HIRUDIA

Idazle engaiatua kontuarrean

Aroztegiko inguruak, Lekarozen, Nafarroan.
Aroztegiko inguruak, Lekarozen, Nafarroan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala - Idazlea

2018ko martxoak 1
Idazle engaiatua taberna bateko kontuarrean dago garai bateko PTVko (Pueblo Trabajador Vascoko) poteadore petoaren itxura betea duen bizar lapatxeko gizon baten ondoan. Deskafeinatu bat hartzen ari da idazlea, patxarana haren laguna.

Neure buruarekin amorratuta nago, guztiz amorratuta.

Perdona, no te entiendo...

Duela hiru aste argitaratu nuen artikuluan esan ez nuen ba gaur egun kritika sozialak ez duela batere eraginik, ez duela ezertarako balio, literaturak, eta sormen artistikoak oro har, ez diolako botere ezarriari, stablishment-ari, sistemari edo dena delakoari batere minik egiten.

Pero habla tranquilo, e, que yo respeto mucho el euskera.

Eta zer da eta justu nik artikulua argitaratu eta berehala sekulako zentsura kasu mordoa izan ez da ba Espainia osoan, Euskal Herria ere zipriztinduta, eta hedabide guztietan gaia pil-pilean... Oihartzun handiko azken kasua, benetan negargarria, Arco azokakoa, badakizu, preso politikoena...

¿Políticos? !Bah...! ¡A la cárcel los metía yo a todos!

Eta ez hori bakarrik. Irakurri al duzu Gorka Bereziartuak Argia aldizkarian Ernesto Prat Urzainkiren Telleria eta gero, zer? nobelaren inguruan sortu den saltsaz idatzi duena? Irakurri beharko zenuke, gomendatzen dizut. Bi eratako nobela beltzen arteko kontrastea iradokitzen du: batetik, agintari eta enpresari batzuen diru- eta botere-goseak herritar askoren —segur asko gehienen— borondatea errespetatu gabe abian jarritako egitasmoak —Lekarozko Aroztegia jauregiko proiektu urbanistikoa, kasu— hauspotu eta horien konplize bihurtzen diren nobela beltzak daude; bestetik, agintari eta enpresari horien ustezko ustelkeria agerian jarri eta salatzen dutenak.

Si es que son una cuadrilla de ladrones, y no tienen ni vergüenza...

Eta ni esaten literaturak eta sormen artistikoak ez dutela dagoeneko inor beldurtzen. Nireari ez, nireari inork ez dio beldurrik, baina Ernesto Prat Urzainkirenari bai, antza denez, eta benetan esaten dizut aitortu behar zaiola meritua, eta inbidia ere ematen didala. Bejondeiola!

Mejor me callo, e, que me pongo de muy mala leche.

Dena den, gaiak nahastuta nauka. Batetik, ikaragarria da azkenaldiko zentsura-uholde doilor eta burugabea, inolako justifikazio etiko eta demokratikorik gabekoa. Baina, bestetik, ez dakit ba, iruditzen zait literaturaren eta sormen artistikoaren adierazpen gehienak, ustez kritiko, apurtzaile, alternatibo, ikonoklasta, errebelde eta iraultzaileenak ere, neutralizatuta dituela aginteak, eta beldurrik gabe laudatu eta saritu ere egin ditzakeela, ez diotelako minik egiten, asko jota azkura pittin bat kasu bakan batzuetan.

No te entiendo ni papa, pero no sé... parece que hablas muy elegante.

Baina bai, duela hiru aste idatzi nuenari buruz zalantzak ditut orain. Zorionez, orain dela hiru asteko artikuluko nire gogoetak fikziozko pertsonaia baten ahoan jarri nituen, ez nituen neure egin zuzenean. Dena den, irakurlea ez da inozoa eta jabetuko da nire noraezaz, nire adimenaren mugez, analisirako dudan ezgaitasun patologikoaz... Zutabe madarikatuak! Zertarako sartzen naiz ni saltsa hauetan?

Oye, ¿no serás un político?

Ez, ez, ez... Bai zera! Ez kuidadorik izan!

Ah, bueno, menos mal... Es que están en cualquier sitio, como las ratas.

Ez didazu ulertuko, eta ulertuz gero ez didazu sinistuko, baina askoz lasaiago nago zurekin hitz egin eta gero... Ez gaizki hartu hau esatea, baina ba al dakizu nor gogorarazi didazun?

Una revolución, eso es lo que hace falta aquí, para que espabilen todos de una puñetera vez.

Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako nobelako berritsua. Trakets eta motz samarragoa ikusten zaitut, dena esan behar baldin bada, baina tira... plazer handi bat izan da zurekin hitz egitea. Mila esker eta hurrengora arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna