Danele Sarriugarte.
HIRUDIA

Tragediarena

2016ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Antzekoak irakurri nizkien hiru idazleri denbora-tarte laburrean: soilik tristuran eta draman errepresentatzen zituztela, sekula ez pozean, ezta eguneroko zeregin arruntetan ere.

Chimamanda Ngozie Adichie nigeriarrari, lehenik, estereotipoen arriskuaz ari: «19 urte nituela, AEBetara joan nintzen, ikastera. Nire pisukide estatubatuarra aho bete hortz zegoen. Galdetu zidan ea nola ikasi nuen horren ondo ingelesa eta, Nigeriako hizkuntza ofiziala zela esan nionean, erabat nahastuta gelditu zen. Galdetu zidan ea nire musika tribala entzuterik zeukan eta, ondorioz, nahiko atsekabetu zen Mariah Careyren kasetea jarri nuenean. Uste zuen ez nekiela sukaldeko sua erabiltzen. Honexek harritu ninduen: nitaz errukitu zela, ni benetan ezagutu aurretik ere. Afrikarra nintzenez, nagusitasuna eta asmo onezko errukia izan zituen estreinako jarrera. Nire pisukideak Afrikari buruzko istorio bakarra ezagutzen zuen: hondamendiarena. Istorio bakar horretan ezinezkoa zen, erabat, afrikarrek bere antzik izatea, ezinezkoa errukia baino sentipen konplexuagorik sentitzea gure aldera, ezinezkoa pertsonen arteko harremanik egotea bion artean».

Binyavanga Wainaina keniarrari hurrengo, afrikarra izan gabe Afrikari buruz idazteko aholku-sorta zorrotzean: «Gai tabuak: egoera domestiko arruntak, afrikarren arteko maitasuna (heriotzarik ez badago), idazle edo pentsalari afrikarren aipuak, eskolara doazen umeak eta ez dutenak ez pian gaixotasunik, ez ebola sukarrik, ez sexu-organo mutilaturik. (...) Liburuan zehar pintzelada zabalak sartzea ona da. Pertsonaia afrikarrak ez daitezela agertu barre egiten, edo seme-alabak hezten saiatzen, edo besterik gabe baldintza mundutarretan aurrera egiten. (...) Pertsonaia afrikarrek koloretsuak, exotikoak eta bizitza baino handiagoak izan behar dute, baina barrutik hutsik egon: elkarrizketarik gabe, bere istorioetan gatazkarik edo konponbiderik gabe, kausa nahastu dezakeen sakontasunik edo xehetasunik gabe».

Susana Thenon argentinarrari, azkenik, antologiagileen irizpide apetatsuen bueltan, Iñigo Aranbarriren euskaran: «Zu zara / Susana Etabarra / poeta handia? / urte askotarako / Petrona Smith-Jones dut izena / irakasle laguntzaile naiz / Poughkeepsieko unibertsitatean / eta Argentinan nabil / Putifar Comisionek beka emanda / antologia bat egiteko / garapen bidean diren idazleena / garatuena eta menopausikoena / gauza jakina den arren Argentinan / idatzi zuten eta idatziko duten guztiak / hor direla 60ko belaunaldian / baita haurtzaindegian direnak ere / eta eta eta nola ez geriatrikoan direnak / baina benetan ardura duena / zure poesiatik eta inguruetatik / lanbide hori da —aaaa nola esaten da?— / irudibide eta indizibide hori / zer deritzozu ikonoari? / emakume guztiek darabilte ala / edo matxismo kontua ere bada / ze zuk ondo dakizu benetan / nik nahi dudana ez da idatz dezatela / baizik eta feministak izan daitezela / eta ahal bada alkoholikoak / eta ahal bada anorexikoak / eta ahal bada bortxatuak / eta ahal bada lesbianak / eta ahal bada oso oso dohakabeak / antologia demokratikoa da / baina mesedez ez iezadazu ekarri / ez osasuntsurik ez independenterik».

Halabeharrezko tragediaz gainera, sakonago joanda, kanpo-begiradaren auziak lotzen ditu hiru pasarteak, hiru autoreak: norberak azaldu baino, besteek zehazten baitute nolakoa behar duzun izan, nolakoa behar lukeen izan norbera lako norbaitek. Kanpotik eraikitzen zaituzte, alegia. Adichiek kontatua da, adibidez, bere eleberriko pertsonaiak ez zirela egiazki afrikarrak leporatu ziotela behin, nork eta unibertsitateko irakasle batek, estatubatuarra bera.

Kanpo-begirada, jakina, ez da edozein begirada; boteretsua behar du izan, ozen gailentzeko. Hiru testuen arteko beste puntu komun bat: inperio zahar, berri eta betikoek ezartzen dutela zer diren afrikarrak, zer diren emakumeak (dohakabeak, gizon zuriek salbatu beharrekoak). Are, haiek ezartzen dutela badela afrikarrik, badela emakumerik.

Kanpo-begirada, jakina, ez da edozein begirada, eta baditu bere zapalkuntza-tresnak: gehiegi erakusten ditu zenbait gauza; beste batzuk, ordea, isilpera kondenatu.

Letren oihartzunak belarrietan, badatoz galderak. Hitz egin ote daiteke bestearen izenean? Oihukatu ote dezake norberak bestearen ahotsa? Halako erokeria ote litzateke besteak azaltzen duena aditzea, eta ez besterik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.