Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Oporretan orpoz orpo

2014ko irailaren 11
00:00
Entzun
Joan den asteko zutabean, Bretainia aldean ibili dela jakinarazi zigun Miren Agur Meabek. Han topatutako idazleen eta pertsonaien aztarrenak hizpidera ekarri ostean, galdera batekin amaitu zuen bere kronika: «Eta zuek, izan duzue antzekorik orpo jarraika?». Ezin ukatuko dut galdera horrek asaldura eta egonezina eragin zidala, beharbada nire oporraldiaren akaberan irakurri nuelako, eta beharbada, pantaila aurrean, Esauirako kafe batean harrapatu ninduelako. Hala bada, amaitua nuen kafearen kikarako hondarretan nire etorkizun hurbilari igarri ezinik, begirada jaso, eta niregandik bereizterik ez zegoen androide bat agertu zitzaidan berriro ere, izatera iritsia naizen ni ez bezalako mamu balizko bat, zeharka iradokitzen zidana oraindik ere nor eta zer izan naitekeen (distantziak ere badu dohain hori).

Betidanik izan zait erakargarria urtea bi bizitokitan igarotzen eta banatzen duten artisten bizimoldea, hala nola Juan Goytisolorena, Paris eta Marrakex artean, edota Miquel Barcelorena, Mallorca eta Mali artean. Ez dakit, Julio Llamazaresek dioen bezala, ilunabarra ote den Iparra eta Hegoa bereizten duen ezaugarri behinena —ilargia, koloreak ere aipatu izan dituzte—; dakidana da bi sortzaile hauen lana, trazu lodia erabilirik, desberdina dela (halakoxe zerbait pizten dit Zumetak, eta ezin uka Barceloren Cuadernos de África lan piktorikoak beti ekarri izan didala gogora euskal pintorearen Mendebal Afrika bidai bloka, biak ere ezin ederragoak). Horrexegatik, ez dakit, benetan, zerk bultzatzen ninduen Esauirara etorri aurretik, Marrakexeko etxe saltegi ziztrinetan edo riad apainetan sartzera prezioak galdetzera: apartamendu bat, gela bat… Agian orpo jarraika izan dudan balizko ni horrek hartaratzen ninduen; nire bizimolde burges, akitu eta agortua utzi, eta agian bestelakoetara egiten zidan bultza.

Alabaina, Tahar Ben Jelloun edo Abdela Taia bezalako idazleek kontrako bidea egin zuten. Frantziara abiatu ziren, frantsesa hautatu zuten bitarteko. Zentzu honetan, ziur nago Gasteizko alkateak ez dituela Esauirako gotorlekuan urrutira minez egoten diren gazteak ikusi; ziur nago Marotok ez duela irakurri lehenengoaren Partir nobelan kontatzen den Malikaren ametsa: «Hirugarren zenbakiko ametsean Gibraltarreko itsasartea zeharkatzen duen tren bat agertzen zen. Berak turismo aldizkari batean ikusi bezala, zubi miresgarri batek lotzen ditu Tarifa eta Tanger. Ibilbideak hogei minutu irauten du. Malika lehen bagoian eseria dago eta erne dago bidaldiaren xehetasun bakoitzarekiko. Espainiako kostaldera iritsitakoan, bidaiariek harrera talde bat dute zain, eta eskubeteka loreak, datilak eta esnea eskaintzen dizkiete. Malikak, gozozale amorratua izaki, hiru hartu, eta tximistaren pare irentsi ditu». Abdela Taiak ere ezin hobeki jaso izan du etorkinen porrot europarra, urruneko intxaurren ameskeria, batik bat Salbazioko armada nobelan. Ongi gogoan dut lan hori Gerardo Markuletak gaztelaniara eta neronek euskarara itzuli genuela, eta aurkezpenaren ondotik, egilea eskubideen zati handi bat familiari igortzera joan zela; ongi gogoan dut, besteak beste, niri eskatu zidalako postetxera laguntzeko.

Bai, orain ohartzen naiz ni izan naitekeen hori oroitarazten didan mamua Marokon lurreratu bezain laster orpo jarraika izan dudala, eta hori bera dela Esauirako kafe honetan oraintxe alboan eseri zaidana. Deseroso samar, esan diot: «Ba al dakik Europara nekez iritsitako bat baino gehiago atzera Afrikara itzultzen hasia dela?». Eta hara non androideak erantzun egin didan: «Hi heu bezala, hortaz. Gogoratu Galeanoren esana, hau da, denok ala denok ere Afrikan dugula jatorria, afrikar etorkinak garela». Zerbait gaineratzekotan egon naiz, baina mamua, lanparako jeinua bezala, inpentsan desagertu zait. Eta bitxia da, ez dakit: agian etxaurre zuri-urdin hauek urreztatzera datorren ilunabarra da, edo Marokon etzanago ageri den ilargia, edo opor egunotan aingura izan dudan Sarriren Moroak gara behelaino artean? liburua; ez dakit, agian nire androideak zabaldu dizkidan bizimolde eta aukera berriak dira; kontua da oraingoz Euskal Herrira ez itzultzea erabaki dudala. «Bai, beste kafe bat. Sukran».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.