atera zen, nolabaiteko mito iraultzaile bilakatzeraino. Hortik komikiaren izenburua ere: Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak. Zortzi urte izan dira, baina proiektuaren gozoak nekeak arindu dizkio Fanori: «Halako lan luzeak egitean, ohikoa da nekatuta eta gogaituta bukatzea. Baina sekula gertatu ez zaidana gertatu zait lan honekin: ez naiz nekatu edo erre!».

Nola iristen da donostiar bat XX. mendeko militante komunista salvadortar guretzat nahiko ezezagun baten bizitzara?

Eduardo Galeanoren testuen bitartez ezagutu nuen Miguel Marmol. Memoria del fuego-ko azken liburukiaren (El siglo del viento) nolabaiteko ardatza Miguelito da. Hain zuzen ere, hor aurkitu nuen haren bizitza jaiotzen bidez kontatzeko ideia. Hor sortu zen Miguel Marmolen bizitza komiki bihurtzeko aukera. Hasi nintzen pentsatzen Xabiroi-rako istorio labur bat egin nezakeela, baina, arakatzen hasi, eta Roque Daltonek hari buruz idatzitako liburua aurkitu nuen. Niretzat mugarri bat izan zen. Maitemindu egin nintzen pertsonaz, eta ikusi nuen istorio potoloa zegoela hor.

Zortzi urte eman dituzu Miguel Marmolekin. Asko aldatu zaizu hartaz duzun pertzepzioa?

Erabat. Guretzat ez da iraultzaile ezaguna, nahiz eta ohartu naizen oso esanguratsua eta pisu handikoa izan dela. Ez bakarrik El Salvadorren, baita Erdialdeko Amerikan ere. Hazten eta hazten joan zait, hasieran pentsatuko ez nuen moduan. Orain familiakoa dut: entzuten dizkiot pausoak korridorean; etxean bizi da. Ez da desagertuko nire bizitzatik. Hori oso garbi izan dut El Salvadorko lagunekin harremanetan hasi nintzenenetik. Miguel Marmol ez da hil. Hilezkorra da, eta jaioko da edozein langilek eskua altxatu eta «nahikoa da» esaten duen aldiro.

Galeano inspirazio iturri izan duzu, eta pertsonaia gisa ere agertzen da komikian. Material hornitzaile ere izan da?

Ez askorik. Bere testuak oso laburrak dira, zoragarriak, baina ez dute asko kontatzen. Dena dela, zalantzak nituenean, jo nuen harengana. Roqueri ezin nion kontsultatu [1975ean hil zuten], eta, zoritxarrez, orain Galeanori ere ez.

Galeanori lanaren parte bat erakusteko aukera izan zenuen?

Nahi baino gutxiago. Bi atal eginak nituen, eta storyboard-a osorik bidali nion. Hori da lan honen inguruan izan dudan pena bakarra. Galeanok liburua irakurri ez izana.

Dalton bera bizpahiru orritan agertzen da, baina bere presentzia liburu osoan dago.

Bai, bai, agerikoa da bere figura liburu osoan. Roqueren umorea dago liburuan, edo hala izan zedin nahi izan dut nik. Ez dakit lortu dudan, baina uste dut badagoela Roqueren espiritu borrokalari eta era berean zirtolaria. Ziur aski, bat egiten dudalako bere umorearekin.

El Salvadorren ere egon zara. Han ezaguna da Marmol?

Belaunaldiaren arabera. Militantzia politikoan ibili direnek oso ondo ezagutzen dute, eta gerran aritu ziren gehienek ere bai. Baina gazteek oso gutxi. Sonsonateko unibertsitatean eman genuen hitzaldi bat 200 lagunen aurrean, eta galdetu genien ea ezagutzen zuten. Inork ez zuen ezagutzen.

Transmisioak huts egin du, orduan?

Bai, Museo de la Palabra y la Imagen ari da El Salvadorren memoria jaso eta zabaltzen, baina ez da gobernu erakunde bat. Gobernuak ez du lan hori egiten. Ikasleei galdetu nien ea komikiak irakurtzen zituzten, eta ea Batman ezagutzen zuten. Baietz haiek. Eta esan nien Miguel dela haien Batman, haien superheroia: hilezkorra, nekaezina eta guztiahalduna!

Zenbateraino birsortu duzu Miguel Marmolen bizitza?

Hau lan literario bat da, ez lan historiografiko bat. Baina egia da fikzio gutxi dagoela, ia batere ez. Gertakari nagusiak errealitateari lotuta daude; noski, alde literarioa nabarmenduta.

Dokumentatu beharra obsesio bilakatu zaizu?

