Danele Sarriugarte.
HIRUDIA

Urte berrirako gurariak

2016ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
1.- Liburuzainarekin topatu eta hark esan izugarri handitu dela nobedadeak irakurtzeko grina, lehen sarriago etortzen zitzaiola jendea zerrenda eskuan, hau eta beste hura irakurri nahian, orain, ordea, nabarmenagoa dela beste joera hori, iritsi berrien apalategiak piztea jakin-mina, aurrez ezer pentsatu gabe zoazenean ikusgarriena zaizun eran erakargarri (zuei ere gertatuko zitzaizuen, liburutegian ez bada supermerkatuan, zer behar duzun aurreikusi gabe joan, eta goseak akabatzen, gainera: ateratzen zarenerako, kutixiz lepo daukazu saskia, eta gorriki behar zenuen komuneko paperik ez).

2.- Gogotik irakurtzen dutenekin liburuei buruzkoak komentatzen hasi eta haiek orotarikoak azaldu: ez dutela letzen itzulpenik (euskarazkoak, noski, horiek bakarrik baitira itzulpen), edo poesiarik, edo saiakerarik, edo komikirik, edo ipuinik, edo zuzenean ez dutela letzen euskaraz. (Horiek, hala ere, hautu—esan diezaiegun— kontzienteak dira, harrotzekotzat jo ez baina behintzat ezagutzen eta aitortzen ditugun mania pertsonalak. Aldez aurretik galbahea estutua dago bestela ere, gugana iristerako, eta inkontzienteki irakurtzen ditugu batarenak besterenak baino gehiago, hizkuntza batekoak besteetakoak baino gehiago, gai batzuei buruzkoak maizago).

3.- Googleri galdetu eta hark bi erantzun intereseko eman: 2012aren hondarrean, Lilit Marcusek erabaki zuen emakumeek idatzitako liburuak baizik ez zituela irakurriko urte berrian; Sunili Govinnagek, berriz, hogeita bost eleberri irakurri zituen 2014an, eta ez ausaz aukeratuak. Aurreko urtean erronka jo zion bere buruari: baietz jende ez-zuriak idatzitako lanak baino ez eraman mesanotxera! Biek ere, kasuan kasuko urtea pasatuta, esperimentuari esker ikasitakoei buruz idatzi zuten.

Eta bat etorri: poztu ziren hautuaz. Nahiz eta, hasieran batean, lagun zein etsaiek leporatu beren aukerak murrizten ari zirela, zentzurik gabe, guztiz kontrakoa uste dute hala Marcusek nola Govinnagek.

Marcus: «Zerrenda horren ondorioz, besteak beste, munduari begiratzeko neukan modua aldatu zen, oso modu sotilean. Hasieran, poliki gertatu zen, baina hainbat emakumeren ikusmoldeetara hurbildu ostean, arreta handiagoa ipintzen hasi nintzaien nire inguruko andreen bizitzei (...). Eta zenbat eta gehiago ohartu gure inguruko bidegabekeria txikiez eta eguneroko tragedia ñimiñoez, orduan eta pertsona hobeak gara. Emakumeen ahotsak irakurtzen nituenez, ozenago aditzen nituen haiek nire egunerokoan. Gure kulturan gero eta gehiago hauspotzen da emakumeek ere hitz egitea, baina oraindik ez dugu aski egiten haiek diotena aditzeko».

Govinnage: «Irakurtzen nuena kontzienteki hautatuta, ez nuen nire burua mugatu, baizik eta hainbat liburu ezagutu, osterantzean inolaz ere ezagutuko ez nituzkeenak (...) Iruditzen zait erabaki honi esker konturatu nintzela benetan zer zuria zen nire irakurketen mundua (...) Mantso baina seguru, mundua ohartzen ari da ezen arteetako eta entretenimendu-industriako 'meritokrazia' fikziozkoa dela, Westeros bezain fikziozkoa [Tronuen dema sagako kokalekuren bat ei da Westeros, Googleri galdetu diot hori ere]. Hala ere, argitalpen-munduari datxezkion aurreiritziak egiazkoak dira (...) Pozten naiz, zinez, gai izan naizelako neure irakur-zerrenda zabaltzeko, iazko hautu arretatsuak direla medio. Beren zeruertz literarioak zabaltze aldera halako ahalegina egiten dutenek neuk bezain sorpresa atseginak hartuko dituztelakoan nago».

4.- Niri ere sarri esaten dit, ipuinik letzen ez zuela noizbait aitortu zidan irakurle horrexek berorrek, ez zuela sekula pentsatuko, baina, alajaina, otsaileko saiorako programatu nuela halako eta halako, eta azkenean, engantxatu egin dela, gustatu ere gustatu zaiola, aizu.

5.- Amaitzeko, azken-puntua; aurreikusgarria honezkero. Erronka bat: buruz bada ere errepasa dezazuela zer liburu irakurri duzuen azken urtean, azken bi urtean, azken hilabeteotan. Zerrendatzea eta sailkatzea liburu horiek denak, hainbat irizpideren arabera: idazleen generoa, liburuena, jatorrizko hizkuntza, argitalpen-data, nahi duzuena. Ohartzea. Pentsatzea zer hutsuneri deritzozuen bereziki ageriko, bereziki mingarri. Osatzea kontra-zerrenda bat. (Neuk, nobela gutxiago, puskaz gutxiago; neuk, argitalpen berririk ez, harik eta besaulki ondoan pilatu dudan aspalditik-irakurri-nahi-ditudanen-sortatxoa amaitu arte). Bi mila eta hemezortzian izango dugu elkarren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.