Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Idazleon filologo-senaz

2017ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Nahiko zabalduta dagoen topiko baten arabera, euskal idazle gehienok arduratuago gaude gure testuen zuzentasun, egokitasun eta aberastasun gramatikalaz, idazten dugunaren funtsaz eta mamiaz baino, eta hizkera jasoegia erabiltzen dugu gure testuetan. Topiko horren arabera, karikatura zilegi bada, euskal idazle gehienok DBH telesail zinez gomendagarriko Hasier irakaslearen antzekoak gara, hots, Mikel Martinez aktorea telesail horretan agertzen den bezalakoak (larunbat arratsaldeetan errepikatzen ari dira DBH ETB1en, Sautrela-ren eta Bigarren B mailako futbol partidaren arteko tartea betetzeko).

Niri ez zait inondik ere errealitatearen isla iruditzen topiko hori. Kasu bakanen bat edo beste aurkitu ahal izango da, bila hasiz gero, baina, gaur egun behintzat, euskal idazlea ez da kezka filologikoak itota bizi, ezta hurrik eman ere. Itzultzaile lanetan nabil azken hilabeteetan, eta ziurtasun osoz esan dezaket itzultzaileak askoz ere jakintsuagoak eta trebeagoak direla, oro har, eta puskaz zorrotzagoak, hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran, idazleak baino. Itzultzaile gisa lan eginez egokitu zaizkidan zuzentzaileen eskuetan, gorriz ia guztiz estaltzeraino zipriztinduta geratuko lirateke gaur egungo euskal literaturako testu asko, goi mailako idazle kanonikoenak barne. Euskal idazleok gaizki idazten dugula esatea zilegi iruditzen zait, gure hizkera pobrea eta indarrik gabekoa dela esatea ere bai; jasoegia dela, ez.

Egia zuzena izan gabe, oinarri erreal bat izaten dute, ordea, topikoek, ez dira hutsetik sortzen; eta euskal idazleon filologo-sen gehiegizkoarenak ez du zertan salbuespena izan. Barkatuko didazue berriro ere hitz hau erabiltzea, baina analfabetismoa dago, nire ustez, topiko horri lotutako okerreko iritziaren oinarrian: euskaldun gehienok nahiko ondo alfabetatuta gaude erdaraz, batzuk gaztelaniaz, besteak frantsesez, oso gutxi bietan; baina euskarazko batez besteko alfabetizazio maila oso baxua da, eta, euskararen egoerari buruzko aurreikuspen poziktibo guztiak gorabehera, ez du gora egiteko inolako itxurarik gerora begira ere. Horregatik, euskarazko liburuari erdarazkoari baino errazagoa izatea eskatzen zaio; zehatzago esanda: erdarazko zein euskarazko liburuei eskatzen zaie, antzeko gisan, errazak izateko, baina erraztasun maila berbera lortzeko erdarazkoak baino maila apalagoa behar du, ezinbestean, euskarazkoak, ondo alfabetatu gabeko irakurlearentzat edozer baita zailtasun eta oztopo. Zilegi da, jakina, hiztegia begiratu beharrik gabe irakurri nahi izatea, logikoa eta ulergarria; baina, bizi garen egoera diglosikoan, euskarazko irakurlearen buruko hiztegia, kanpoko kontsultaren beharrik ez duena, mugatuagoa izaten da erdarazko irakurlearena baino; eta hiztegiarekin gertatzen dena gertatzen da sintaxiarekin eta hizkuntzaren gainerako baliabideekin ere. Zango laburrak ez du sasi askorik behar trabatuta geratzeko. Hortik sortu da, nire ustez, egiatik horren gutxi duen topiko hori, euskal idazle filologo-senak itsutuena.

Arazo literario bat baino gehiago, topiko horrek arazo politiko edo soziopolitiko bat salatzen du, baina politikan eta soziopolitikan ez zaio inolako garrantzirik ematen, ikusi ere egiten ez delako. Irudipena dut Euskal Herriko politikari eta gizarte-eragile gehienek —baita abertzaleek ere, abertzaleek batez ere— uste dutela euskal idazle gehienok, erdarazkoak ez bezala, arduratuago gaudela gure testuen zuzentasun, egokitasun eta aberastasun gramatikalaz, idazten dugunaren funtsaz eta mamiaz baino, eta hizkera jasoegia erabiltzen dugula gure testuetan; DBH telesaileko Hasier bezalakoak garela, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.