Bai, bai! Hau [komikiko irudi bat seinalatuz] ez da edozein tren makina. Bide hori egiten zuen tren makina da! Inork ez dio erreparatuko, baina berdin zait! El Salvadortik 8.000 kilometrora egonda, segurtasun falta ikaragarria daukazu. Eta hori orekatzeko tresna bakarra lana izan da. Datuak ondo ematea oso inportantea da, baina obsesiboa bilakatu zait: armadaren logotipoak, jeep-ak, hegazkinak... Bi funtzio ditu dokumentazioak: ni sarraraztea kontatu nahi dudan istorioan, eta nire parakaidismoa konpentsatzea.

Errealitateari fidel izate horrek mugatzen dizu irudimena?

Hala beharko luke, baina Miguelitoren kasuan kontrakoa da! Niri ez litzaizkidake bururatuko berari gertatutakoak! Alderantziz. Gauza batzuk leundu egin ditut sinesgarri bihurtzeko.

Jaiotzak kontatuz kontatu nahi izan duzu haren istorioa...

Ideia polita iruditu zitzaidan, oso ondo adierazten baitu pertsonaia bera. Jaiotza, erdi-heriotza edo berpizte horiek ardatz bilakatuz gero, mezu bat bidaltzen duzu izenburutik. Horrek, jakina, egitura bat izatera eraman nau, eta jaiotzen inguruan gertatzen dira gertatzen direnak. Ondorioz, bere bizitzako pasarte batzuk ezin izan ditut sartu. Esaterako, iraultza komunista ezagutzeko SESBera egin zuen bidaia. Horrek beste komiki baterako ematen du!

Nahiz eta asko ia ez agertu, hamarnaka pertsonaia landu dituzu. Garrantzi handia eman diozu haien karakterizazioari?

Nahiz eta protagonista garbi bat egon, beti merezi du inguruko pertsonaiak ere ondo lantzea. Eman behar zaie behar duten denbora. Feliciano Ama irudikatzea, adibidez, hunkigarria izan da, azken batean, indigena guztien borroka irudikatzen nuelako pertsonaia horrekin. Merezi du bigarren mailako pertsona horien inguruan logikak esango lukeena baino denbora gehiago ematea. Bi binetatan agertuko dela bakarrik? Berdin da. Landu pertsonaia, emaiozu denbora eta nortasuna. Hor dira, bineta bakarrean, Guillermo Escalon eta Manuel Sorto zinemagileak. Asko lagundu didate, eta, gainera, ezagutu eta filmatu egin zuten Marmol. Agertu behar zuten.

Proiektu kolektibo gisa ikusten duzu liburua?

Erabat. Nik marraztu dut, idatzi dut gidoia eta hartu dut lan handi bat. Baina hemen jende askoren lana dago. Begi bistakoena, Daltonena eta Galeanorena. Baina bada El Salvadorko memoria historikoa jaso duten askoren ekarpena ere.

Paisaiak marraztean detaile handiarekin aritu zara. Pertsonaiak, berriz, errealismoaren eta karikaturaren artean mugitzen dira. Zeren arabera erabaki duzu?

Utzi diot inspirazioari... Gorputzak esaten zidanaren arabera jokatu du. Farabundo Marti, adibidez, ez nuen karikaturizatua ikusten. Zergatik? Bada, ez dakit. Aldiz, Maximiliano Hernandez Martinezek eskatzen zidan karikatura... Edo Marmolen amonak... Agian, haurrak garenean karikaturizatuago ikusten dugulako mundua.

Hamaika aldiz hiltzeko zorian egon arren, Marmolen heriotza ez duzu sartu liburuan. Zuretzat bizirik dagoen seinale?

Miguelito ez da hil. Niretzat mito bat da. Ez dakit El Salvadorren zenbatek aitortuko dioten izaera hori, baina Miguelito eta heriotza ez datoz bat. Hemen gelditzeko etorri zen mundura.

Gazteleraz idatzi duzu komikia, eta Koldo Izagirrek egin du euskarazko itzulpena. Baina zuk esan duzu euskarazkoa ere jatorrizko bertsioa dela. Zergatik?

Hizkuntza oso garrantzitsua zen liburu honetan; batetik, Daltonen eta Galeanoren testuak daudelako, eta, bestetik, El Salvadorko hizkera jaso dugulako. Hizkuntzak distira berezia du, eta euskarazko bertsioan ez nuen nahi itzulpen estandar eta gozaturik. Behar nuen bertsio bat, ez itzulpen bat. Eta Koldok lan zoragarria egin du; azken batean, jatorrizko bertsio bat da.

Liburuak itxaropena transmititzen du, oro har. Utopiak beharrezkoak dira?

Nik uste dut baietz. Berdin du zenbat porrot jasaten dugun. Lepoan hartu, eta segi aurrera! Hori da Miguelito. Eta langileen borrokak zerbait behar badu, indarra eta energia behar ditu, ez sakrifizioa eta tristura. Hori da Miguelitoren mezua. Hori da Lucio Urtubiaren mezua. Borroka egiten da irabazteko. Ez dugula irabazi? Bada, segitu saiatzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna